Altsasuko Sakana Lanbide Heziketako Institutuan Mendi Ertain Kirol teknikari ikasketak egin ondoren, Ibai Irisarri Segovia tafallarrak praktikak Sakanako Garapen Agentzian eta Uharte Arakilgo Udalean egin ditu, mendi ibilbideekin zerikusia duten hainbat proiektu aurrera eramaten. Lehenengo aldia da ziklo horretako ikasle batek praktikak garapen agentzian egiten dituela. Esperientzia "interesgarria" izan dela esan du Irisarrik.
Zertan datza Mendi Ertain Kirol teknikari zikloa?
Mendiari lotutako hainbat gauza ikasten da. Lehenengo ikasturtea gerora aukera daitezkeen hiru blokeetarako amankomuna da: Sakana, Eskalada eta Mendia. Lehendabiziko ikasturtea egin ondoren, beste hirurak egin ditzakezu. Nik mendi ertaina egitea erabaki nuen. Guztira, bi urte dira. Taldeak txikiak dira: mendiko zikloan zazpi ginen eta eskaladan, beste zazpi.
Eta zer ikasten da?
Udako gida izateko prestakuntza ematen dizute. Mendian eta basoan barna taldeak eramatea eta bitartean gauzak erakusten joatea: animaliak, landaredia... Ez da zertan mendietara igo.
"Sakanan ikasi nuen estatu mailan ez dagoelako aukera askorik ziklo hau egiteko"
Tafallatik Sakanara ikastera, zergatik?
Estatu mailan ez dago aukera askorik ziklo hau egiteko, Kataluniara edo Madrilera joan behar zara. Ez dakit askoz gehiago dauden.
Zergatik ikasi nahi zenuen ziklo hori?
Betidanik mendia gustatu izan zaidalako. Hainbat urte fabrika batean neramatzan lanean, eta hura ez zen bizitza.
Zer moduz joan dira ikasketak?
Oso gustura ibili naiz. Irakasleak primerakoak dira, eta interesgarria izan da. Ez nuen inoiz pentsatu beti gustatu izan zaidana egiteagatik irakasle batek nota bat jarriko zidanik.
Askotan egingo dizute galdera, zer lan aukera edo aukera profesional ditu?
"Duela pare bat urte hezkuntza legea aldatu zuten, eta konpetentziak kendu zituzten"
Duela bi urte inguru Hezkuntza Legea aldatu zuten, eta gure arloan hainbat konpetentzia kendu zituzten. Esaterako, via ferratak egitearena sakanen kurrikulumean jarri dute eta, azkenean, aukerak edo ibilbideak gutxitu dira. Neguan bakarrik elur raketekin egin ditzakegu irteerak.
Aurreko legearekin aukera gehiago zeuden?
Lehen kranpoiekin, eskalada eta goi mendiko zikloa egin genezakeen. Baina banandu zituzten eta orain lehenengo maila orokorraren ondoren mendi ertainekoa egin eta eskalada egin ondoren TD3 goi mailako ziklora egitera pasa zaitezke. Orain pauso gehiago egin behar dira. Eskaladaren bloke espezifikoa egin beharko nuke, esaterako.
Zer behar da ikasketa hauek egiteko? Edonork egin ditzake?
Nik uste dut edonork egin ditzakeela, baina proba fisikoak gainditu behar dira.
Eta nolakoak dira proba horiek?
Mendian ibiltzeko zaletasuna edo ohitura baduzu, arazorik gabe egiten dira. Lehendabiziko urtean, Uharte Arakildik Beriaingo km bertikala igo eta jaitsi ginen eta ondoren Aralarko santutegiraino igo behar dzen, hamar kiloko motxilarekin eta hiru ordu eta erdian gutxi gorabehera.
Beraz, mendian esperientzia izan behar duzu.
Bai. Gero abilezia proba bat egin behar izan genuen arkaitzen artean ibiltzen. Aurreko urtean Aralarko zirkuitu batean orientazio proba bat pasatu behar izan genuen. Baliz bat aurkitzen ez bagenuen, ezin genuen hurrengo blokea egin. Gutxieneko jakintza batzuk behar dira.
Probetarako prestatu zinen?
Egia esan orientazioa lehendabiziko urtean egin genuen, Urbasan gehienbat. Mapa eta iparrorratzarekin puntu batera joan behar ginela esan eta horrekin moldatu behar. Aurretik mendira joaten nintzen, gustuko nuen; betidanik joan izan naiz Pirinioetara eta beste hainbat menditara.
Espektatibak bete dira? Horrela izatea espero zenuen?
