Legediari jarraituz, Uharte Arakilgo Udalak Erroetxea eta Ostatuzarra etxeei buruzko herritarren partaidetza prozesua martxan jarri du. Bi eraikinak Uharte Arakilgo San Joan kalean daude, trenbide azpiko herriko sarreraren ondoan. Mutilarena SMU enpresaren asmoa da San Joan kalearen 6. zenbakian dagoen Erroetxea eraikinaren beheko partean jatetxea egitea eta goiko solairuetan hotela. Eraikin horren aldamenean Ostatuzarra etxea dago, San Joan kaleko 4. zenbakian. Sustatzaileak bertan osagarria izanen den beste enpresa egitasmo bat martxan jarri nahi du: beheko solairuan turismo zerbitzuekin erlazionatutako zerbitzuak eskainiko dira, bereziki Sakanan sortuko den bizikleta sarearekin lotutako eta, beraz, bizikletarekin atseginak diren jardueretara bideratuko da. Lehen solairuan gimnasio zerbitzua, fisioterapia eta spa izanen dira eta goiko solairuan, azkenik, bi apartamentu.
Hoteleko bezeroeak Ostatuzarra etxeko zerbitzuen erabiltzaile izan daitezkeela uste du sustatzaileak. Horregatik, bi etxeak pasabide irekin batekin elkartu nahi ditu. Bi etxeen artean dagoen kale estuan eraikiko litzateke pasabide hori, bi eraikinen lehen solairuaren altueran. Sustatzailearen arabera “bi etxeen arteko zubi moduko bat litzateke”. Arkitektura tradizionalaren irizpideak hartuko lituzke kontuan hura eraikitzeko.
Halako pasabideak egiteko aukerarik ez dago Uharte Arakilgo Udalaren hirigintza araudian. Hori dela eta, araudia aldatzeko eskaera egin du sustatzaileak. Hiri Jarduerako Plan Berezia proposatu du hirigintza arauak aldatu eta pasabide hori egin ahal izateko. Horrek berarekin herritarren aldez aurreko parte hartzea eskatzen du eta, horri jarraituz, Uharte Arakilgo Udalak kontsulta izaerako parte hartzea egin du pasarela egin (1,4 metro zabal eta 4 metro luze) eta Ostatuzarra etxeko teilatuan eguzki plakak jarri ahal izateko. Azalpenak egiteko bilera eginen da udaletxean.