Areto futbola

Harro egoteko hamaika arrazoi

Maider Betelu Ganboa 2023ko eka. 7a, 14:20
Aralar Mendi taldekoen poza, Tafallaren kontra denboraldiko lehen garaipena lortu zutenean. ARALAR MENDI

Uharte Arakilgo Aralar Mendi Hirugarren Mailako Nafarroako Kopako txapeldunordea da, Gazte Berriaken kontra azkenera arte borrokatu eta galdu eta gero. Kopa galtzearen penari, egindako denboraldi bikainaren harrotasuna gailentzen zaio

Larunbatean areto futboleko Hirugarren mailako Kopako Lauko finala jokatu zen Antsoainen. Finalerdi oso gogorrean Kirol Sporti irabazita sailkatu zen Uharte Arakilgo Aralar Mendi finalera. Gazte Berriaken kontrako finalean bukaeraraino eutsi ondoren, azken bi minutuetan joan zitzaion partida Aralar Mendiri. Kopa ia eskura izateak sortzen duen pena dute oraindik, baina denboraldi bikaina egin dutela jakitun dira. 

Hasiera zaila
2022/2023 denboraldia, baina, ez zen oso ongi hasi Aralar Mendirendako. "Aurreko urteko jende askok taldea utzi zuen, eta ez genekien taldea ateratzeko gai izango ote ginen. Baina Ultzamako bi jokalari hurbildu zitzaizkigun, haien bitartez beste bi, eta, azkenean izena eman eta lehian hasi ginen" azaldu du Aralar Mendiko kapitain Mikel Hermoso de Mendoza Sainzek. 

Hirugarren maila estatu mailako txapelketa da, maila handikoa. Uharte Arakil bezalako herri txiki batendako bertan lehiatzea, berez, sekulakoa da. "Taldea ia sortu berria zenez, urduri hasi ginen, ez genuelako elkar ezagutzen. Lehenengo bospasei partidak galdu genituen. Tafallan irabazi genuen lehenengo partida, ez dut ahaztuko. Garaipen hori gakoa izan zen, hortik aurrera 27 puntu inguru lortu genituelako segidan". Taldeak jardutea behar zuen, errodajea. "Kalitatea bazegoen. Esaterako, Hirugarren mailako ligako eta Kopako pitxitxia, ligan 28 golekin eta kopan 9 golekin, gure taldeko Jon Iribarren Igoa izan da, Suarbekoa (Ultzama). Berak eman zigun partidak lehiatzeko eta irabazteko behar genuen kalitatezko salto txiki hori. Kategoriako jokalaririk onena izango da, ziurrenik". Elkarrekin jokatzea, elkar ezagutzea eta taldea egitea, hori zen behar zutena. "Hirugarren maila oso gogorra da eta ia zerotik hastea ez zen erraza izan, baina talde oso sendoa egitea lortu genuen eta emaitzak iritsi ziren" azaldu du kapitainak. 

Liga eta Kopa, oso gogorrak
Hirugarren mailako ligan 22 jardunaldi jokatu ziren eta Cintruenigo taldea izan zen liderra (43 puntu). Aralar Mendi zazpigarren sailkatu zen (33 puntu) eta Irurtzungo Ibararte Xota zortzigarren (27 puntu). Ondoren, koparen txanda izan zen, bi multzotan banatuta ligaxkan jokatu zena. Aralar Mendi eta Ibararte Xota taldeen multzoan oso estu joan zen txapelketa. "Kopa oso gogorra eta lehiatua izan da, gure multzoan batez ere. Lehenengo partidan Cintruenigo ligako irabazlea irabazi genuen, Erriberan. Guretako sekulakoa izan zen liderra mendean hartzea. San Juani irabazita 6 punturekin jarri ginen, baina ondoren Ibararte Xotaren kontrako bi partidak, joanekoa eta itzulerakoa, galdu genituen, eta sailkapena parekatu zen. San Juani bere etxean lehenengoz irabazi genion, eta guztia ligaxkako azken partidan erabaki zen: Cintruenigo hartu genuen, eta azken minutuan berdintzea lortu genuenez, bi taldeak sailkatu ginen Lauko Finalerako, beste multzoko Kirol Sport eta Gazte Berriak taldeekin batera"- 

