Nafarroako artzainen egun berezia

Guaixe 2022ko ira. 1a, 10:35

Ricardo Goikoetxea lehengo erara gazta egin zuen. MIREN ARREGI OLIVENZA

Ohiko formatuan bueltatu zen Artzain Eguna eta Aralar Mendi elkarte antolatzaileak egunaren balorazio positiboa egin zuen. 

Aralar Mendi elkarteak 54. aldiz antolatu du Artzain Eguna antolatu du. Aurreko bi urteetan COVID-19 gaitzak eragindako eragozpenen ondoren, elkartekideek ″indarberriturik eta ilusioz beteta″ heldu zioten aurtengo edizioari; izan ere, ″hondatu gaituen pandemiak sorturiko ondorio anitz eta ugarien ondoren″ artzaintza ″lagundu eta sustatzeko″ ospakizuna bere ohiko formatura bueltatu zen. Eta, horrekin batera, atzera ere, jendetza gerturatu zen Uharte Arakilera igandean. Eta han, besteak beste, gazta ohiko eran egiten ikusi zuten, edo artzainen salmahaietan gazta erosteko aukera izan zuten. Gainera, artisau azoka eta azoka ere izan ziren, artaldea herri erditik pasa zen, Nafarroako arkumea dastatzeko aukera izan zen eta herri bazkaria ere izan zen. 

Julen Arburuak eta Irati Usandizagak Lekarozen egiten duten Infernuko gasnak Nafarroako ardi gazta txapelketa. Hirugarren urtez lortu dute lehen saria Uharte Arakilen. Epaimahaiak dastatu zituen gazten artean, laugarren postua lortu zuten Campionek eta Ganboak Arruazun egiten duten Albi gaztak. Gazta irabazlearen erdiagatik Iruñeko La Cuchara de Martin jatetxeak 4.700 euro ordaindu zituen. 

Goizean beste bi lehiaketa jokatu ziren. Ardimotzaile trebeenaren saria Oronozko Andoni Eslabarendako izan zen. Eta ardiki eltze onena prestatu zuenaren saria Iruñeko Gazteluleku elkarteak irabazi zuen. Etxarri Aranazko Gure Etxea bigarren sailkatu zen, Irañetako Txapel Azpi 4. eta Uharte Arakilgo Aralar Mendi bosgarrena. Bestalde, Latxa ardiaren morfologia txapelketan, ardi heldu arpeltzen mailan, Olatzagutiko Iñaki Agirrek bigarren saria eskuratu zuen. Arratsaldean jokatutako artzain txakurren lehiaketan Antonio Alustizak bere 20. txapela jantzi zuen Ttiki txakurrarekin. Arruazuko Aritz Ganboaren Txistu txakurra hirugarrena izan zen. 

Omenaldiak
Aralar Mendi elkarteak ″ezeren truke Artzain Egunean parte hartzen duen pertsona guztiei aitortza egiteko eginahalak″ egiten ditu.  Horregatik, eguerdian omenaldien txanda izan zen. Lau gizonezko omendu zituzten: Joxe Irastorza Luluaga etxarriarra ″urte askoan artisau erakusketan eta eta ardiki lehiaketan parte hartu″ zuelako omendu zuten, Fulgenzio Oteiza Maixterrena oronoztarrak artisau azokan parte hartu izan zuelako jaso zuen aitortza. Biak hilak daudenez, ″In memoriam″ egin zitzaien omena. 

Bestetik, gazta lehiaketan urtetan epaile izandako Arturo Navallas Revolek eta Miguel Iñigo Noainek egiteko horretan jai hartu dute, adinagatik. Baina Uharte Arakilera joan ziren antolakuntzaren aitortza jasotzera. Azken omendua Benjamin Urdiain sukaldari ziordiarra izan zen. Gazta lehiaketan  hainbat urtez epaile, igandean azkeneko aldia izan zuen zeregin horretan. Egindako lanagatik eta ″lehiaketari izen ona emateagatik″ jaso zuen Aralar Mendi elkartearen aitortza. 

Ardura
Aurtengo edizioak bazuen berezitasuna. Aralar Mendi elkarteko antolakuntzatik azaldu zutenez, ″festa gizarte moduan planetarekin ditugun betebeharrekin kontziente izatearekin dator, gure bizitzan errespetuzko eta jasangarritasun jarrerak hartuz eta aurrera eramanez. Funtsezkoa da gure ingurumenarekin erlazio positiboa izaten lagunduko diguten kontzientzia hartzea eta egunerokotasunean ohitura onak barneratzea, izan ere, bertatik dator gure euskarri eta geroa; etorkizuneko belazeak, biharko artaldea eta geroko belaunaldiek sortuko duten gazta″.

Horregatik, bi neurri hartu zituen antolakuntzak. Batetik, lozazko baxera edo konpostagarria erabiltzea. Bestetik, hainbat edukiontzi jarri zituen egoki errotulatuta, zabor mota bakoitza dagokion lekura joan zedin. Azkenik, Uharte Arakilera joan behar zutenak garraio publikoa erabiltzera edo ibilgailuak partekatzera gonbidatu zituzten. 

Erlazionatuak