Uharteko Eskolak ipuin baten idazketan parte hartuko du

Guaixe 2022ko aza. 2a, 09:01

Uharte Arakilgo eskola eta patioa. ARTXIBOA

Foru administrazioak sustatutako ekimenean 37 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 1.500 ikasle inguruk parte hartuko dute. Castillo Suarez idazleak euskarazko ipuinaren hasiera idatzi du eta Patxi Irurzunek gaztelaniazkoarena.

Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren  Ipuina eskuz esku Giza Eskubideak ekimena hilaren 13an abiarazi zuten Patxi Irurtzunek eta Castillo Suarezek. Bakoitzak ipuin baten hasiera idatzi zuten, aurrenak gaztelaniaz, atzenak euskaraz. Batak eta besteak hasitako ipuinak ikastetxez ikastetxe pasako dira egunero. Zentro bakoitzean Lehen Hezkuntzako ikasleek ipuinari paragrafo bat edo bi gehituko dizkiote. Bi kateak azaroaren 11n bukatuko dira. Eta emaitza bi ipuin kolektibo izanen dira. Parte hartuko duten eskolen artean Uharte Arakilgo herri eskola dago. 

Giza Eskubideen inguruko hilabeteko lana, dedikazioa eta gogoetaren eta ikasleen eta irakasleen parte-hartze zuzen eta aktiboaren ondoren, Nafarroako Gobernuak bi ipuinak liburu batean argitaratuko ditu, ikastetxeei eta herritarrei helaraziko diena. Gainera, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen nazioarteko egunean, Iruñeko Gaztelu plazan, ikasleek liburuaren aurkezpenean parte hartuko dute. Bi ipuinak Matilde, Filomena eta Muskilda (Marisa Serrano, Inma Gurrea eta Izaskun Mujika, hurrenez hurren) hiru esploratzaileek kontatu eta interpretatuko dituzte.

Zergatia 
Giza Eskubideen inguruko ipuin kolektiboen idazketa Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak antolatu du, laugarren edizioa da. Haren egitekoa da Giza Eskubideekiko errespetua sustatzea. Zuzendaritza horrek Memoriaren eta Bizikidetzaren aldeko Eskolak programa du eta haren ardatzetako bat da Giza Eskubideen edozein urraketaren aurkako salaketa egitea. Antolatzaileek idazketa ariketa horrekin ikasleek Giza Eskubideei buruz hausnartzea nahi dute. 

Parte hartzen duten 37 ikastetxeetatik 19tako ikasleak euskarazko ipuinarekin hari dira parte hartzen eta gainontzeko 18ak gaztelaniazkoarekin. Azkoiengo eskolan bi hizkuntzetan onduko dute ipuina.