Goñiko Teodosioren istorioa iruditan

Guaixe 2023ko urt. 13a, 12:20

Aralarko santutegiak komikia eta marrazteko liburuxka argitaratu ditu.

Ezarritako zigorra Aralar mendian bete zuen Goñiko Teodosiok. Haren historioaren berri ematen duen komikia argitaratu du Aralarko santutegiak berriki. Alfonso Garziandia Goñi etxarriarrak egindako irudiak Jose Antonio Escuderok maketatu ditu, Zamartzen bizi den Guadalupe Escudero Guillen mojaren ilobak. Hamasei orritan kontatzen du protagonistaren bizipenak. Komikiak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da, eta 6 eurotan eskuratu daitezke. Horrekin batera, Goñiko Teodosioren marrazteko liburuxka ere argitaratu du santutegiak eta 4 eurotan dago salgai. Argitalpenak Aralarko santutegian, Zamartzeko monasterioan edo Iruñeko elizbarrutiaren liburu dendan daude salgai.

Argitalpen horiei esker eskuratzen den dirua Aralarko santutegian egiten ari diren denda, harrera eta komunak ordaintzera bideratuko da. Lan horiek despeditu ondoren, santutegi ondoko ostatua berritu eta gazteendako aterpetxea egiteko lanei ekitea da arduradunen asmoa. Ostatua 2021eko irailetik dago itxita jende gutxi joaten zuelako. Zaharberritze lan horiek, eta santutegiaren inguruarena, 2023 eta 2027 urteen artean egin nahiko lituzkete. Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuetan, Kultura Departamentuaren baitan, lan horietarako den 100.000 euroko dirulaguntza dago jasoa.

Europako Batasunak egitasmoari maiatzean bultzada ematea espero dute. Izan ere, orduko espero dute San Migeli eskainitako kontinenteko hainbat santutegi lotzen dituen kultur ibilbideak aitortza jasotzea. Horrek dirulaguntzak eskuratzeko atea zabalduko lieke, lanek 2,5 milioi euroko aurrekontua baitute.