Altsasu Lanbide Heziketarekin (LH) hitzarmena egin dute Sakanako Garapen Agentziak (SGA) eta Uharte Arakilgo Udalak. Horren ondorioz, estreinakoz, LH ikastetxean Mendi Ertaineko Kirol teknikari ikasketak egiten ari den Ibai Irisarri ibarreko bi erakundeetan praktikak egiten ari da. Maiatza hasieratik garagartzaroaren erdialdera arte iraunen dute praktikek.
SGAko turismo teknikari Paki Urbitarte Cabrerak azaldu duenez, “Irisarri gurekin dagoen bitartean Sakanako Ibilbide sarea, Trail Estazioa eta Donejakue bidea proiektuetan arituko da lanean”. Urbitartek gaineratu duenez, “espero dugu bere prestakuntza osatzeko lagungarri izatea praktikaldia”. Bide batez, turismo teknikariak Altsasu LH ikastetxeari esker ona adierazi dio “elkarlana posible egiteagatik”.