Astekaria

Legendazko komikia

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko urt. 26a, 11:44

Alfonso Gartziandia Goñi Goñiko Teodosioren komikiaren marrazkigilea. UTZITAKOA

Aralarko santutegiak Goñiko Teodosioaren istorioaren liburu ilustratua eta margotzeko liburuxka publikatu ditu. Alfonso Gartziandia Goñi etxarriarrak egin ditu marrazkiak eta Jose Antonio Escudero arduratu da maketazio lanaz. Xedea istorioa zabaltzea da.

Etxean ikasi zuen Alfonso Gartziandia Goñi etxarriarrak Goñiko Teodosioren kondaira. "Nire aitak, gauetan ohatzera joaten ginenean kontatzen zizkigun istorioak eta, batez ere, Teodosiorena. Guretzat faboritoa zen". Orain, Gartziandiak Aralarko santutegiaren legenda kontatzen duen komiki baterako marrazkiak egin ditu. Maketatzeko lanetan Jose Antonio Escuderoren laguntza izan du. Margotzeko liburuxka egin dute ere eta biak, komikia eta margotzeko liburuxka, Aralarko santutegian, Zamartzeko monastegian eta Iruñeko Katedralaren ondoan dagoen elizbarrutiaren dendan eros daitezke sei eta lau eurotan, hurrenez hurren. Teodosioren Legenda komikiarekin lortutako irabaziak Aralarko santutegian egiten ari diren denda, harrera eta komunak ordaintzeko bideratuko dira.

Alfonso Gartziandia Baztango apeza da eta Mikel Gartziandia, bere anaia, San Migeleko santutegian apeza da ere. "Beti egoten gara San Migeleko eta Aralarko gauzak komentatzen eta ni beti marrazkiak egiten ibiltzen naiz". San Migeleko legenda jende "pila batek" ez duenez ezagutzen eta "gehien bat" haurrei gerturatzeko komikia egitea erabaki zuten. "Marrazki batzuk egin nituen, folio batean jarrita, maketatu gabe eta gero marrazki horiek formatu eder batean jarri ditugu eta haurrak margotzeko beste liburu bat ere egin dugu"

"Betidanik" marraztu izan du Gartziandiak. "San Pablo, Itun berriko apostoluak... eta, orain, Teodosioren istorioa". Elizbarrutiak hilabetero publikatzen duen aldizkarian ere parte har tzen duela esan du. "Nik sortutako marrazkiak dira, modeloa ez nuen. Batzuetan zerbaiti buruz badituzu beste marrazki batzuk kontuan, baina kasu honetan imajinazioa izan da". Haur txikiak ez aspertzeko barraskilo bat sartu du marrazkietan zehar, Teodosioren ondoan doana eta laguntzen eta gomendioak ematen dizkiona. Komikiak hamasei orri ditu eta kondaira euskaraz eta gaztelaniaz kontatuta dago

Teodosio Goñikoa
Sakandar askorendako Goñiko Teodosioren eta Aralarko San Migelen istorioa ezaguna da. Kondaira eta historiaren artean dagoela esan du Gartziandiak. "Badirudi Teodosio pertsonaia historikoa izan zela, eta historia eta legenda elkartzen dira". Laburbilduz eta komikian kontatzen dena zera da; Teodosio Goñin bizi zen gizon bat zen eta "musulmanen edo bisigodoen kontrako" gerra batera joan zen. Gerra amaitzean, herrira bueltatzean, bidean, "kondairak dio" deabrua mozorroturik agertu zitzaiola eta "garai hartako fake news" bat esan zion: bere emazteak gizon batekin engainatu zuela. Teodosio Goñira, herrira, korrika itzultzen da eta ohean bi pertsona aurkitzen ditu; eta hiltzen ditu. Etxetik ateratzean emaztearekin topo egiten du, "eta nola da posible? Nor zegoen ohean? Emazteak bere gurasoak zeudela erantzuten dio, adinduak zirenez ohe hoberena utzi ziela".

Teodosiok "pekatu oso handia" egin zuenez barkamen handia behar zuen eta Erromara peregrinazioa egin zuen Aita Sainduaren barkamena eskatzera. Aita Sainduak barkamena ematen dio, penitentzia batekin: gerrian kateak eraman beharko zituen, arrastaka, "eta kate horiek hautsi arte zure penintentzia ez da bukatuko". Etxera bueltan zihoala Aralarren koba batean bizi zen "dragoi edo herensuge" batekin topo egin zuen eta laguntza behar zuenez "zeruko aingeruetatik San Migel goiangerua dela gogoratu zen eta SOS edo SMS bat bidali zion". San Migel joan zen, dragoia hil zuen eta kateak hautsi zizkion. "Orduan, Teodosiok Aralarko goiko mendian elizatxo bat egin zion". San Migelen irudian aingerua Jesusen gurutzearekin agertzen dela azaldu du Gartziandiak, "gure arma sekretua Jesusen maitasuna dela esanez". Orduz geroztik dago Aralarren gainean santutegia.

Haurrendako
"Gaur egun ikusten ditugu haurrak telefono mugikorrarekin astakeria mordo bat ikusten. Horiekin alderatuz, istorio hau light da". Kondairaren atzean, gainera, ikasketa bat dago: "Legendak irakasten digu gezurrek kalte egiten dutela eta beldurra dugunean gure ondoan babestuko gaituen norbait behar dugula, lagunak, familia... Laguntza eskatzeko norbait behar dugula". Gartziandiak azaldu duenez, "badago idazle ingeles bat, esan zuena, dragoien legendak ez direla dragoiak existitzen diren edo ez kontatzeko; dragoien kontra irabazi ahal dugula esa ten digute. Gure bizitzan agertzen diren dragoiak, arazoak, oztopoak eta abar irabaztea posible dela". Legendaren atzetik "beti zer dagoen" ikusi belar dela gaineratu du apezak.

Haurrendako ikasketak ere baditu Teodosioren legendak: "Zerbait gaizki egiten denean barkamena eskatzea posible dela". Legenda ez denean ezagutzen, "pentsa, esaten diozu haurrari gizonak emaztea hil behar zuela baina gurasoak hiltzen dituela". Astakeriak ere egiten direla erakusten du. "Txikitatik entzuten genuen. Batzuetan uste dugu haur txikiak direla, baina haur txikiek ere pentsatzen dute. Ustez baino pentsamendu gehiago dute. Haurrak bezala tratatzen ditugu, baina pertsonak dira, eta pertsonak bezala tratatu behar ditugu". Bizia bizitzen erakutsi behar zaiela gaineratu du Gartziandiak.