Astekaria

"Mendian korrika zoriontsu naiz, eta hori da nire lehentasuna"

Maider Betelu Ganboa 2022ko aza. 8a, 14:30

Jose Luis Beraza, Berastegiko Negu Trailen.

Pandemia aurretiko txispa eta sentsazioak berreskuratu dituela dio 53 urteko Jose Luis Beraza korrikalari beteranoak. Egunerokotasunean mendian da zoriontsu, beste guztiaren gainetik

Mendi lasterketetan aspaldiko ezaguna eta oso estimatua da Jose Luis Beraza Lacalle. 53 urterekin lasterketetan aurreneko postuetan egoten jarraitzen du Uharte Arakilgo beteranoak. Mendira korrika egitera joatea da bere pasioa, eta horrek betetzen du gehien. Ez da ohiko mendi korrikalaria, "nik beste modu batean funtzionatzen dut”. Berak ez du lasterketetarako entrenatzen. Mendira korrika egitera joaten denez, lasterketetarako prest dago. Eta ez da filosofia berdina.

Noiz hasi zinen korrika?
2007 urtean, 38 urte nituela. Areto futbolean jokatu nuen urte luzez, Irañetako Txapel Azpikoekin. Areto futbola utzita, behin lankide bat etorri zitzaidan Sakanako Ibilaldia egin behar zutela eta ea animatuko ote nintzen galdezka. Eroa ote zegoen erantzun nion, baina azkenean martxa egin genuen, 10 ordu pasatxoan. Uharteko Arrieta anaiekin Baztanen eta Arantzan beste mendi martxa batzuk egin genituen eta tarte batzuk korrika egin genituen. Baina aitortu beharra dut mendi lasterketek guztiz harrapatu nindutela 2007an Zegama-Aizkorri ikustera joan ginenean. Kilian Jornetek lehenengo aldiz irabazi zuenekoa izan zen. Emozio handia sentitu nuen, Zegama-Aizkorri ikaragarria delako. 

Korrikalari talde polita hasi zineten Uharte Arakilgo Aralar Mendi taldean. 
Jon eta Angel Arrieta, Patxiko Albeniz, Iñaki Martiarena, Juanjo Goikoetxea eta beste bizpahiru ibiltzen ginen Aralar Mendin. Gero Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala antolatu genuen, 2009 urtean, eta horrek ere gure kirolari herrian bultzada handia eman zion. Km Bertikalak hasieratik izan zuen harrera ona, jendea oso gustura etortzen da.

Gogoan duzu zein izan zen zure lehen lasterketa?
2008an izango zen, Berako Maratoi Erdia edo Olatzagutia-Urbasa Mendi lasterketa, agian. Bietako bat.

Hasieratik sentitu zenuen mendi lasterketa zure kirola zela?
Hasieratik oso gustuko izan nuen, gaur egun gustuko dudan bezala. Gauza bat oso argi dut: lasterketetan lehiatzea gustuko dut, baina askoz ere gehiago betetzen nau egunerokotasunean mendira korrika egitera joateak. Are gehiago esango dut: nik ez dut lasterketak prestatzeko entrenatzen. Mendian horrenbeste ibiltzen naizenez, sasoian nagoelako parte hartzen dut gero lasterketetan. Guztiz ezberdina da.

Berandu hasi zinen mendi lasterketetan, baina hasieratik fin ibili zinen, lehendabiziko postuetan. 
Nire lehen Berako Maratoi Erdia 2 orduz azpitik egin nuen; denbora ona da hori. Adinaz ari garela, 45 urte nituela hobekuntza nabarmena sentitu nuen. 2013-2014an gora egin nuen nabarmen, agian nire sasoirik onena izan zen. Uste dut atzeko urte luze horietan egindako lanaren fruitua izan zela, nik ez bainuen korrika egitera joateko moduan eta frekuentzian ez jateko orduan aldaketarik egin.

