Otsailaren 26an, igandea, despeditu zen Galizian jokatutako O Camiño txirrindularitza proba, maila izugarria izan duen itzulia eta eguraldi txarrak, elurrak barne, are gogorragoa bilakatu duena. Lasterketa igandean Santiagoko Plaza do Obradoiron bukatutako 18,1 kilometroko erlojupekoarekin despeditu zen. Jonas Vingegaard (Jumbo) daniarrak aurreko egunetan bezala errezitaldi bikaina eskaini zuen eta berak irabazi zuen erlojupekoa, bere taldekide Rohan Dennisi 35 segundo aterata. Vingegaardek O Camiñoko hiru etapa eta sailkapen orokorra irabazi ditu.
Sailkapen orokorrean Vingegaardek 2:31 minutu atera dizkio Jesus Herradari (Cofidis), eta 2:48 Ruben Guerreirori (Movistar). Kern Pharma taldeko Igor Arrieta Lizarraga uharte arakildarrak lan ederra egin du eta Top-20an sailkatu da, hemezortzigarren izan baita, 4:43era. Erlojupekoan ere hemezortzigarren izan zen Arrieta. “Lasterketako lau egunotan Kern Pharmak lan dinamika ona jarraitu du. Talde lanaren ondorioz egoera politak bizi izan ditugu, hirugarren etapan Igor Arrietak egin zuen ihesaldia, esaterako. Gauzak ongi egiten ari gara eta konfiantza hartzen ari gara. Beraz, baikorrak izan behar dugu” azaldu du Kern Pharmako kirol zuzendari Juanjo Orozek.
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Mulu Kinfe Hailemichael, Etxarri Aranatzen bizi den keniarra 38. sailkatu zen, 8:33ra, eta bere taldekide Josu Etxeberria Azpilikueta iturmendiarra 108., 40:37ra.