Argindarra sortuko duen turbina jartzeko lanak emanak

Guaixe 2023ko urt. 12a, 11:18

Alkateak kontseilariari azalpenak ematen ur biltegian. ARTXIBOA

Itsasgainen, ur biltegiaren ondoan, goiko partean eraikiko den etxola batean jarriko dute mikroturbina.

Ganbeletako iturburutik heldu den goi hornidurako hodian argindarra sortzeko mikroturbina jarriko du Uharte Arakilgo Udalak. Lan hori Alisea Esco SA enpresari eman dio 109.063,76 euroren (BEZ barne) truke. Langileen egitekoa izanen da Itsasgainen, ur biltegiaren ondoan, goiko partean etxola bat eraiki eta haren barruan pasatzen duen urarekin elektrizitatea sortuko duen mikroturbina jarri. Horretarako urte erdia izanen dute. Han sortutako argindarrarekin igerilekua elektrizitatez hornituko da, eta sobera dagoena udal eraikin eta argiteria publikoan erabiltzeko baliatuko du Uharte Arakilgo Udalak. Lan horretarako aurtengo Nafarroako Gobernuaren aurrekontuan 85.000 euroko diru saila dago, EH Bilduk aurkeztutako emendakin bat onartu baitzen.