Uharte Arakilgo Udalak herriko landa bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza onartu zuen, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean agorrilaren 21ean argitaratu ondoren, indarrean da. Udalak gaztigatu duenez, “pistak eta bideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, beharrezkoa da horien erabilera arautzea, Uharte Arakilgo natura ondarearen balioak babesteko; era guztietako erabiltzaileek, batez ere herritarrek, modu harmoniatsuan erabil ditzaten ahalbidetzeko, eta egoera onean mantentzeko”.
Araudi berriak jaso duenez, “Uharte Arakilgo landa bide publikoen sarea ubertear guztien ondarearen zati bat da. Elementu garrantzitsua da udalerriko mendiak eta zelaiak kontserbatzeko eta haien aberastasuna eskuratzeko. Ezinbestekoa da bizilagunen arteko komunikaziorako eta bisitariei eta oinezkoei bidea errazteko. Bere kontserbazio egoera onak guztion ongizatea dakar”.
Ordenantzak 17 artikulu ditu eta haien bidez arautzen da bideen erabilera zuzena. Udalak landa bidetzat 2 metro edo gehiagoko zabalera duten bideak hartu ditu. Ordenantzan haien kontserbazioa, ibilgailu motordunekin zirkulatzeko debeku orokorra, pistak eta bideak erabiltzeko araubide orokorra eta bide horietan ibiltzen diren ibilgailuen pisu mugak zehazten dira, besteak beste. Araudiak udalaren bide eta pistetara askatasunez sartzeko baimena zeinek eska dezakeen eta hura eskatzeko prozedura zehaztu ditu, gaineratuz baimenek bost urteko balioa izanen dutela eta beti agerian izan behar dela. Eskabide orria Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Bestalde, zur aprobetxamendu pribatuak pista edo bide publikoetatik garraiatzeko neurriak zehaztu ditu, baita zerbitzuei dagokienez. Gainera, Uharte Arakilgo Udalak 25 kilometro orduko abiadura muga jarri ditu bide eta pistetarako. Erabiltzaileen erantzukizunak zehaztearekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean pisten inbentarioa eta haien kokapenen berri ematen duten argazkiak argitaratu zituen. Azkenik, ordenantzak arau hausteak, isunak, isunen prozedura eta bideren batean kaltea eraginez gero hura konpontzeko eman beharreko pausoak zehaztu ditu.