Asko zaintzen al zara?
Nik ez dut inoiz entrenatzailerik ez nutrizionistarik izan. Eta fisioterapeutara bizpahiru aldiz joan izan naiz nire bizitzan, bizkarreko arazoren batzuengatik. Honekin ez dut esan nahi entrenatzailea eta nutrizionista izatea txarra denik, baina nik ez ditut behar izan eta horregatik ez noa. Normal jaten dut, nire kasa ibiltzen naiz korrika eta badirudi zerbait ongi egingo dudala, ditudan urteak eta dudan sasoia kontuan hartuta. Ongi nago. Gure kirolari lotutako berrikuntzen, materialen eta bestelakoen inguruan egunean egoten saiatzen naiz baina gero nik argi dut zer doakidan ongi eta zer gaizki, eta ongi doakit.

"Lasterketetarako ez dut entrenatzen; egunerokotasunean korrika asko egiten dudalako nago prest"

Korrikalari berezia zara. 
Ez dakit berezia naizen edo ez, nik oso argi ditut zeintzuk diren nire lehentasunak. Sarritan esan izan didate gutxiago entrenatuko banu lasterketa hobeak egingo nituzkeela, denbora hobeak. Nik erantzuten diet ziur aski hala izango dela, baina horrela ez nuela disfrutatzen dudan erdia ere disfrutatuko. Larunbatean lasterketa badut, eta proba horretarako soilik asteartean eta asteazkenean entrenatu behar badut, nik hori ezin dut egin. Lasterketa bat ongi prestatzeko mendira joateari utzi behar badiot, ez dit merezi. Benetan. Lasterketa baten bezperan ez ditut 30 km egingo, jakina, baina nire ohiko ibileran ez dut pistoia asko jaisten. Argi dudana da ez diodala mendira korrika egitera joateari utziko, hori baita betetzen nauena. Eta ez naiz aldatuko (kar, kar).

Distantzia luzeetan eta laburretan, bietan ongi moldatzen zara. Todoterrenoa zara
Distantzia luzeetan ongi ibiltzen naiz, esaterako Leitzako Euskal Herriko Erronka Ultra Trailean (68 km) bi aldiz laugarren sailkatu izan naiz, azkena 2019an, Euskadiko Txapelketa zenean. Baina distantzia luzeak ez ditut bereziki gustuko. Zazpi ordu ingurukoak dira eta ongi aritzen naiz, baina lauzpabost ordu pasa ondoren, errendimendua pixka bat jaitsi ondoren geratzen zaizun sentsazio hori ez dut oso gustuko, eta aspertu ere egiten naiz. Horrenbeste ordu,gogaitu egiten nau. Niri gehien gustatzen zaizkidan distantziak maratoi erdiaren eta maratoiaren artekoak dira, 21 kilometrotik 42 kilometrora.

Distantzia laburrak gustuko dituzu?
Beste mota bateko lasterketak dira, eta gustura egiten ditut. Esaterako, Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorria lasterketa eroa da, gogorra, eta hala ere, tiroa bezala nabil. 

Zein da gustukoena duzun lasterketa, politena?
Hori oso zaila da esatea, benetan. Hemengo probez gain Pirinioetan aritu naiz, Huescan, Katalunian, Andorran… Zein da hobea? Ba ez dakit. 2016an Montseny Ultran (80 km) lehiatu nintzen Nafarroako selekzioarekin, eta hanka bihurrituta proba utzi behar izan nuen. 2016an bigarren izan nintzen Pirinioetako Canfrac mendi maratoian (43 km) eta 2018an Panticosako Valle de Tena Trailean (20 km) hirugarren sailkatu nintzen, lehen beteranoa. Pirinioetako probak ezberdinak dira, mantsoagoak eta teknikoagoak, altueran korrika egiten duzulako, eta errendimenduan nabaritzen da. Paisaiak zoragarriak dira. Ederrenak? Ba ez dakit. Niri betidanik izugarri gustatu izan zaidan lasterketa Olatzagutia-Urbasa da. Oso polita da. Berako Maratoi Erdia lasterketa ikaragarria da, eta Camille Xtreme ere sekulako lasterketa da. Honekin esan nahi dudana da oso zaila dela lasterketa batekin geratzea. Zegama-Aizkorri ikusgarria da, plus bat du. Baina ibilbideari dagokionez politena da? Agian ez, baina Zegama-Aizkorri da. Giroa, zaleak eta mugitzen duen guztia paregabea da. Gorena.