Ni ikasten hasi behar nintzen legedia aldatu aurretik. Baina ezin izan nuen sartu justu COVID19aren garaia zelako eta jende askok eman zuelako izena, eta hautaketa proba modukoo bat egin zuten eta ni kanpoan gelditu nintzen. Orduan, noski, nire espektatibak bese batzuk ziren, aurreko legedia nuen buruan, eta egoerara moldatu behar izan nuen.
Praktikak Sakanako Garapen Agentzian eta Uharte Arakilgo Udalean egin dituzu. Zergatik?
Egia esan, praktikak egin ahal izateko eskaera asko bidali nituen: Kanariar Uharteko enpresetara, Picos de Europako beste hainbatetara... Bakarrik hiru erantzun jaso nituen, eta denak ezezkoak. Beraz, Jonek, praktiketako tutoreak, hemen garapen agentzia bat dagoela esan zidan eta praktikak hartzen zituztela lehendabiziko urtea izango zela esan zidan, eta etxetik gertu zegoenez eta praktikak derrigor egin behar nituenez, eskaera egitea erabaki nuen. Bestela, beste urte bat egon beharko nuke zain bakarrik praktikak egiteko. Esan nuen: "Egin behar ditut, beraz, aurrera".
Zer moduzko esperientzia izan da?
Desberdina. Beti izan dut buruan gidaria izatea, taldeak eramatea, mendiak igotzea..horrelako gauzak betidanik izan ditut gustuko eta interesgarria izan da hutsetik hasi naizelako. Zerotik prestatu ditut gauzak: aseguruak kontratatu, zerrendak egin ea nork ematen duen izena, ibilbidea prestatu, trackeatu, pentsatu zeri buruz hitz egingo dudan... Dena nik prestatu behar nuen. Ikasitakoa praktikan jarri dut, bai.
Zein izan da zure lana?
Uharte Arakilgo Udalarekin Beriaingo km bertikalaren berhomologazioa prestatu dut. Lau urtetan behin bidea ongi dagoen ikustera joaten dira, markak margotuta eta abar eta horren arabera berhomologazioa ematen dute. Matrikula bat bezala da, eta ez zuten eman goiko postea, ermitaren ondoan dagoena, zerratu zutelako. Berria jarri behar da eta soilean goiko parte guztia markatu gabe dago eta lainoa dagoen egunetan jendeak galtzeko arriskua dauka. Hori da, hain zuzen, praktiketan landu dudana. Uharte Arakilgo eskolarekin ekainaren 2an San Vicente inguruan irteera bat egin genuen, San Bartolome baselizara eta errotarrien zonaldera; errotarriak bertatik ateratzen zituzten eta bat atera gabe dago oraindik eta primeran ikusten da. Sakanako Garapen Agentzian egin ditudan lanak Santiago Bidearekin lotuta daude gehienbat. Bidearen mantentzea eta ekainaren 3an irteera bat egin genuen 27 lagunekin. Garapen agentziak antolatzen zuen hirugarrena zen. Azkenengo zatia egin genuen, Bakaikutik Ziordira doana. Talde handia zen, ez nuen espero hainbeste jende egotea. Eguna lainotua hasi zen, baina gero eguzkia atera zen eta kristoren beroarekin bukatu genuen.
Bideen homologoazioaren inguruan ere zerbait egin duzu, ezta?
Bai. Nafarroako Mendi eta Eskaladako federazioarekin ikastaro bat egin genuen. Bernoako GR323an mantenimendua egiteko. Azkenean, 65 kilometro dira eta mantenimendua behar du. Talde bat sortu nahi da, gutxienez hamasei pertsonakoa bikoteka zatitzeko eta bikote bakoitzak hamar kilometro inguru egiteko. Hamar kilometro bi pertsonen artean ez da asko. Zoritxarrez, egun horretan taldea sortzeko ez zen jende nahiko agertu.
Zenbat denbora egon zara praktikak egiten?
Guztira 200 ordu izan dira eta nik nire modura banatu ditut, lanaren arabera. Apirilaren erdialdean hasi nintzen eta ostiralean (ekainaren 2an) bukatzen ditut. Bi hilabete inguru.
Zenbat aldiz igo zara Beriainera?
Hiru alditan. Azkenengoa asteazkenean postea eta gelditzen dena egiteko.
"Gida bat kontratatu, eta berak ahalik eta hobekien eramango zaitu menditik"
Zergatik da garrantzitsua zuen lana?
Mendira doan jendea edo mendira joan nahi duen jendea ez bada ausartzen galtzeko beldurra duelako edo uste duelako ez dela fisikoki gai, gida bat kontratatu eta berak eramango zaitu ahalik eta hobekien. Segurtasunagatik, gehienbat.
