San Migelen Europako Sareaz Parlamentuan

Guaixe 2022ko urr. 11a, 08:41

Juan Carlos Recio, Unai Hualde, Mikel Garziandia eta Joxe Mari Ustarroz. NAFARROAKO PARLAMENTUA

San Migel kofradiako kideak esku artean duten egitasmoaren berri Nafarroako Parlamentuko presidenteari eman diote, hark Parlamentuko taldeei proiektuari buruzko informazioa eman eta Turismo eta Kultura batzordeak santutegira bisitan joan ahal izateko.

Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradia San Migelen Gune eta Bideen Europako Sareko partaide da, eta sarea lanean ari dira Europako Kontseiluak kultura ibilbidetzat onar dezan. Helburua da kultura, monumentu eta erlijio ondarea, turismo jasangarria eta bertako produktuak sustatzea. Ibilbide bilakatuz gero, Europako funtsen banaketan parte hartzeko aukera izanen litzateke, tokiak eta bideak egokitu eta sustatzeko. Sareko kideek eskaeraren onarpena maiatzean lortzea espero dute. 

Horren eta Aralarko santutegian egiten ari diren lanen berri emateko Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Iglesiasekin elkartu zen kofradiako ordezkaritza hilaren 4an: Joxe Mari Ustarroz Razkin, presidentea; Mikel Garziandia Goñi, santutegiko kapilaua eta Juan Carlos Recio, proiektuaren zuzendaria.

Hirurek Hualderi kultura-ibilbide eskaeraren atzean dagoen proiektuaren berezitasunak azaldu zizkioten. ″Praktikan, Santiagoren eta arku atlantikoaren arteko lotura indartzea ekarriko luke, eta, haren kokapen estrategikoa kontuan hartuta, San Migel santutegiari bultzada ematea; izan ere, hiru urte daramatzagu santutegia eraberritzen, haren erakargarritasuna optimizatzeko. Aurten museoa ofizialki irekitzea espero dugu”, adierazi zuen Garciandiak.

Hualdek proiektuaren potentziala aitortu zuen eta Parlamentuko taldeei informazioa emanen ziela esan zuen, hala Turismo eta Kultura batzordeen bisita parlamentarioa egin ahal izateko. Proiektuaren abal-emaileen artean daude Foru Gobernuko hainbat departamentu, Iruñeko Udala eta Europako Batzordearen aurrean Sarearen ekimena babestuko duten Nafarroako beste erakunde batzuk.