Aralarko sutea kontrolpean

Guaixe 2022ko urr. 21a, 11:28

Argaindar lineako kableek eragin zuten atzo sutea Uharte Arakildik gertu, iristeko toki "txar" batean, SOS Nafarroak azaldu duenez. Orbela eta belar lehorrak erre dira gehien bat. 

Sutea piztu zen Aralar mendiaren magalean atzo, Aitzarte parajean, atzo 20:00ak aldera. Hura ikusi zuten uhartearrek 112 SOS Nafarroa telefonora hots egin zuten. Cordovillako eta Altsasuko suhiltzaileen parkeetatik joan ziren suhiltzaileak. Aitzartera joateko dermioko biderik edo pistarik ez dago. Iristeko toki zaila denez, hiruzpalau uhartearrek gidatu zituzten suhiltzaileak paraje hartaraino; oinez igo ziren. Haiekin batera basozainak ere izan ziren. Guztien artean lortu dute sutea bart kontrolatzea. Eskuz, palekin, egin behar izan zuten guztia, ura eramatea ezinezkoa baitzen. 

Gauez helikopteroak ezin dira ibili. Hura lanean gaur goizean aritu da. Itxesia auzoan dagoen igerilekuan ura hartu eta Aitzarten hustu du ur poltsa. Itzaltze lanetan parte hartu dutenek azaldu dutenez, argindar lineak sortutako txisparen batek sortu zuen sutea. Jakinarazi dutenez, su hartutakoa orbela eta lehortutako belar lehorra da. 

Uharte Arakilgo Udalak jakinarazi duenez, ″sua kontrolpean dago, eragin eremua mugatuta dago. Hala ere, suhiltzaileek lanean jarraituko dute, beraz segurtasunagatik, ahal dela, ez gerturatu″. Udalak gaineratu duenez, ″hurrengo egunetan erretako eremutik enborrak, adarrak, harriak… mugitu daitezke, beraz, kontuz ibili″. Azkenik, Uharte Arakilgo Udalak eskerrak eman dizkie ″suhiltzaileei, basozain, boluntario eta laguntzeko prest agertu zineten guztioi″.