Klima larrialdiari aurre egiteko Sakanaren planari aitortza egin dio gobernuak

Guaixe 2023ko ots. 21a, 13:31

156 udalerrik egin dituzte planak. NAFARROAKO GOBERNUA

Udal guztiek eta Sakanako Garapen Agentziak elkarrekin egin dute; Sakanako Estrategia Planean txertatuta dago. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak sustatu ditu plano horiek, eta bat egin duten udalei aitortza egin zien.

Ibarreko 15 udalek Sakanako Garapen Agentziarekin elkarlanean Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko tokiko plan edo estrategia bat landu dute. Estrategia hori Sakanako Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da. Plan horren bidez klima aldaketari aurre egiteko neurriak Sakanara egokitu dira eta, horrela, Europako araudia tokiko eskalara jaitsi da. Nafarroako Gobernuak eta Nasuvinsa enpresa publikoak koordinatzen duten LIFE Nadapta-CC proiektuaren barruan dago aipatu plana. Proiektuan lan egin duten teknikoen laguntzaren bidez diseinatu eta finantzatu da plana. 

Nafarroako 154 udalerrik egin dituzte halako planak eta haiei aitortza egiteko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ekitaldia antolatu zuen asteartean. Itziar Gomez Lopez kontseilariak nabarmendu zuenez, "funtsezkoa da helburu globaletik tokiko ekintzara koordinatuta dagoen lanaren eskutik pasatzea, eta tokiko erakunde, gobernu eta gizartearen arteko sarea oinarrizkoa izanen da europar parametroak jarraituz konpromisoen lorpenean aurrera egiteko". 

Uharteren lekukotza
Ekitaldian hainbat alkatek beraien planen inguruko lekukotza utzi zuten, eta hitza hartu zutenen artean Uharte Arakilgo alkate Txomin Uharte Baleztena zegoen. Alkateak azaldu zuen zein lan egin zuten plana egin eta hura Sakanako Estrategia Planaren barruan kokatzeko. "Udal guztiok parte hartu dugu eta horrek indarra ematen dio. Horrek berak babesa ematen die udal txikiei ere. Eta, aldi berean, elkarri laguntzeko konpromisoa adierazten du", azaldu zuen. Uhartek gaineratu zuenez, "plana dokumentu mardula da", eta hura nola bideratu zuten azaldu zuen. Hala ere,"planak herrietara moldatzeko teknikarien premia" dagoela gaztigatu zuen alkateak, "batez ere udal txikien kasuan". 

Planaren ardatz nagusiak oinarri hartuta, Uharte Arakilen egindako egokitzapenen adibide batzuk ere eman zituen. Batetik, Ganbeletako iturburuko amiantodun hodia berri bategatik ordezkatzea eta horretan argindarra sortzeko turbina jartzeko asmoa. Eta, bestetik, etxebizitzaren arloak hartutako bi neurri. Aurrena, zaharberritzea sustatzeko lehentasunezko zaharberritze eremu izendapena lortzea. Atzena, etxebizitzen energia birgaitzerako hainbat auzotan saiatutako eta Itxesian eginen den Eskuhartze Globaleko Proiektua. 

Jasotako aholkularitza eta plana bera positiboak izan direla nabarmendu zuen Uhartek. "Udal txikietatik saiatzen gara lurralde antolaketan eragiten, zaharberritzea sustatzen eta urbanizazio berriak ez egiten. Bitartean, ingurumen inpaktua duten mehatxu batzuk gure lurraldea zeharka dezakete, esaterako, Abiadura Handiko Trena edo goi tentsioko lineak", gaineratu zuen alkateak.