San Migel egunez Aralarren

Guaixe 2022ko ira. 30a, 13:42

Fededun ilara Aralarko aingerua gurtzeko mezaren ondoren. NEREA MAZKIARAN ZELAIA

Han bat egin zuten euripean hainbat fededunek 

Irailak, 29, San Migel eguna, makina bat fededun katolikorendako data seinalatua. Ahal dutenek Aralarko santutegirako bidea hartzen dute. Atzoko eguraldi euritsuak batzuk etxean geldiarazi zituen, baina, hala ere, batek baino gehiagok parte hartu zuen santutegiko egunaren ospakizunean. Goizean lau elizkizun izan ziren Francisco Perez Gonzalez artzapezpikuak meza nagusia eman zuen. Hartan Arbizuko, Etxarri Aranazko eta Bakaikuko parrokietako abesbatzek elkarrekin kantatu zuten. Arratsaldean beste bi meza izan ziren. 

Bestalde, historikoki, San Migel egunaren ondorengo igandean, Kofradiako, Anaitasuneko, eta Santutegiko ongile hildako guztien oroimenez meza egiten da Aralarko santutegian. Meza hori igandean izanen da, 12:30ean. Elizkizuna Gaudeamus gregorianoko abesbatzak edertuko du. Igandean bertan, santutegian 17:00etan abesbatzak bezperak abestuko ditu. Pandemiaren eraginez bi urte halako eguna ospatu gabe egon dira eta egun berezia behar bezala ospatzea espero dute.