Uhartearrek eraso matxista bat salatu dute

Guaixe 2023ko ots. 3a, 12:54
Uhartearrek eraso matxista salatu zuten plazan. BILGUNE FEMINISTA

Mugimendu feministak deituta kontzentrazioa egin zen eta udalak gaitzespen adierazpena onartu du.

Gizonezko batek emakumezko uhartear batik egindako eraso matxistaren kontra atera ziren hainbat uhartear atzo arratsaldean. Uharte Arakilgo Bilgune Feministak (BF) deitutako deialdiarekin bat egin zuen udalak ere. Aski da! Eraso matxistarik ez leloa zuen pankarta zabaldu zuten. BFko kideek esan zuenez, “gertutik ikusi izan dugu, indarkeria matxistak ez duela etenik”. Eraso matxista dela eta gaztigatu zutenez, “bizi dugun gizarte antolaketa sexistak ahalbidetzen duen indarkeriaren beste adierazpen bat ikusi dugu. Ez dira modu isolatu batean gertatzen diren jarrerak edo gertakariak. Bizi garen sistema heteropatriarkalaren baitan kokatuak daude”. 

Ziurtatu zutenez, heteropatriarkatuak “emakumeak*, desabantaila, injustizia, bazterketa eta indarkeria egoerara bultzatzen dituen zapalkuntza sistema da. Eta indarkeria matxista, sistema heteropatriarkal horretan, emakume eta gizonen arteko botere harremanak betikotzeko ezinbesteko tresna da, estrukturala alegia”. Gaineratu zutenez, “gizonen esku sistematikoki erreproduzitzen da eta egiturazko izaera du. Alegia, egunerokoan eremu orotan presente dauden indarkeria-moduak dira, ez soilik etxeko esparru intimoan”.

Horregatik, Uharte Arakilgo BF-ko kideek ezinbesteko jo dute “egunerokotasunean indarkeria matxistaren aurkako jarrera adieraztea, bakoitzak, gizon eta emakumeak dagokigun esparrutan ardura hartzea”. Eta nabarmendu zutenez, “herri bizigarria eraikitzea denon ardura da eta bizitzeak merezi du baldin eta tratu txarrik ez badago”. 

Udal adierazpena 
Gizonezko batek herriko emakumezko bati egindako eraso matxistaren kontra “gaitzespen gogorrena” azaldu du Uharte Arakilgo Udalak. Horrekin batera bere “laguntza eta babes osoa” adierazi dio erasoa jasan duen emakumezkoari, bere seme-alabei eta bere ingurukoei. Emakumezkoaren esku duen informazio eta baliabide guztiak jarri ditu udalak, “bere onera etortzeko prozesuan lagungarri izan dakizkiokeenak”. Udalak jakinarazi duenez, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko jarduna koordinatzeko Sakanako I. Lurralde protokoloa aktibatu du. 

Uharte Arakilgo Udalak adierazi duenez, “jendarte parekidea eraikitzeko eta emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak gainditzeko beharra inoiz baino ageriago uzten du gertaera latz honek, eta horretan ardura berezia dugu erakunde publikook”. Udal ordezkarien iritziz, “emakumeen kontrako eraso hauek ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu. Indarkeria matxista emakumeek eta gizonek bizi duten desberdintasun egoeraren adierazpen bortitzena da”. Gaineratu dute indarkeria hori “egiturazkoa” dela, “indarkeria horren muinean ordena soziala bera baitago, hau da, indarkeria mota hori sustatu, babestu eta ahalbidetzen duen sistema oso bat”. Horregatik ondorioztatu dute indarkeria matxista “emakume eta gizonen arteko botere harremanak bere horretan mantentzeko ezinbesteko tresna” dela. 

Indarkeria matxista “lehen mailako” arazotzat jo du Uharte Arakilgo Udalak. “Oraindik, neurri handi batean, ezkutuan mantentzen da, justifikatu eta ezkutatu egiten da”. Nabarmendu du ez dela “espazio pribatuari dagokion arazo bat. Arazo kolektiboa da, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea”. 

Indarkeria horren “egiturazko jatorria” azpimarratu ondoren, hari aurre egiteko neurriak eta erantzunak “ere integralak izan behar dute. Pertsonen arteko harreman sistema berdinzalea sortzea da erronka, gaur egungo antolaketa eta ordena soziala eraldatzea, azken finean”. Aldi berean, “indarkeriaren prebentzioan ahalegin berezia egin behar da, pertsonak askatasunean heziko dituen hezkuntza sustatuz eta, besteak beste, gaur egun indarrean dagoen maskulinitate eredua eraldatu, gizon izateko modu alternatiboak garatuz”. Horregatik, Uharte Arakilgo Udalak gizonezkoei dei egin die “alde batera uzteko emakumeen kontrako indarkeria ahalbidetzen duten jarrera konplize guztiak”. 

112
Sexu erasoa edo tratu txarrak sufrituz gero, 112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.