Baina talde baten gida izan aurretik, beste hainbat alor jorratu behar dira, ezta?
Bai, horren barruan daude ingurmenarekiko errespetua, bideen eta landarediaren aberastasuna mantentzea. Azkenean, bide batetik denboraldi batean pasatzen ez bazara, hemen, urte batean landarez beteko da, bide hori galdu egingo da.
Sakana eta Euskal Herria orokorrean herri mendizaleak dira.
Nafarroan eta Euskal Herrian orokorrean gertatzen dena da txikitatik joan izan garela mendira gurasoekineta, betidanik ezagutu dugu mendia. Horregatik, gida bat hartzea ez da aintzat hartzen. Betidanik joan bazara mendira, ezagutzen duzu. Nik ere hala pentsatzen nuen. Baina jende pila bat dago, hirikoak gehienbat, sekula behi bat edo zaldi bat mendian ikusi ez dutenak.
Sakana barnetik ezagutu duzu, zer eskaintzen du Sakanak?
Lehendik ezagutzen nuen; nahiko ongi ezagutzen dut. Aukera handiak ditu. Iparraldean Aralar eta hegoaldean Urbasa eta Andia. Aberastasun handia dauka. Niri eskalada gustatzen zaidanez, eskalatzeko eskola pila bat daude. Mendiak igotzeko ere primerakoa da. Arazoa da Urbasan eta Andian ez dutela uzten probetxu ekonomikorik ateratzen . Bisitarien kopurua ez dago mugatuta, autoarekin edozein tokitara sar daiteke... Baina gu ezin gara gida bezala talde batekin buelta bat ematera joan. Azkenean, gu profesionalak gara eta badakigu nondik sar daitekeen eta nondik ez, zer ukitu daitekeen eta zer ez... Azken urte hauetan gertatzen da udako asteburuetan jende asko egoten dela musikarekin, barbakoak egiten eta abar.
Zergatik ez dute uzten?
Nafarroako Gobernutik dator agindua. Urte askoko tirabirak dira. Aralarren egin daiteke, adibidez. Araudia ez dakit oso ondo, baina institutuarekin bertan praktikak egiteko ere arazo larriak izan zituzten gobernuarekin, nahiz eta asmoa dirua ateratzea ez izan.
Eta zer behar du Sakanak?
Zerbitzuez eta turismoazez dut hainbeste kontrolatzen.
Mendian ibiltzeko aholkuak?
Irteera ongi planifikatu behar da, aukera desberdinak aurreikusi behar dira, hau da, aukera bakarra ezin da izan Beriainera igotzea, alternatibak prestatu behar dira. . Eguraldia begiratu eta gaur egungo teknologiarekin telefono mugikorrean GPS bat eraman dezakezu, oso lagungarria baita.
Baina GPSak irakurtzen jakin behar da...
Gaur egungokoekin baduzu lan erdia baino gehiago egina.
"Ez zait burutik pasatzen, ezin dut imajinatu, norbaiti mendia ez gustatzea"
Mendia gustatzen ez zaienendako aholkuak?
Ez zait burutik pasatzen, ezin dut imajinatu, norbaiti mendia ez gustatzea.
Eta motxilan zer eraman behar da? Zer da oinarrizkoena?
Aldatzeko elastiko bat, gutxienez, botikina ez dut esango, baina bai gasaren bat zauriren bat eginez gero estaltzeko, ura soberan edukitzea eta janari pixka bat. Eta, nola ez, motxila gogoz betetzea.
Mendi Ertain Kirol teknikari ikasketak gomendatzen dituzu?
Gomendatzen ditut, baina espero dut jende asko ez apuntatzea, bestela lana kenduko digute. Txantxa da. Bai, gomendatzen dut.
Eta orain zer? Zer egingo duzu?
"Eskalada blokea egitea pentsatzen ari naiz, eta ondoren TD3a egiteko aukera izango dut"
Nire ideia zen honetan lan egitea, baina kanpora atera behar zara; Pirinioetara edo Picos de Europara, atzerrira ez bada. Neukan diru guztia agortu dut, orduan nire ideia da diru pixka bat irabaztea berriz eta hurrengo urtean eskaladako zikloa egiten saiatzea. Fisikoki ere prestatu behar naiz. Eta, ondoren, TD3a egiteko aukera izango dut. Ez dut alde batera uzten Sakaneko TD2 blokea ere egitea, azkenean lan aukera pila bat ditu udan: via ferratak eta beste hainbat.