Herri kirolak

Sakanako herri kirol eskolen fruitua

Maider Betelu Ganboa 2022ko abe. 2a, 11:04

Uharte Arakilek Sakanako herri kirolarien erakustaldi ederra hartu zuen

Igandean itxura ederra zuen Uharte Arakilgo plazak. Sakanako Mankomunitateak Sakanako herri kirolarien eta kluben laguntzarekin eta Uharte Arakilgo udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin antolatutako Sakanako Herri Kirol Egunak kirolari eta ikusle asko bildu zituen. 

Sakanako Harri Jasotze Eskolako Mikel Lasarte monitorea hiru ikaslerekin zegoen: Aitor Oiarbide etxarriarra, Iker Goldarazena berriozartarra eta Ane Cestau iruindarra. Lehenengo aldiz, Sakanako eskolan trebatutako emakume bat aritu zen harriak jasotzen. Beste emakume bat ere trebatzen ari da eskolan, Maika Iraizoz. Harriekin erakustaldi bikaina egin zuten hirurek, Arza epaileak txilibituarekin bidea eman bezain pronto. 

Sakanako Aizkora Eskolako ikasleak ere aritu ziren lanean. Lehendabiziko txandan, Amets Aristizabal eta Joan Goikoetxea eta Eñaut eta Aritz Oiarbide aritu ziren lanean, eskolako monitore Juanito eta Juanjo Erdoziaren begiradapean. Oiarbidetarrak gailendu ziren. 

Ordurako Andra Mariko sokatira taldekoek gerrikoak ongi estututa eta goman ongi kokatuta zeuden, Belen eta Nerea Berastegi ahizpen esanetara tiraldiak egiteko prest. Ikasten ari diren teknikaren emaitza onez gozatzeko aukera izan zuten Uharte Arakilgo plazan bildutakoek. 

Trontzalarien txanda izan zen segidan. Andra Mariko Amaia Razkin eta Maddi Beltza, batetik, eta Jokin Campos eta Adur Lizarraga, bestetik. Bi txandatan aritu ziren, Jesus Senar eta Mikel Senarren begiradapean erakustaldi ederra eginez. 

Ekitaldiarekin jarraitzeko, Sakanako Aizkora Eskolan trebatzen ari diren txikienen erakustaldia izan zen. Urko Oiarbide, Ibai Galarza, Eneas Aristizabal eta Aratz Beltza igo ziren enbor gainera, eskolako nagusienen laguntzaz. Txalo zaparrada beroenak beraiendako izan ziren. 

Bukatzeko, aizkolari nagusien txanda izan zen. Hiru bikote aritu ziren lehian: Juanjo Erdozia eta Aritz Oiarbide, Goizeder Beltza eta Eloy Corchero eta Arkaiz Jauregi eta Iker Gorriti. Lehia estu eta borrokatuan, Beltza eta Corchero alde gutxigatik gailendu zitzaien Jauregiri eta Gorritiri. Erdozia eta Oiarbide osaba-ilobak itxi zuten sailkapena. 

Beste behin, ederra izan zen Sakanako Herri Kirol Eguna. Bereziki, etorkizuna dagoelako.