Ligari eta Kopari jarraiki, Lauko Finalak ere bukaerara arte emozioa izan zuen. Aralar Mendik Kirol Sporten kontra jokatu zuen finalerdia. "Lehenengo minutuan gola sartu ziguten, baina buelta eman genion eta 3 eta 1 jarri ginen aurretik. Orduan euren atezain-jokalaria formula erabili zuten. Bere arriskua du, baina ongi atera zitzaien, hiruna berdindu zutelako. Azkeneko segundoan falta arraro bat seinaleztatu ziguten, eta gure bosgarren falta zenez penalti bikoitza jaurti zuen Gazte Berriakek, zorionez Beñat gure atezainak gelditu zuena. Luzapeneko azken unean Ibaik sartu zuen 4 eta 3koa, oso-oso gogorra izan zen finalerdian".

Azken bi minutuak
Finalerdian Cintruenigori 7 eta 2 irabazi zion Gazte Berriak talde antsoaindarra izan zuen aurkari Aralar Mendik "final oso parekatuan". Partida bukatzeko minutu bat eta 38 segundo geratzen zirenean bina berdinduta zeuden, baina areto futbolean gauzak azkar batean aldatzen dira. "Gol bat sartu ziguten eta 3 eta 2 jarri ziren aurretik. Gu azken 10 minutuetara fisikoki ukituta iritsi ginen, goizeko finalerdi gogorrarengatik, baina nolabait eutsi genion. Atezain-jokalari formula erabili genuen, baina lehenengo baloia kendu ziguten, laugarren gola sartu ziguten eta hil ala bizi ibili ginen. Gutako bat kanporatu zuten eta jendea jota zegoen. Beraien semifinala ez zen horren gogorra izan, errotazio gehiago egiteko aukera zuten taldekide gehiago zituztelako, eta freskoago zeuden. Gainera, etxean jokatzen zuten, euren jendearen babesarekin, eta horrek beti plus bat ematen dizu, nahiz eta Uharte Arakildik ere jende asko joan zen gu animatzera. Aipatutakoak ez dira aitzakia, beraiek irabaztea merezi zutelako (6 eta 2), baina final oso orekatua zen, edonork irabazi ahal zuena, eta nire iritziz, abantaila txiki horiek garaipena erabaki zuten".

Penaz, baina aurrera begira
Aralar Mendikoek "triste" bukatu zuten. "Uste dut gutako inork ez zuela aurretik final bat jokatu, eta irabazi nahi genuen. Edonori irabazteko gai ginela erakutsi genuen, eta alde horretatik pena dugu. Uhartetik familia, lagunak, zaleak... etorri ziren eta etengabe animatu gintuzten. Uhartearren babesa beti gertu sentitzen dugu, eta nahiz eta galdu, zoriontzera etorri ziren, final bat ez delako beti jokatzen. Galtzen jakin genuen, baina pena eman zigun, kopa ia eskuetan izan genuelako. Gauean guztiak elkarrekin joan ginen afaltzera, Uharte Arakilen pulpeiroa zegoelako. Egoerari buelta eman genion, eta gustura egon ginen". 

Egunak pasa ahala, kopa galtzearen pena arindu eta egindako denboraldi bikainari balioa emango diote uhartearrek, nola hasi ziren eta nola bukatu duten ikusita, denboraldia ona izan delako. Oraindik ez dira hurrengo denboraldiaz aritu, "baina uste dut jarraitzeko moduan egongo garela. Bloke sendoa osatu dugu eta oso ongi bukatu dugu denboraldia. Aurrerago erabakiko dugu". Norbaitek eurekin jokatu nahi badu, ateak "zabal-zabalik" ditu. 

Aralar Mendi 2022/2023
Jokalariak: Beñat Yaben, Jon Salinas, Jorge Mariñelarena, Mikel Barberena, Ion Iribarren, Julen Iribarren, Ibai Martiarena, Jon Arenaza, Jon Alonso, Youssef el Akkari, Driss el Houndali, Mounir El Akkari, Eneko Cruz eta Mikel Hermoso de Mendoza.
Entrenatzailea: Jesus Alvarez