Javier Iribertegui eta Anne Biurrun

"Ikasitakoa praktikan jarri dugu Zamartzen"

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Rubio Mendoza 2022ko ira. 8a, 14:00
Anne Biurrun Lorda eta Javier Iribertegi Sola Zamartzen. IÑAKI RUBIO MENDOZA

Landako Campusa programaren bidez, Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiako Artxiboan lanean aritu dira Javier Iribertegui Sola eta Anne Biurrun Lorda ikasleak, Uharte Arakilgo Zamartze monasterioan. 

Despopulazio arriskuan dauden herriak sustatzeko asmoz, udan lan egiteko 12 plaza eskaini ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Espainiako Gobernuarekin egindako hitzarmen baten bidez. 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten Nafarroako hamaika herri hautatu dituzte, Uharte Arakil tarteko, hiru hilabetez bertako elkarte edota enpresatan lanean aritzeko. Javier Iribertegui Solak eta Anne Biurrun Lordak Historia eta Ondarea gradua ikasi dute NUPen, eta, ekimenari esker, Zamartzeko Andre Maria monasterioan aritu dira garagarrila, garila eta agorrilean, Aralarko santutegiaren artxibo historikoa osatzen. Gainera, santutegiaren nondik norakoak ilustratzen dituen gidaliburua egin dute. 

Zergatik erabaki zenuten Landako Campusean parte hartzea? 
Anne Biurrun Lorda. Nire kasuan, ikasketak bukatzearen estutasuna izan zen erantzulea. Lan mundura igaro aurretik praktikak egitea garrantzitsua zen niretako, unibertsitatean ikasitakoarekin ez baita nahikoa izaten; nozioak praktikan jartzea ezinbestekoa da. Konexio berezi bat ere badut Aralarrekin, familiarekin askotan etorri izan bainaiz. Gainera, hainbat proiektu egin ditut Aralarren inguruan, natura ondareari loturikoak gehienak, eta beste diziplina batetik santutegia ikertzea aberasgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan. 

Javier Iribertegui Sola. Modari loturiko enpresa batean nenbilen lanean, baina nire ikasketei loturiko zerbait egin nahi nuen. Unibertsitatean Landako Campusa aurkeztu ziguten, eta bi aldiz pentsatu gabe izena ematea erabaki nuen. Aukera paregabea zen, ikasitakoa praktikan jarriz dirua lortu nezakeelako. Anneren antzera ere santutegiaren inguruko hainbat lan egin nituen ikasketetan zehar, eta interesgarria iruditu zitzaidan bertan aritzea. 

Nolakoa izan zen hautaketa prozesua?
A. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak NUPekin batera beka batzuk atera zituen despopulazioari aurre eginez ikasleak lan munduan murgildu zitezen. Hitzarmena Nafarroako hainbat herritako enpresa eta erakunderekin egin zuten, horien artean Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiarekin. 12 plaza atera zituzten osotara, gizarte zientzietako ikasleei zuzendurikoak erdiak eta zientzietako ikasleei zuzendurikoak gainerakoak.

J. Bi plaza atera zituzten Zamartzen aritzeko, eta bertan izena eman genuen. Kofradiarekin sinatu genuen hitzarmena, hura baita santutegia kudeatzen duen organismoa; beraz, egin dugun lana kofradiarendako izan da. Mikel Garziandia Goñi santutegiko kaperauarekin hitz egin nuen, eta esan zidan nota bidez bakarrik izan nintekeela aukeratua. Ozta-ozta hartu ninduten, baina hala izan da, zorionez.

Zertan datza zuen lana? 
A. Aralarko santutegiaren artxibo historikoa egin dugu. Proiektu berritzailea izan da, tokiak ez baitu inoiz halakorik izan. Mendeetan gorde diren dokumentu eta liburuak bildu ditugu, ondoren informazio hori ordenatu eta sistematizatzeko. Informazio asko dago, ordea, baina ez dirudien bezainbeste. 1932an sute batek hamaika dokumentu kiskali zituen, eta egun dauden gehienak XVIII. mendetik aurrerakoak dira. 

J. Hori gutxi ez, eta gidaliburu bat ere egin dugu bisitariendako, santutegiko kondairak, artea eta bitxikeriak kontatzen dituena. Azken horrek Gorriti Goldaratzena apaizak mende hasieran egin zuena ordezkatuko du. Nobedade gisa, azken urteetan Aralarren eta Zamartzen egin diren indusketak ere jasoko ditu liburuak, hala nola, aurkitu zituzten erromesen hilobien ingurukoak eta erromatar galtzada garrantzitsu batenak. Santutegiko marfilezko kutxatilaren eta esmaltedun erretaularen inguruko informazioa ere agertuko da bertan.

