Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 35 makina jarriko ditu martxan gaur. Izan ere, iparraldeko eta erdialdeko eskualdeetan elur kota 500-700 metrora jaisteko aukera eta elurra pilatzeko arriskua dago. Hala ere, ez da aurreikusten pilaketa esanguratsurik galtzadan. Dispositiboa goizaldetik dago indarrean, eta erne egonen da errepide sarea egoera onean mantentzeko. Elurra kentzeko makina horietako batzuk Sakanako eta Leitzarango autobiak eta ibarreko errepideak zainduko dituzte.
Une honetan Aralarrera Baraibartik joateko errepidean elurra dago eta kateak behar dira 6. km-tik aurrera. Nafarroako Gobernuak tentuz gidatzeko eskatu du. Bestalde, Uharte Arakilgo Udalak mendi magalean duen pistan neguan ez du mantentze lanik egiten, eta, beraz, elurragatik itxita dago.
Errepideei buruzko informazioa eta gomendioak
Nafarroako errepideen egoera eguneratua www.incidenciascarreteras.navarra.es webgunean eta 848 423 500 telefono zenbakian kontsulta daiteke. Beste gorabehera batzuk twitter @112_na profilean jakinarazten dira. Nafarroako Gobernuak errepide eta azpiegitura nagusietan dituen web kameretan ere ikus daiteke bideak nola dauden.
Era berean, Nafarroako Gobernuak hainbat gomendio orokor ematen ditu neguan errepideetan ibiltzeko. Horien artean, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea, bakarrik ez bidaiatzea eta garraio publikoa erabiltzea daude. Halaber, komeni da gauez ez gidatzea, gauean zailago baita errepideko arriskuak antzematea, esaterako, izotz plakak.
Beharrezkoa da inguruko eguraldiaren berri izatea komunikabideen bidez eta errepideen egoera zein den kontsultatzea bidaiari ekin aurretik. Ekaitzak errepidean harrapatzen bazaitu, egon autoan: aterpea emango dizu, eta gurpilek tximistentzako isolatzaile gisa jokatzen dute. Autoa martxan mantentzen bada berokuntza jarrita, airea berritu behar da leihatila erdi ireki batekin, intoxikaziorik gerta ez dadin. Azkenik, gomendagarria da telefono mugikor bat eramatea, informazioa jasotzeko eta arreta zerbitzuko baliabideak eskuratzeko.