"Lasterketa bat ongi prestatzeko atseden hartu eta mendira joateari utzi? Ez dit merezi. Benetan"

Zenbatetan aritu zara Zegama-Aizkorrin?
Bitan. Lehen aldiz 2009an, lau ordu eta hiru laurdenetan (4:45:05). Denbora hobea egin ahal nuela sentitu nuen, baina nire lehen maratoia zenez ez nuen nire burua gehiegi estutu nahi izan. Bigarrenez 2011n aritu nintzen. Sekulako beroa egin zuen, kalanbreak nabaritu nituen eta 5 ordu pasa behar izan nituen (5:22:26). Urtero eskatzen dut dortsala, baina zozketan ez naiz onuradun izan. Askok esaten didate antolakuntzarekin harremanetan jarriz gero dortsal bat emango zidatela, Euskadiko txapeldun beteranoa eta Euskadiko Kopako txapeldun absolutua izan naizelako, baina ez dut faboreak eskatzen ibiltzea gustuko. Urtero izena ematen dut eta zorteak erabaki dezala.

Sariak eta trofeoak ugari zuen etxean. 
Uharteko Km Bertikalean solasean egon ginenean 80-90 trofeo izango nituela aipatu nuen, eta gauean bikoteak 90 trofeo inguru zenbatu zituen. Gurasoen eta arrebaren etxean ere baditut beste batzuk. 100 inguru izango dira. Baina ez diot aparteko garrantzirik ematen. Berriro diotsut, nik mendian korrika egiten eta lasterketa batean parte hartzen disfrutatzen dut. Pandemia baino lehen harreman polita genuen lasterketetan parte hartzen genuen korrikalariek, aurrean ibiltzen ginenak. Proba bukatu, elkarrekin hitz egin, auzatean gustura egon... baina pandemiaren ondotik giro hori zertxobait galdu da, korrikalari gazte berri asko sartu direlako eta lehen geundenetatik batzuk utzi dutelako.

Horrenbesterako?
Bai, gazte berri asko dago, eta askok ez dute gero jarraikortasunik. Urriaren 16ko Basajaun Trailean (23 km) bigarren sailkatu nintzen, Pablo Gonzalezen atzetik. Gonzalezek 21 urte ditu, nik 53 eta hirugarren sailkatu zen Alvaro Iruritak 24 urte. Pentsa gure artean dagoen aldea. Ez ditut gehiegi ezagutzen, eta aurrekoekin nuen harremana sortzeko jarraikortasuna behar da. 

Lortutako zein txapelketa azpimarratuko zenituzke?
Euskadiko Bertikalen Kopako txapeldun absolutua izan naiz, Euskadiko Ultra txapeldun beteranoa, Euskadiko Proba Konbinatuen txapeldun beteranoa, Euskadiko txapeldunorde absolutua eta Euskadiko txapeldun beteranoa. Nafarroan ez naiz txapeldun absolutua izan, txapeldunordea izan naiz eta Nafarroako Kopako txapeldunordea, baina Nafarroako txapeldun beteranoa sarritan izan naiz. Beteranoen mailan 9 urte daramatzat eta sei-zazpi aldiz irabazi dut Nafarroako beteranoen txapelketa. 

