Nafarroako Adano elkarteak minbizia duten haurrei eta haien senitartekoei laguntza ordainezina eskaintzen die: hasteko eta behin laguntza psikologikoa, soziala eta baita ekonomikoa ere, eta horrekin batera bestelako babesa: hezkuntzan laguntza, laguntza juridikoa, aisialdirako ekitaldiak, ekinoterapia, entitate ezberdinekin koordinazioa eta beharrezkoa duten informazio guztia. Haur batek halako gaixotasun larria duela onartzea eta gaitzari aurre egitea oso gogorra izaten da familiendako, eta bide malkartsu horretan Adano bezalako elkartea alboan izatea, beharrezko laguntza emateko prest, handia da.
Haurrendako ekitaldiak, 10:00etatik aurrera
Horregatik larunbat goizean Uharte Arakilen Adanoren aldeko kirol erronka antolatzea erabaki du kirolari talde batek, elkartearen aldeko diru bilketa egiteko. Sakanako familiek ere egoera hauek bizi dituztelako eta elkarte hauetako kideak direlako. Horrela, kirol desafio polita antolatu dute, eta goiz osoko festa. Larunbatean 10:00etan hasiko da ekitaldia, Uharte Arakilgo plazan. Adanok postua jarriko du, eta haurrendako denetariko ekitaldiak egongo dira: puzgarriak, pailazoak, tattoo-ak, aurpegi margoketa, jokoak, jostailu azoka... Mokadu bat hartu nahi dutenek gazta, txistorra, ardoa eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute. Pintxo solidarioengatik eta bestelakoetatik jasoko den dirua, jakina, Adanorendako izango da.
Desafioa, 11:00ak inguruan
Uharte Arakilen antolatu den kirol erronka bitxia da. Lehenik eta behin, hiru aizkolarik kanako enbor handia erdibitu beharko dute. Iker Gorriti uharte arakildarra, Goizeder Beltza etxarriarra eta Arkaitz Jauregi, Altsasun bizi den La Lezeko arabarra izango dira aizkolariak. Kanak 2,5 metroko zirkunferentzia du, eta lana egiteko 20 minutu pasa beharko dituztela aurreikusten da. Lan gogorra dute, beraz, aurretik. Eta ondoren korrikalariak hasiko dira lanean.
Spiderman ere
Iker Gorritik lana despeditzen duenean Kepa Gordo mendi korrikalariak lekukoa hartu eta Beriaingo bidea hartuko du, aurreko igandean jokatutako Uharte Arakil-Beriain Km Bertikaleko ibilbidetik San Donato ermitara igo, buelta hartu eta Uharte Arakilgo plazako helmugara jotzeko. Goizeder Beltzaren bikotea Amurrioko Abel Fernandez "Spiderman" korrikalaria izango da, Spidermanen jantzia soinean makina bat ekimen solidarioetan parte hartzen duena, eta, bukatzeko, Arkaitz Jauregik ez du bikoterik izango. Kanako enborra moztu bezain pronto, enborretik jaitsi eta bera izango da Beriainera abiatuko dena. Arkaitz Jauregi da lan guztia egingo duen bakarra. Sasoiz ongi omen dabil, eta ekitaldi honetan motibazio berezia du, Adano elkartea oso gertutik ezagutzen duelako. Gainontzekoak ere gogotsu daude, eta, hortaz, lehia ederra espero da.
Zumba, mariatxiak eta beste
Kirolariak Beriainen gora dabiltzanean, bestelako ekitaldiek alaituko dute plaza. Arestian aipatutako ekimenez gain, Arbizuko Dantza taldearen emanaldia izango da eta 12:30ean Zumba solidarioa hasiko da. Behin korrikalariak helmugara iritsita, 13:30ak aldera Duo Mexicoren emanaldia hasiko da eta 14:00etatik aurrera Adanoko kideei aitortza egingo zaie, aurreskua barne, eta boluntarioen dohaintzari esker prestatutako produktu loteak zozketatuko dira. Sakandarrak hurbiltzera animatu dituzte, goiz berezia izango delako.