Fresko eta eguzkitsu. Primerako eguraldiarekin jokatu zen XIII. Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala. Aralar Mendi klubak ezarritako 200 partaideen muga beteta, korrikalariek gogotsu ekin zioten mendi lasterketak dituen 5 km eta 1.023 metroko desnibel positiboa betetzeko erronkari. Binaka atera ziren, 30 segundoko tartearekin, Beriaineko maldatan bildu ziren zaleen txaloak jasotzeko prest. Izan ere, sekulako giroa izan zen ibilbide osoan, azken malda gogorretan bereziki.
Robert, ziztu bizian
Joan zen urteko irabazleak, Mikel Beunza eta Maria Ordoñez, faboritoen artean zeuden. Ordoñez, gainera, probaren errekorra (47:54, Ainhoa Sanz, 2019) gainditzear egon zen iaz, eta aurten helburu horrekin etorriko zela argi zegoen. Baina beti sorpresaren bat egoten dela aipatu zuen Aralar Mendi klubeko Juanjo Goikoetxeak eta aurten ere hala izan zen. Albiko Didier Zago korrikalari handiaren apopiloa den Loic Robert frantziarra izan baitzen probako izarra. Canfrancetik Pirinioak gurutzatu eta beste aldean dagoen Oloron Sainte Marie-ko korrikalaria ziztu bizian atera zen hasieratik, eta bere atzetik abiatu ziren faboritoak, Beunza eta Macias artean, nola erantzungo zuten jakin gabe, zaleek harrituta segitzen zuten bere igoera. Azkenean berak egin zuen denborarik onena (40:21). Alkotzeko Mikel Beunzari minutu pasa atera zion (41:53) eta Ander Amonarriz hernaniarrari hiru minutu pasa (43:27). 2015ean Aitor Osak ezarritako errekorra (39:54) gainditzeko 27 segundora geratu zen Robert, bere sasoia eta martxa ikusita, datorren edizioetara begira planteatu dezakeen helburua. Sakandarrei dagokienez, Aritz Munarriz etxarriarra 14. iritsi zen helmugara, lehen sakandarra (46:44).
Oihana Azkorbebeitia: "Erreferentziarik gabe joan naiz, nirera. Gustura ibili naiz"
Egindakoarekin gustura
Didier Zago Loic Robert bezain kontentu zegoen Uharte Arakilgo plazako sari ematean. Kilometro bertikaletan espezialista hutsa den frantziarrak –Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala hirutan irabazi du– aurpegian sartzen ez zitzaion irribarrea zuen jantzia. Pozik zegoen bere apopiloarengatik, hark bere irakaspenak txintxo jarraitu zituelako. Robertek, oso kontentu, ez zuen txapela kendu eta Zagoren lana eskertu zuen.
Aritz Munarriz lehen sakandarra ere kontentu zegoen egindako lanarengatik. Km bertikaleko bere errekorra 46:10-ekoa da eta aurten 46:44eko denbora egin du. "Urte hau lasaiago hartu dut, ez naiz horrenbeste probetan aritu, baina bertako lasterketetan aritzea gustuko dut. Denborari dagokienez, oso kontentu nago. Urte asko dira Km Bertikalean, eta denborari eustea kontentu egoteko modukoa da. Hori da garrantzitsuena" nabarmendu zuen.
Iritzi berekoa zen Munarrizekin solasean zegoen Jose Javier Beregaña uharte arakildarra (55:04). "Mailari eta denborari eusten diogu, eta ez da gutxi. Oso gustura egindakoarekin" azaldu zuen, proba bukaeran Aralar Mendik plazan antolatutako auzate ederrean. Pandemiagatik iaz ezin izan zen auzatea egin, eta horregatik, aurtengoak zapore bereziagoa izan zuen. Ingurunean ere giro ederra zegoen, jende asko hurbildu baitzen sari emate ekitaldira. Beriaingo giro ederrak herrian izan zuen segida.