"Basajaun Trailean pandemia aurretiko txispa eta maila berreskuratu nuen"

2018an Munduko Koparako baliagarria zen Andorrako Comapedrosa Skyrace mendi lasterketan lehen mastersa izan ziren, lorpen handia hori ere. 
Kasualitatez lehiatu nintzen. Beñat Katarain lakuntzarrak deitu zidan ea bertan lehiatuko ote nintzen galdetzeko, eta ezetz erantzun nion. Munduko Kopa zela, eta animatzeko. Orduan konturatu nintzen egun horietan Andorran oporretan egongo ginela, eta han geundela aprobetxatuta izena eman nuen. Lasterketan oso ongi sentitu nintzen, eta helmugara iristerakoan jakin nuen lehen mastersa nintzela. Kilian Jornetek irabazi zuen absolutua, eta podiumean elkarrekin egon ginen. Kilian sekulakoa da, ez dago bera bezalakorik. Kitto. Beñatek esaten zidan: “Beraza, Munduko Kopan lehen mastersa zarela!”. Agian lasterketara buru-belarri etorriko banintz, beste modu batera hartuko nuke, baina nik oporrak probestu nituen, besterik gabe. Betikora bueltatzen gara, nik beste modu batera funtzionatzen dut. Mendira korrika egitera joateak txispa ematen dit, lasterketetan aritzeko gaitasuna, eta horrekin nahikoa dut. Eta gorputzak eusten duen bitartean, aurrera. Oso pozik nago nire kirolak betetzen nauelako eta nire ibilbidean lortu dudan guztiarengatik eskertuta nago.

Pandemiaren ondotik beheraldia sumatu al zenuen?
Fisikoki, berez, ez. Kontua da denbora asko egon nintzela lasterketetan parte hartu gabe, eta nabaritzen da. Pandemia ondoko lehen proba 2021eko Uharteko Km Bertikala izan zen. Ordutik ez nituen pandemia aurreko sentsazioak guztiz berreskuratzen, txispa hura falta nuen, maila hura. Basajaun Trailera arte.

Horren ongi sentitu al zinen Galdeanon?
Izugarri. Txisparekin, gustura, pandemia aurretiko sasoi bete horrekin. Uda oso txarra izan da, beroarengatik, eta korrika gutxi ibili naiz. Aurtengo Km Bertikalean 49 minutuko denbora egin nuen, eta denbora ona da, are gehiago uda nola joan zen ikusita, baina ez nintzen oso gustura gelditu. Olatzagutia-Urbasan gustura aritu nintzen, eta Basajaun Trailen zer esanik ez. Hobekuntza nabaritu nuen. Bigarren izan nintzen, eta pandemia aurreko maila berreskuratu nuela sentitu nuen. “Berdin nago” etorri zitzaidan burura. Urte bukaera urteko sasoi onena da niretako. Udaberri aldera korrika asko egiten dut, asko kargatzen naiz, eta udan, beroarengatik, atseden hori oso ongi datorkit. Ondoren, irailean bizpahiru lasterketa jokatuta, motorra bezala jartzen naiz.

53 urterekin, beraz, sasoi betean zaude. Non egon daiteke zure muga?
Ez dakit topera iritsi naizen edo jada jaisten hasi naizen, baina horrek ez dit logurea kentzen. Etorkizunean zer etorriko den, ikusiko dugu. Ez nukeena nahi, inondik inora, lesio larriren bat izatea da. Orain arte, sekulako zortea izan dut. Bihurrituren bat izan ezik, ez naiz inoiz aste bakar bat geldirik egon lesio batengatik. 

"Gaur egun denboraldia ez da bukatzen. Arroniz, Mallos Riglos eta Zubiri ditut aurretik. Mendian korrika egin nahi duenak urte guztian egin dezake"

Denboraldia bukatu al duzu?
Ez, datorren asteburuan Arronizen ariko naiz, eta abenduan Trail Mallos Riglosen eta Zubiriko Sansilvestrailen. Egun denboraldia ez da sekula bukatzen. Otsailean Berastegiko Negutraila jokatzen da, segidan Zestoako proba... korrika egin nahi duenak urte guztian egin dezake. 

Zein da egiteke duzun ametsetako lasterketa hori?
Zintzoa banaiz, ezta bat ere. Montblac? Ez, ez nau erakartzen. Zegama-Aizkorri egina dut, eta etxean sekulako lasterketa ederrak ditugu.