Abiadura handiko trenaren (AHT) ondoko Nafarroako bost herrietako alkatek, tartean Uharte Arakilgo Txomin Uharte Baleztenak, manifestua publiko egin zuten ostiralean. “Ez gara gure bizilagunen interesak defendatzera mugatzen”, adierazi dute. “Kezka agertzen dugu hausnarketa serio, sakon eta sentiberatasunik ezaren aurrean, proiektu horrek Nafarroako herritar guztiendako ekarriko lituzkeen ondorioei dagokienez”.
Bi eskaera egin dituzte. Alde batetik, abiadura handiko linearen desjabetzeak eta eraikuntza obrak gelditzea, bai eta zubi eta zubibide gisako azpiegiturenak ere. Aldi berean, Nafarroa Trenaren Alde plataformak tren sozial baten alde aurkeztatutakoa edo ildo horretan egin daitezkeen beste alternatibak aztertzea eskatu zuten, besteak beste, trenbide sarea modernizatzea, tren bidezko salgaien garraioa bultzatzea, gure herrietako eta eskualdeetako geltokiekiko konexioak eta maiztasunak hobetzea, ardatz Atlantikoarekiko eta Mediterraneoko ardatzarekiko loturak modernizatzea eta hobetzea.
Alkateek “kezka” adierazi zuten “AHT lanei buruzko hainbat berri ezagutu ondoren”. Horregatik, bost alkateak “zentzu komunaz aritzeko” deia egin dute. “Ezin da euro bat gehiago inbertitu egunetik egunera zalantza gehiago sortzen dituen azpiegitura batean. Zalantzak horren komenigarritasunaren inguruan; errentagarritasun sozialari buruz; ingurumen-inpaktuari buruz; foru-lurraldea desegituratzeko eta leku askotan despopulazioa handitzeko arriskuari dagokienez; nekazaritzan, abeltzaintzan izango lituzkeen ondorioei buruz; eta, azkenik, ohiko tren-zerbitzuan izango lituzkeen ondorioei buruz, eta leihatilak zein geltokiak ixtea barne”.
Boskoteak azpimarratu du “obraren gehiegizko kostu eta zalantzazko errentagarritasun ekonomikoa, errentagarritasun sozialik eza, ingurumenaren gaineko eragina, bai eta gure herrien isolamenduan eta despopulazioan eragiten” duela. Ziurtatu zuenez, AHTrena “ez da ezta proiektu serioa ere. Inork ez daki nola bukatuko litzatekeen, ezta zati batzuk nondik igaroko liratekeen, ez geldialdiak non izango lituzkeen, ez eta proiektuak bideragarritasuna duenik ere, azkenean Europarekin lotuko ote litzatekeen... Gainera, AHTk salgaiak garraiatuko lituzkeela saldu nahi izan digute baina gero eta zalantza gehiago dago horren inguruan”.
Udal ordezkariek ziurtatu dutenez, “AHTren diru xahutzea ikaragarri hori herritarren beharrak asetzeko bideratzea eskatu behar dugu, bereziki oinarrizko eta funtsezko zerbitzu publikoak finantzatzera. Hala nola hezkuntza, osasuna, mendekotasuna, pentsioak, eta abar”. Nafarroa Trenaren Alde plataformak aurkeztutako alternatibari ere erreparatu zioten. “Ez dugu harekin zertan %100ean ados egon, zehaztapenetako batzuekin edo tarte batzuei buruzko zalantzak izan ditzakegu. Baina agerian uzten duena, eta azpimarratu nahi duguna, egungo trazadura hobetzean eta modernizatzean oinarritutako alternatiba izan badela. Nahikoa da horretarako borondate pixka bat edukitzea”.