Nola sailkatu duzue informazioa? Zer erreminta erabili dituzue?
J. Lehenik eta behin, dokumentu fisiko zein digital guztiak karpetetan sailkatu ditugu. Ondoren, excel orri batean antolatu ditugu banan-banan, bakoitzari izena eta guk geuk sorturiko kode bat emanez eta artxibo mota zein den eta zein karpetatan aurkitu daitekeen zehaztuz. Hala, kodeturiko informazio hori guztia datu base batean irauli dugu, bilatzaile baten bidez nahierako informazioa erraztasunez bilatu eta aurkitzeko.

A. Datu base batek izugarri errazten du ikertzaileen lana, eta gure proiektuari esker izen bat edo data bat jartzearekin nahikoa litzateke nahi den informazioa aurkitzeko. Santutegiaren inguruetako argazki zahar asko ere sartu ditugu artxiboan. Era horretan, bertakoek aise aurkitu ditzakete beren senideen argazkiak esaterako. Etorkizunean santutegia inguratzen duten herrietan elkarrizketak eta dokumentu bilketa bat egin nahiko genuke. Azken finean, inguruko biztanleek ere osatzen baitute Aralarko santutegiaren memoria. 

Dokumentazioa digitalizatu duzue?
A. Oraingoz ez da gure eskumena. Gainera, ez dugu dokumentazio guztia eskaneatzeko denborarik, bekaldiak hiru hilabete baino ez baitu iraun. Dena den, espero dugu etorkizunean aukera izatea.

J. Hala da. Interesgarria izanen litzateke santutegiko eta ibarreko artxibo digital handi bat sortzea; guk egiten ez badugu ere, espero dut norbaitek egin ahal izatea etorkizun hurbilean. Hala ere, gure helburua da sortutako artxiboa dinamikoa izatea eta bizirik mantentzea, hau da, santutegiari buruzko orotariko informazioa sortzen den heinean, artxiboan gehitzea. Guk lehen pausoa eman dugu artxiboa handitzen joan dadin.

Nola banatu duzue lana zuen artean?
J. Txandaka aritu gara, egunaren arabera. Batak dokumentu bakoitzaren izena eta kodea idatzi ditu excelean eta besteak irakurri eta klasifikatu eta alderantziz. Elkarren artean banatuz eramangarriagoa egin dugu lana, beti berdina egitea gogaikarria izan daitekeelako. Garziandia gure tutorea da, eta egunero etortzen da egindakoa berrikustera eta aholkuak ematera. Zamartzen dauden gainerako langileak ere lagungarriak izan dira. Miguel Angel Sagaseta Ariztegi Etxarri Aranazko apaiza izandakoak eta Javier Aldabek ere asko lagundu digute.

A. Gidaliburuari dagokionez, gure interesen arabera zatitu ditugu eginbeharrak. Nik, esaterako, nahiago ditut alor artistikoari loturikoak, beraz, basilika erromanikoa, objektu historikoak eta abar azaldu ditut, santutegiaren historia oro har. Javierrek bestelako gaiekin osatu du gida. Dena den, egindakoa konpartitu dugu zuzenketak egiteko eta zalantzak argitzeko. Lanak kohesioa izan dezan. 

Behin dokumentazio guztia antolatutakoan, nora eramanen dituzue artxiboak?
A. Lakuntzetxe edo Deierri etxera igoko dituzte, Aralarko santutegira, behin eraikina konpontzen dutenean. Hiru solairu ditu eraikinak, eta bigarrenean egonen da artxiboa. XII. mendean eraiki zuen Parisko Pedro elizgizonak, eta Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiari eman zion gero. Lehen solairua garilaren 3an mustu zuten, eta santutegiko museoa eraiki dute bertan. Hirugarren solairuan kofradeek bilerak egiteko aretoa egonen da. 

