Turbina jartzeko lanak emateko deialdia egin du udalak

Guaixe 2022ko aza. 24a, 11:00
Ur biltegi ondoan jarriko dute elektrizitatea sortzeko turbina. ARTXIBOA

Argindarra sortuko du eta harekin udalak energia mendekotasuna murriztuko du.

Ganbeletako iturburutik heldu den goi hornidurako hodian argindarra sortzeko mikroturbina jarri nahi du Uharte Arakilgo Udalak.  Itsasgainen, ur biltegiaren ondoan, goiko partean eraikiko den etxola batean jarriko dute mikroturbina. Handik pasatzen den urak elektrizitatea sorraraziko du eta haren bidez, igerilekua argindarrez hornituko da, eta sobera dagoena udal eraikin eta argiteria publikoan erabiltzeko baliatuko da. Geroz, Uharte Arakilen sortutako argindarra herrian bertan kontsumituko da. 

Lanek 136.330 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Lan horretarako aurtengo Nafarroako Gobernuaren aurrekontuan 85.000 euroko diru saila dago, EH Bilduk aurkeztutako emendakin bat onartu baitzen. Lanak egiteko interesa duten enpresek udaletxean aurkeztu beharko dute eskaintza, hilaren 21eko 11:00ak baino lehen. Lanak hartzen dituen enpresak sei hilabeteko epea izanen du haiek despeditzeko.