Foru administrazioak foru interesekoa izendatu du Uharte Arakilgo Sargaitz industrialdean aluminiozko alanbroia edo hari lodia fabrikatzeko industria proiektua. Nafarroako Gobernutik azaldu dutenez, “Garapen Adimendunaren Estrategiarekin (S4) lerrokatutako proiektu ekintzailea da, landa eremuan enpleguari eusten edo hazten laguntzen duena, lurralde kohesioan aurrera egiten laguntzen duena eta ingurumen ikuspegia duen garapen ekonomikoan laguntzen duena”.
Sortu berri den Urrizmendi enpresak sustatuta du proiektua eta lantokia Trefilados de Navarra enpresaren ondoko lursail batean izanen du. Gobernutik jakinarazi dutenez, hogei enplegu sortzea aurreikusten du, eta inbertsioa 8,5 milioi eurokoa izanen da. Enpresa berriak bi prozesutan lan eginen du: batetik, beharrezko aluminioa galdatzea, erositako lingoteetatik datorrena, edo beste jardueratan baztertutakoa erositakotik edo berreskuratutako txatarratik aterako dena. Bestetik, materiala laminatzea forma eta pieza komertzialak edo diseinu berezikoak lortzeko. Gainera, ekoiztutako alanbroia edo alanbre lodia ezinbestekoa da energia berriztagarriak garatzeko, bai linea elektriko berriak zabaltzeko, bai daudenak indartzeko.