J. Artxiboa egonen den espazioa bukatutakoan, karpeta guztiak kutxetan sartuko ditugu eta gora eramanen dituzte. Bertan sailkaturiko dokumentazio guztia apaletan joanen da, hainbat irizpideren arabera. Jende guztiarendako izatea nahi dugu, bertara joan eta edozein dokumentu kontsultatu ahal izateko. Badira, ordea, zaurgarriak diren dokumentuak, eta horiek eskatzeko identifikazio konkretu bat beharko da. Izan ere, hezetasun handia dago Zamartzen, eta dokumentu asko egoera kaskarrean daude. Zaharberritzaile bat arduratuko da artxibo horiek kudeatzeaz. Halaber, ikasketa gela bat egonen da Deierriko artxiboan, nahi duenak dokumentuak han bertan aztertzeko. Ordenagailuak, entxufeak, mahaiak… liburutegi baten antzekoa izanen da. 

Zein da Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiaren funtzioa?
J. Aralarko santutegiaren alde eta hura dinamizatzearen alde egiten du kofradiak. XI. mendean sortu zuen Pedro de Roda Iruñeko apezpikuak, eta gaur egunera arte iraun du. XII. mendean, Parisko Pedrok Deierri eraikina egin eta santutegia konpondu zuen. Orduan sortu zituzten kofradiaren lehen estatutuak, eta 40.000 kofrade inguru izatera iritsi bazen ere, egun 1.400 bat besterik ez ditu. 

A. Antzina ere aingeruaren anaien etxeak kudeatzen zituen kofradiak. Etxe horiek aingerua gordetzen zuen apaizari ostatu ematen zioten, aingeruaren irudia herriz herri eramaten zutenean. Nafarroako ibar guztiek dute edo izan dute horrelako bat.

Zer paper jokatzen du Zamartzek Aralarko santutegian?
A. Zamartzeko Andre Maria monasterioa Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak kudeatzen du, beraz, Aralarko santutegiaren parte da. Areago, Zamartzeko monasterioa eraiki zuten lehenago, 1140. urtean. Maiz gutxietsi egiten du jendeak Aralarko santutegiaren arteko konparaketan, eta gure lana ere horretan datza hein batean, Zamartze mapan kokatu eta bere balioa azpimarratzea. Monasterioko atea, esaterako, ondare historikoa da; egileak Santiago de Compostelako ate famatua egin zuen, baita Iruñeko katedraleko ate originala ere, egun existitzen ez bada ere. Nik, hain zuzen ere, ez nuen Zamartze ezagutzen eta hamaika aldiz izan naiz Aralarren. Ikusgarritasun handiagoa eman behar diogu.

Nolakoa da lanegun bat Zamartzen?
J. Hiru hilabeteetan monasterioan egon naiz bizitzen, Uharte Iruñekoa bainaiz, beraz, nire kasuan lanaz aparte egunerokotasunaren parte diren gauzak egin izan ditut. Goizeko hamarretan hasten ginen lanean eta 12:00an etenaldi bat egin, angelusa errezatzen baitzuten ordu horretan, eta, jarraian, lanari ekiten genion 14:00ak arte. Ondoren, 15:00tik 18:00ra egoten ginen artxiboan. 

A. Lanaldia bukatutakoan Arostegira (Nafarroa) bueltatu naiz, etxera. Hurbil dagoenez joan-etorrian ibili naiz egunero. Noiz edo noiz Javierri konpainia egiten ere gelditu naiz (barrez). Egia esan, nahiko arinak izan dira lanegunak, batez ere lana bion artean txandakatu dugulako. 

Baliagarria izan da esperientzia hau? 
J. Oso aberasgarria izan da. Beka bat da, eta curriculumerako oso aproposa. Gainera, oso kontent daude egin dugun lanarekin. Datorren ikasturtean eginen dut Gradu Amaierako Lana, eta Aralarko santutegiaren edota Zamartzeko monasterioaren inguruan egin nahiko nuke. Artxibozain gisa esperientzia hartzeko baliagarria izan da ere. Azken finean, guk geuk egindako artxibo bat egongo da santutegian, eta horrek harrotasun handia ematen digu. Polita izanen litzateke kofradiarekin harremanetan jarraitzea.

A. Oso kontent nago. 20 urterekin halako lan handia egitea harro egoteko modukoa da. Artxibo bat, gidaliburu bat… pozgarria da. Abagune paregabea izan da gure formazioa garatzeko. Soldata bat jasotzea ere mundiala da, nahiz eta ordaindu gabekoa izanen balitz ere pozik hartuko genukeen. Beste hainbat beka eskaini zizkiguten, baina gehienak turismoan jarduteko ziren, eta nik ikasitakoa praktikan jarri nahi nuen. Zamartzen historia ukitu dut nire eskuekin. Monasterioko jendea ere paregabea da. Primeran tratatu gaituzte, eta asko irakatsi digute. Oso esker oneko gaude.