Ustezko zientzia kongresu zoro eta dibertigarri batean gertatzen da Piztu! EmakumeON energia antzezlana. Emakumezko bi aktorek dena buruz gora jarriko dute eta emakume zientzialarien historian zehar ibilbidea eginen dute, Marie Curi ardatz eta gidari dela. Familiarteko ikuskizuna Sakanako Mankomunitateko Berdintasun zerbitzuak Martxoaren 8aren Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitarauaren barruan izanen da martxoaren 4an, larunbata, 17:30ean, Uharte Arakilgo udaletxean.
'Piztu! EmakumeON energia' antzezlana
Sinopsia: Zelakoa litzateke mundu bat benetako berdintasunarekin? Desorekaz eta injustiziaz betetako mundu ilunean argia piztuko bagenu? Guztion energia erabiliz guztiontzat aukera berdinak zabaltzen dituen mundu bat asmatuko bagenu? Eta, bat-batean, zientzialari batek asmatuko balu ezjakintasun guztiekin bukatzeko makina miraritsua? Horrek berdintasuna ahalbidetuko luke? Eta asmatzailea emakumea balitz? Ustezko zientzia kongresu zoro eta dibertigarri honetan, emakumezko bi aktorek dena buruz gora jarriko dute, emakume zientzialarien historian zehar nabigatuko dugu, Marie Curie ardatz eta gidari izanik emakumeak zientzian izandako benetako pisuaz jabetuko gara eta hainbat esperimentu ere egingo ditugu. Eta bidaia honen ondoren, guztien barnean ideia berriak piztuz, beharbada makina horrek barnean gordetzen duen sekretuaz jabetuko gara.
Fitxa artistikoa:
- Gidoia eta zuzendaritza: Imanol Ituiño.
- Antzezleak: Tania Fornieles eta Nahikari Rodriguez.
- Ekoizpena: EIDABE.
Emanaldia: Martxoak 4, larunbata, 17:30ean, Uharte Arakilgo udaletxean.
Hizkuntza: Euskara.