1936an errepresaliatutakoak gogoan

Guaixe 2022ko aza. 7a, 09:04

1936ko ubertear errepresaliatutakoak oroitzeko ekitaldian elkartu zirenak. UTZITAKOA

Fusilatu zituzten hiru herritarrak eta bestelako errepresio moldeak jasan zituztenak gogoan izan zituzten igande eguerdian. Fusilatu zituzten bi uhartearrak opatzeko lanak segitzea eskatu zuten bildutakoek.

Frankismoak eraildako eta errepresaliatutako ubertearrak gogoan izan zituzten Herriko seme-alaben plazan egindako ekitaldian lastailaren 30ean. Uharte Arakilgo Udalak eta 1936-2016 Uharte Arakil 80 urte memoria galtzen taldeak antolatu zuen ekitaldia. 1936ko estatu kolpearen ondoren hainbat ubertearrek errepresioa jasan eta haietako hiru hil zituzten. Victor Martirena Alegria (22 urte) 1936ko lastailaren 28an fusilatu zuten Iberoko Zurbao parajean. Silverio Astiz Ezkurdia (59 urte, alkatea) eta Silverio Astiz Lakuntza (21 urte) aita-semeak ere fusilatu zituzten, baina Martirenarena ez bezala haien gorpuak ez dituzte opatu oraindik. 

Iganderako udalak plazako iturria eraberritu eta txukun utzi zuen, hego haizeak eramandako hosto asko zeudelako. Talde antolatzaileko Gaizka Uharte Baldak hitza hartu eta eraildako eta errepresaliatutako ubertearrendako justizia, erreparazioa eta oroimena eskatu zituen. Horrekin batera, Astiz familiako bi fusilatutako eta desagertutakoak opatzeko lanak segitzea eskatu zuen.

Bestetik, aurrenekoaren senide Hermogenes Goñi Martirenak fusilatutako hiru gizonezkoak eta errepresaliatu ubertear guztiak gogoan izan zituen. Eta haiekin batera bereziki gogoan izan zuen aurten hil den Pilar, Astizdarren alaba eta arreba zena. Erakundeek eta Aranzadi zientzia elkarteak  memoriaren arloan egindako lana eskertu zuen. Goñik jakinarazi zuenez, berriki Ana Ollo Hualde Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariarekin eta Josemi Gaston Aguas Memoria Institutuko Historia Memoriako zuzendariarekin hitz egin zuen. Garilean Paternaingo hobi batetik Aranzadik gutxienez hamar eraildakoren gorpuzkiak atera zituen. Haiek identifikatzeko lanetan ari direla gaztigatu du. 

Etengabeko ur emaria duen iturritxoaren bueltan idatzia dago Castillo Suarezen Irribarre egiteko olerkia. Hura idazteko alkate ohiaren gutunetan oinarritu zen. Poesiaren irakurketarekin, minutu bateko isilunearekin eta lore eskaintzarekin despeditu zen.