Festetan ere "denon bizitzak erdigunean"

Guaixe 2023ko eka. 20a, 13:02

Mugimendu femininistako kideek festen gaineko ikuspegia prentsaurrekoan azaldu zuten. UTZITAKOA

Sakanako mugimendu feministak festak antolatzen dituzten batzorde eta eragileei ikuspegi feminista kontuan hartzeko eskatu diete. Gizonezkoei, berriz, erasoen konplize ez izateko eta zaintza lanetan ardura hartzeko.

Festak direla eta, Sakanako mugimendu feministako kideek azaldu dutenez, "festak gure jendartea antolatuta dagoen moduaren eta ditugun balioen adierazpena dira. Festek norbanako eta komunitate gisa ditugun nortasun, ideologia, hierarkia eta egiturak birsortzen dituzte, eta ditugun gatazkak, botere harremanak, rol banaketak nahiz indarkeria egoerak azaleratzen dituzte". Feminista sakandarrek nabarmendu dutenez, "ezinbestean kontuan hartu behar dugu jai eremu eta egunetan, euforia eta hainbat drogen kontsumoaren ondorioz eta 'dena libre' denaren aitzakia pean, ohikoak direla emakumeekiko nahiz bestelako genero identitateekiko hainbat eratako eraso matxistak".

Horiek horrela, Sakanako mugimendu feministari ezinbestekoa iruditzen zaio "antolatzen eta garatzen dugun festa ereduaren inguruko hausnarketa eta lanketa egitea ikuspegi feministatik". Horregatik, Sakanako udalei eta herrietako festak antolatzen dituzten batzorde eta bestelako eragileei hiru eskaera egin dizkiete. Lehenik, festen antolakuntzan herrietako talde feministen eta emakume anitzen parte hartzea bermatzeko edota horien ekarpen eta proposamenak kontuan hartzeko. Bestetik, festetako egitarauak prestatzerakoan, genero estereotipoak eta rolak irauli eta balio eta eredu eraldatzaileak lantzen dituzten jarduerak (kultur ikuskizunak, kirol ekitaldiak…) programatzeko. Eta, azkenik, festetan gertatzen diren eraso sexista, lesbofobo, homofobo, transfobo eta arrazistak arbuiatzeko.

Gizonezkoendako bi dei ere badituzte feminista sakandarrek. Batetik, gerta daitezkeen erasoen konplize ez izateko. Eraso horiek izan daitezke, besteak beste, komentario eta txiste matxistak, ukituak, irainak, mespretxuak nahiz bestelako erasoen. Horien kontrako jarrera aktiboa hartzeko eskatu diete gizonezkoei. Bestetik, festetan ere etenik ez duten zaintza lanak (haurrena eta adinekoena edo menpekotasuna duten pertsonen zaintza) eta etxeko lanak (otorduak prestatu, arropak garbitu…) euren gain hartu eta erantzunkidetasunez jokatzeko.

Azkenik, Sakanako mugimendu feministako kideek gogorarazi dute udazkenerako Greba Feminista Orokorra deituta dagoela. Hura antolatzeari ekin diote, ibarreko herri mugimenduekin, eragile sozialekin eta sindikalekin elkarlanean.