Hegoaldeko herri sarrera trenbide azpitik pasatzen da. Trenbide azpiegituren mantentzeaz arduratzen den Adif enpresak azpiko trenbide pasa konpondu eta garbitzea nahi du. Berak kontratatutako langileak hilaren 12an, astelehenarekin, hasi ziren lanean. Trenbide zubiaren azpian dauden sasiak palarekin kentzen hasi ziren. Hilaren 14an, asteazkenarekin, zubiaren harrizko paretak ura eta harea presiorekin botaz garbitzen hasi ziren. "Udalean uste genuen garbiketa soil bat zela. Baina palarekin eta beste ikusi genituenean, eremu publikoa okupatzen zutela, gelditzea eskatu genien", azaldu du Txomin Uharte Baleztena alkateak. Irailaren 15ean, ostegunean, izan zen hori. "Edozein uhartearri bezala, udaletxean obra baimena eskatzea eta lanen memoria teknikoa aurkeztea eskatu genien. Eta hala badagokio, zerga ordaintzeko. Adifeko ordezkariek hurrengo egunean aurkeztu zuten. Alde horretatik, Adifek oso jarrera ona izan du", azaldu du alkateak. Enpresak aurkeztutako agiriak udal arkitektoak aztertuko ditu eta hark oniritza eman edo egoki ikusten dituen oharrak egin ondoren, lanei berrekinen diete.
Uharte Arakil sarrerako zubian garbiketa eta mantentze lanak egin nahi ditu Adifek, honakoak: landareak eskuz kendu paramentu bertikaletatik eta zubiaren eraikuntza osotik; sasitza kentzea eta inguruko eremuaren azaleko garbitzea; azaleren garbitzea eta prestatzea; metalezko elementuak margotzea; eraikuntzan edozein motako konponketa edo junturak berdintzea; metalezko baranda jartzea; trabesei eta errailei eusten dien harri pila, balastroa, gordetzeko metalezko parrilla jarri; habe eta zutabeetan dauden zuloak konpondu eta urak kanporatzeko horman zuloa egitea. Lanek 76.000 euroko aurrekontua dute eta hura despeditzeko langileek hiru hilabete dituzte.
Harresia
Jakina da Erdi Aroan harresitutako herria zela Uharte Arakil. Herritarren artean gauza jakina da hori. Eta haien susmoa da trenbideko zubia egiteko garai bateko harresiko harriak erabili zituztela. "Alde horretatik, balio sentimental bat du zubiak" aitortu du Uhartek, "baina ez udalak ez Nafarroako Gobernuak ez dugu hura babesteko katalogatuta". Alkatea foru administrazioko arkeologia saileko ondare ataleko arduradunekin harremanetan jarri zen zubiak izan zezakeen balioa jakiteko. Adierazi ziotenez, "posible da harresiko harriak berrerabili izana. Baina haien itxura trenbidea egin zen garaikoa da, XIX. mendekoa. Hasiera batean zubiaren habeak metalezkoak ziren eta, ondoren, porlanezkoengatik ordezkatu zituzten".
Alkatearen arabera, gobernuko teknikariendako "zubiak ez du baliorik eta aurreikusitako lanak arazorik gabe egin daitezke". Uhartek nabarmendu duenez, "egiten hasi diren lanak ez dira ohiko mantentzearenak. Horiek zubiari on eginen diote, egitura hobetzeko lanak baitira. Burdinezko egitura agerian, oxidoa sartu eta egituran arazoak sor litzake. Saneatu beharra dago".
Uharte Arakilen Historia laburra
- XI. mendea Uharte Arakilen lehen aipamenak.
- 1355-11-10 Luis infanteak Uharte Arakilen elkartu zituen Agiregi, Etxabe, Mendikoa, Argidoain, Blastegi, Ilardia eta Epeloa herrietako biztanleak. Herriak uzteko eta Uharte Arakilera bizitzera joateko agindu zien. Ondorengo egunetan erabaki zen nola eraiki behar ziren etxeak. Lanek, zailtasunekin, aurrera egin zuten jendeak nahiago zituelako beraien aurreko herriak eta haietara bueltatzen ziren.
- 1359 Amurgin, Muztillano, Urzegi, eta Gatizanokoak batuko ziren. Herria gotortuz gipuzkoarren eta lapurren erasoez hobe babestea zen asmoa.
- 1401 Harrizko harresia eraikitzen hasi ziren.
- 1428-30 Gaztelako tropek herria inguratu zuten, baina harresiagatik onik atera zen.
- 1432 Erregeak Uharteko defentsak konpondu eta gotortzea agindu zuen.
- 1461 Herria Gaztelako tropei aurre egin zien.
- 1512 ondoren Gaztelar konkistatzaileek Uharte gotortu zuten.