Irailaren 10ean, igandea, jokatuko da Uharte Arakil Beriain Km Bertikala, aldi berean Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa izango dena. Aralar Mendik antolatu du. 190 korrikalarik eman dute izena. Uharte Arakildik abiatuta, Itxesi igerilekuetatik mendira sartu eta 5 km aldapatsu eta gogor dituzte aurretik (1:023 m desnibel +), Beriaingo puntara heltzeko.
FEDMErekin afera
Aralar Mendiko Juanjo Goikoetxea Berasategik azaldu duenez, Uharteko probarekin batera Espainiako Km Bertikalen Txapelketa jokatuko da Villanuan, "eta parte hartzean nabaritu da. Hala ere, oso pozik gaude, 190 korrikalarik proba bertikal batean izena ematea handia delako".
Hasiera batean, maiatzean zen jokatzekoa Espainiako Txapelketa, "baina FEDMEk (Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioa) arazo batzuk izan zituen, eta proba gure asteburuan jarri zuen. Gurea Nafarroako Txapelketa denez, Nafarroako Federazioak data mantentzea erabaki zuen, eta korrikalari nafarrei selekzioan parte hartzeko edo Uharte Arakilera etortzeko aukera eman zien. Horietako batzuek, esaterako Mikel Beunzak eta Maria Ordoñezek, gurera etortzea erabaki dute, eta hori eskertzekoa da" azaldu du Goikoetxeak. Nafarroako eta Euskadiko selekzioek Espainiako Bertikalen Txapelketan aritu beharra dute, federazioek bertan lortutako emaitzen arabera jasotzen baitituzte diru laguntzak. "Uste dugu gauzak ez direla ongi egin, FEDMEk herrialdeetako txapelketak errespetatu behar baitzituen. Arraroa izan da, eta honekin guztiarekin, aurtengoa eromena izan da" aitortu du.
Faboritoak
Beunzarekin eta Ordoñezekin batera (2021eko irabazleak izan ziren), Walter Becerra eta Inma Pereiro daude igandean Beriain Km Bertikala irabazteko faboritoen artean, baina sorpresak egon daitezke. 2022an Albiko Didier Zago korrikalari handiaren apopiloa den Loic Robert frantziarra (40:21) eta Oihana Azkorbebeitia (48:58) gailendu ziren, azken hau, bigarrenez. Korrikalarien artean sakandar dexente daude. "Sakandarrek ez dute huts egiten, eta eskerrak".
Eguraldiarekin bueltaka
Eguraldia da antolakuntzaren buruko min garrantzitsuenetakoa. "Azken egunetan eguraldi iragarpena begiratzen ari naiz etengabe, eta ez dago argi. Ekaitzak hegoaldetik etortzen direnean, zaila izaten da zer eguraldi egingo duen asmatzea. Espero dugu lasterketa jokatzen den orduetan ateri egotea. Ea nahia betetzen den" opa du Goikoetxeak. Eguraldiaren aurrean ezin da ezer egin, "baina buruhausteak ematen dizkigu. Ez soilik korrikalariendako, kontroletan daudenendako bizpahiru ordu euripean egotea ez baita oso atsegina. Beraz, ea euriaz libratzen garen" espero du.
Jende asko joaten da Beriainera proba jarraitzera. "Gehienak Beriaingo azken malda gogorrean jartzen dira, korrikalariek gehien sufritzen duten tartean, normala denez".
Korrikalariak 10:00etatik aurrera aterako dira, binaka, 30 segunduro. Azken hamarrak, aldiz, minuturo. "Irteera ordu beteko kontua izaten da. Behin Beriainera helduta, nor bere kabuz jaisten da, eta ordurako plazako auzatea prest dago. Sari ematea 13:30ean egingo dugu".
Gonbidatuta
Egun honetan giro ederra egoten da Uharte Arakilen. "Korrikalariak gustura egoten dira auzatean. Giro ona sortzen da. Eta Uharteko jendea ere gustura egoten da. Egun polita da etortzeko. Sakandar guztiak gonbidatuta daude".
Guztia behar bezala ateratzeko, 50 boluntario inguru egongo dira lanean. "Uharteko herriari bihotzez eskertzen diogu, ematen duen laguntzagatik". Baita babesleei ere.