Handik gertu zegoen Jose Luis Beraza uharte arakildar beteranoa. Bitan igo zen podiumera, beteranoen sailkapenean hirugarren sailkatu zelako, Mikel Beunzaren eta Anartz Etxeberriaren atzetik, eta lehen uharte arakildarraren saria jaso zuelako. Urtero igotzen da podiumera, eta Km Bertikaleko makina bat sari ditu, erakusketa jartzeko modukoa. "Bai, asko ditut, egia esan (kar, kar). Aurten oso gutxi entrenatu dut, beroarengatik. Behar bezala entrenatzeko urte txarra izan da, eta ez nekien oso ongi zein sasoiarekin iritsiko nintzen. Hortaz, kontentu" zioen. Bere errekorra 45:30-koa da, aurten 49:15-ko denbora egin du "eta oso pozik, Bertikalean urte asko direlako. Aurten 53 urte beteko ditut, atera kontuak" nabarmendu zuen, irribarrez.
Aritz Munarriz: "Urte asko dira, eta markari eustea kontentu egoteko modukoa da"
Azkorbebeitia, berera
Oihana Azkorbebeitiak bere bigarren Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala lortu zuen (48:58). "Asteburu hau hutsik nuen eta Bertikalera animatu nintzen. Gustura ibili naiz. Ez nuen joan zen urteko irabazle Maria Ordoñez ezagutzen, eta erreferentzia gabe joan naiz, nirera. Gustura ibili naiz" azaldu zuen txapela jasotzera igo baino lehen. 2018 urtean egindako denbora (48:54) baina lau segundo gehiago egin zituen. Beraz, maila berean segitzen du Abadiñoko korrikalariak, "eta hori da pozgarriena". Lasterketa irabazteaz gain, emakume beterano onenaren saria jaso zuen. Inma Pereiro bigarren beteranoa izan zen eta Ainhoa Lendinez hirugarren. Pozarren igo ziren podiumera. Sakandarrei dagokienez, Maite Beregaña uharte arakildarra izan zen lehen sakandarra, sailkapen orokorren 100. postuan eta emakumezkoetan zortzigarren (59:14). Horretaz gain, herriko emakume onenaren saria jaso zuen. Bi sarirekin joan zen etxera uharte arakildarra, egindakoarekin kontentu.
Junior mailari dagokionez, Ibai Angulo azpeitiarrak jaso zuen lehen saria, Eneko Etxaniz elgoibardarraren eta Martin Egizabal elgetarraren aurretik. Emakumezkoetan, junior bakarrak hartu zuen parte, Bidaniako Irene Iturriak.
Balorazio ona
Aralar Mendik egunaren balorazio ona egin zuten. "Eguraldia primerakoa izan da, proba ere ikusgarria, ikusle asko izan dira eta korrikalariak gustura daude plazako auzatean. Dena ongi atera da eta ezin dugu ezer gehiago eskatu" zioen Juanjo Goikoetxeak, sari ematea bukatu bezain pronto, proba aurrera ateratzeko laguntza ematen duten babesleen eta boluntarioen lana eskertuz. Antolaketa lanetan zebilen ere Amaia Razkin mendi korrikalaria, eta baita uharte arakildar ugari ere. Gero denak bazkarian bildu ziren, merezita.
Lekukoa: Olazti eta Etxarri
Urriaren 1ean XIV. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa jokatuko da, eta urriaren 2an 47. Mendira Joan Etorria, Etxarri Aranatzen (izena emateak zabalik, Olaztikoa asteazkenera arte).
Sakandarrak XIII. Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean
Gizonak
1. Loic Robert 40:21
14. Aritz Munarriz 46:44
26. Juan Larrea 49:10
27. Jose Luis Beraza 49:15
38. Aimar Araña 51:00
43. Mikel Satrustegi 51:16
66. Andoni Ocaña 54:22
69. Xabier Aizpun 54:57
71. J. Jav. Beregaña 55:04
95. Kepa Gordo 58:45
99. Xabier Ganboa 59:11
104. Javier Larrayoz 59:33
117. J.A. Salgado 1:00:40
121. Carlos Mañeru 1:01:01
122. Jorge Vitoria 1:01:08
140. Erik Gonzalez 1:03:31
146. Igor Maiza 1:04:52
Emakumeak
25. Oihana Azkorbebeitia 48:58
100. Maite Beregaña 59:14
123. Eneritz Karasatorre 1:01:08
124. Ainara Galarza 1:01:10
134. Maria Risco 1:02:54
155. Erkuden San Martin 1:07:53
173. Ane Huarte 1:27:11
*Jokin Vilariñok eta Alatz Agirrek ezin izan zuten proba bukatu.