Aralarko kofradiak kide berriak egiten saiatzera animatu du

Guaixe 2023ko eka. 28a, 09:03
Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiaren batzarra. UTZITAKOA

Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak gaurtik etorkizuneko erreleboa landu nahi du.

Aralarko santutegiaren alde egitea helburu duen kofradiak bere urteroko hitzordua hilaren 18an, igandearekin, egin zuen. Hasteko, 11:00etan, meza izan zen. Han otoitz egin zuten "orain dela mila urte hasi zen kofradiaren helburuak betetzeko eta 2022ko garagartzaroaren 26az geroztik hildako kide guztien oroimenez", azaldu du kofradiako presidente Jose Mari Ustarroz Razkinek. 

Elizkizunaren ondoren, 12:00etan, Deierri etxeko bilera aretoan Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiaren batzarra egin zuten. Mahai buruan Ustarroz eta zuzendaritzako kideak izan ziren. Inocencio Aierbe Irañetak idatzitako estatutuei jarraituz, aurreko akta irakurri zuten lehenik. Diru kontuen berri eman eta urtean zehar egindako jardunen eta hobekuntza lanak eman eta batzarraren oniritzia jaso zuten. Gastuen artean nabarmentzen dira zuzendaritza bulegoa, ikerketa eta ikasketetako bulegoetako mahai, aulki, apalak eta dokumentuak gordetzeko armairuak. Bilkurak balio izan zuen ere zuzendaritzako hiru kide berriri ongi etorria egiteko. Baita 1.800dik gora kofradeek urtero ordaindu beharreko kuota zehazteko ere. Galde erantzunen txanda iritsi aurretik, zuzendaritzak gogorarazi zuen Europako San Migel toki eta bideen elkarteko kide dela kofradia eta lehendakariorde kargu bat duela. 

Deierri etxeko lanak despeditu berri zirela, eraikina jantzi gabe zegoela, egin zuten bilera joan zen urtean. Igandean, berriz, beharrezko altzari guztiekin hornituta zegoen eraikina eta "jendea pozik eta ilusioz zegoen. Azkenean, hainbeste amestutako egoitza dugu", azaldu du Ustarrozek. Eraikina bisitatu ondoren anaitasun bazkaria egin zuten santutegiko jatetxean.