Auzasoroburu dermioa lehengoratzeko lehen pausoak

Guaixe 2023ko eka. 22a, 09:01

Auzasoroburu dermioan pala lanean. ARTXIBOA

Bargan dago eta kaskailua atera zuten. Han lurra botaz lehengoratuko dute. Udalak  hamar urteko proiektu bat onartzeko lehen pausoa eman du eta jendaurrean da. Gauzak ongi lehengoratzeko proiektua aurten eginen da.

Sakanako Autobia (A-10) egiteko kaskailua behar zen, eta atera zuten tokietako bat Uharte Arakilgo  bargan dagoen Auzasoroburu dermioa izan zen. Azpiegitura egin ondoren, barga zati hura bere kabuz lehengoratzen joan da pixkanaka. Eremu horren berri zuten hainbat enpresak eta han lurra botatzeko eskaerak izan ditu udalak behin baino gehiagotan. Hala jakinarazi du Txomin Uharte Baleztena alkateak. Baina, orain pausoa ematea eta Auzasoroburu lehengoratzea erabaki du udalak.

Alkateak azaldu duenez, “uholdeek eragindako kalteak konpontzeko garaian lur begetala nora eraman aztertzen hasi eta han uztea pentsatu genuen. Eta hortik etorri da gero eremua berreskuratzearena”. Udalaren asmoa da enpresa bati ematea berreskurapena egiteko proiektua. “Egitasmoa egiterakoan, ekarpenak egiteko aukera izanen da, eta orduan erabakiko da nola moldatuko den, nola geldituko den dermio hori: larrerako utzi, basoberritu edo zer egin”, argitu du Uhartek. Gaineratu duenez, “han lurrak botatzeko kontratua hartzen duenak udalaren baldintzak bete beharko ditu. Eta Nafarroako Gobernuak gainbegiratuko du. Guztia ongi araututa egonen da”, nabarmendu du alkateak.

 

Auzasoroburun lurrak bota eta proiektua gauzatzeko ardura hartzen duen enpresak 77.907,26 metro karratu izanen ditu eskura hamar urterako. Hara lurra eramaten duten enpresek ordaindu egin beharko dute. Helburua diru etekina ateratzea baino, dermioa lehengoratzea dela zehaztu du alkateak. “Behin bukatuta, udalak herri lur egokiak eskuratuko ditu”, azpimarratu du. Proiektua egiten duen enpresak pistaren mantentzeaz arduratu beharko duela ere jakinarazi du.