Zulema Condori Zapataren bizitza ez da erraza izan. Mina Kamin (Cochabamba) jaio zen, meategian. Aitak istripua izan zuenez, Cochabamba hirira joan ziren bizitzera. Zortzi urte zituela hasi zen lanean, haurrak zaintzen. Ahal zuenean joaten zen eskolara. “Ikasketak ez izatea beti izan da nire penarik handiena”.
Oso gazte ezkondu zen. “Aitari egunero bazkaria eramaten nion fabrikara. Behin bizikleta apurtu zitzaidan, eta aitaren lankide batek motorrean eraman ninduen. Aita haserretu zen, ea gizon horrekin zer egin ote nuen, eta jo ninduen”. Hura jakitean, lankideak Zulemari ezkontzea proposatu zion. “Ongi hartu nuen. Pobreziatik atera nahi nuen. Lau seme-alaba izan genituen, eta adopzioan hartutako beste bat, nire bigarren haurra erditzean ospitalean umezurtz geratu zen mutil bat”. Baina 11 urte geroago, Santa Cruzera bizitzera joan zirenean, guztia pikutara joan zen. “Senarra nazioarteko enpresa batean hasi zen lanean, obretako arduradun, eta beste emakumezko batzuekin hasi zen harremanetan. Kargu hartu nionean, tratu txarrak hasi ziren. Berak ikasketak zituen, eta umiliatzen ninduen; analfabetoa nintzela eta nirekin ezkondu izanaz damutzen zela leporatu zidan. Etxetik joan zen”.
Seme-alabak aurrera ateratzeko lanean hasi behar izan zuen Condorik. Eskolan atezaintza eta garbiketa lanak egin zituen, eta eskolan kiosko txikia zabaldu zuen. Etxea erosi behar izan zuen, enpresak senarrari utzitako etxe batean bizi baitziren. “Gutxika, dendatxo bat zabaldu nuen etxean. Koadernoak saltzen hasi, eta denborarekin, burdindegi txikia jarri nuen. Inurritxoak bezala lan egiten genuen”.
Baina senarra bueltatu, eta tratu txarrak itzuli ziren. “Behin labana batekin bizkarrean jo ninduen. Ez zidan zauririk egin, baina seme batek ikusi zuen, hirugarrenak. Semeak esan zidan jende asko espainiar estatura etortzen zela lanera, eta nik Boliviatik atera behar nuela; bestela, aitak ni akabatuko ninduela. Ihes egiten ez banuen, berak ez zuela ikasten jarraituko, eta aitari aurre egingo ziola”. Semeak bidaiaren tramiteak egin zituen. “Bi seme helduenak hiriburura joan behar ziren ikastera, eta alaba nagusia ezkondua zegoenez, bera utzi nuen guztiaren kargu. Alaba gazteenak bihotzean arazoak zituen, ebakuntza egin berri zioten. Pena handiena berak eman zidan. Ez nuen joan nahi; negarrez hartu nuen hegazkina”.
2004an iritsi zen Alacantera. “Klimarengatik aukeratu zuen semeak. Jende nagusia zaintzen hasi nintzen. Lanekin zorte handia izan nuen. Semea ekarri nuen, baina lanean hasi nahi zuela, eta Boliviara bueltatu nuen. Gero alaba etorri zen. Eta gauza bera gertatu zen. Nik oso argi nuen lehenengo gauza ikasketak zirela. Bostek ikasi dute, eta harro nago”.
2007an iritsi zen Izurdiagara, Alacanten nagusi izandako batek familia ezagutzen zuelako. “Iruñera iritsi, eta sekulako elurtea zegoen. Lehen aldia zen elurra ikusten nuela. Izutu nintzen, autobusa hartu eta egun berean Alacantera itzuli nintzen. Baina lasaitu, eta berriro Izurdiagako bidea hartu nuen”. Izurdiagan bost urte egon zen emakume bat zaintzen. “Familiak izugarri maite ninduen, eta nik familia gisa maite ditut. Paperak egin zizkidaten”. Emakumearen heriotzaren ondoren Zubietarrekin ia zazpi urte egin zituen Uharte Arakilen. Etxaurin bi urtez ere egon da, eta egungo etxean, Etxeberrin, urtebete pasa darama.
Plaza, bilgune
Uharte Arakilen pisua erosi, eta “gustura” bizi da Zulema. “Ana Etxarri lagun mina dut, ahizpa izango balitz bezala. Eta baita Nieves eta Marian ere. Beraiekin gelditzen naiz herrigunean, eta tabernan biltzen gara. Uhartearrek oso ongi tratatzen naute, jende ona da. Uharteko eliza, iturria, kaleak... gustuko ditut, baina plaza aukeratuko nuke; bilgune polita da”. Gehien gustatzen zaiona paseatzea da, mendira joatea. “Beriainera ez naiz iritsi, baina San Miguel, San Vicente, San Bartolome... gainontzeko guztia ezagutzen dut”.
Ez du bere burua Bolivian ikusten. “2018an itzuli nintzen behin betiko, baina ez nuen nire burua bertan ikusten. Urte bete eta hiru hilabete pasata, Uhartera itzuliko nintzela esan nien. Seme-alabek ez zuten ongi hartu. Ni eurengatik horrenbeste sakrifikatu eta gero, orain ni zaindu behar nindutela sentitzen zuten. Baina onena opa nien eta etorri nintzen”.
Bere ametsa alaba txikia Uhartera bizitzea etortzea litzateke. “Pozik biziko litzateke nirekin. Bi aldiz eskatu dut bisatua, baina atzera bota didate. Ea lortzerik dugun; horrek zoriontsu egingo ninduke”. Egun, erraina eta bilobak daude berarekin, eta “bilobez gozatzen” ari da.