“Obra horretan bakarrik punta-puntako autoreek lan egin zuten”

Guaixe 2023ko ira. 27a, 13:00

Mikel Garziandia Goñi ezkerrean, liburuko gainontzeko egile eta kontseilariarekin. NAFARROAKO GOBERNUA

Nafarroako Gobernuak Aralarko santutegiko erretaulari buruzko liburua argitaratu du. Hainbat egilek parte hartu dute idazketan, tartean Mikel Garziandia Goñi etxarriarrak, Aralarko santutegiko kaperaua.

Dagoeneko liburu dendetan edo Nafarroako Gobernuaren argitalpen funtseko Iruñeko liburu dendan salgai dago El frontal de San Miguel de Excelsis y sus esmaltes de Limoges liburua (32 euro). Santutegian bertan ere ale batzuk salgai jarri nahi lukete. Nafarroako Erdi Aroko artearen esplorazioan mugarri esanguratsua den lana. Liburuaren egile nagusia Lourdes de Sanjose da, baina kolaboratzaileen artean Mikel Garziandia Goñi dago.

Erretaulak liburua behar zuen?
Beno, liburu bat, eta gainera nolakoa! Ia-ia 500 orri ditu. Liburu ederra benetan, egitura, itxura eta irudiengatik. Baina liburu hau ez bukatzen den lan bat, baizik eta abiapuntu bat hainbat arlotan: historian, artean, teologian. Zientzia proposamena da, ondoren aurreraxeago joateko. Ez genekizkien gauza asko orain badakizkigu, baina galderak beti gelditzen dira. 

500 orrirekin motz gelditu zarete?
10 urtetako lanak eta hainbat zientzia arlotako teknikariek egiten duten iker ekarpena. Beste askok irakurtzean emanen du. Liburua ez dago soilik gure lurralderako pentsatuta. Asteartean aurkeztu genuen eta egun berean Parisetik eta Limogestik benetan zoriondu gintuzten; ikusi baitute liburuak, esmalteen arloan, nazioarteko eragina izanen duela. Lekuko edertasuna du, baina zientzia aldetik asko zabaltzen da. 

Beraz, liburuak fruitu berriak ekarriko ditu?
Bai. Nik nire ekarpenari hurbilketa deitu diot. Zientziaren metodoa hori da: beti hurbiltzea. Nire kasuan bagenituen susmo batzuk. Apezpikua zen Artaxoako Petri, Pedro de Paris deitzen ziotena.  Hari buruz datu erabat berriak sortu dira, ezezagunak zirenak. Beraz, Nafarroako historian hainbat arlo ireki ditugu, eta Iruñeko Erresumaren hainbat zantzu, pixka bat ilun zeudenak, pixka bat argitu ditugu. Lan nahiko aberatsa da. 

Ez genekizkien gauza asko orain badakizkigu, baina galderak beti gelditzen dira. 

Nolaz sortu zen liburu horren ideia? 
Mikel Larranbebere Zabalak aspaldi esan zidan hor lan itzel bat egiteko dugula. Zailena da nor animatzen den 10-12 urtez besterik gabe horretan egotera. Ni santutegira iritsi berritan, Lourdes de Sanjose Llongueras, orain lana eder hau egin duena, etorri zitzaidan. Berak aurretik Silosko frontalari buruzko liburu ederra egina zuen. Eta esan zidan bere ametsa zela Aralarko erretaulako esmalteen ikerketa berak egitea. Curriculuma erakutsi zidan. Berak egin ditu Kataluniako orfebreria edo urregintza bilduma orokorra. Siloskoa ikertzean, halako lan itzel bati aurre egiteko trebatuta zegoen. 

Hamar urte esan duzu. 
Bai. Horretan hainbat jende inplikatu dugu. Esaterako, Miguel Angel Sagaseta Ariztegi, Urdiaingo, Dorraoko eta Lizarragabengoko apaiza. Bera izan dugu xagu bat bezala Nafarroako artxiboetan: Erresumarenean, elizbarrutikoan, katedralean... XVI-XVIII mendeen artekoa ikertu nahi genuen; Aralarko esmalteei buruz ea zerbait zegoen. Eta lortu ditu bi datu esanguratsu. Halako ikerketak ordu asko eskatzen ditu, bestela ezin da halako lan bat serioski egin. 

Liburuak, esmalteen arloan, nazioarteko eragina izanen du

Hainbat ertzetatik begiratu diozue esmalteei. 
Eloisa Ramirez Vaquero Erdi Aroan aditua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna da. Berak Nafarroak XII. mendean Plantagenet familiarekin, Siziliarekin eta Normandiarekin  zer hartu-eman izan zituen landu du. Garai hartan erresuma borrokan zegoen Nafarroako erregeak errege titulua izateko erabateko eskubidea izateko. Harremanak daude Rikardo Lehoibihotzekin, printze asko Nafarroako printzesekin ezkondu ziren... Susmoa zen bazegoela jendea punta-puntako diplomazialariak eta politikariak zeudela. Batez ere Antso VI. Jakituna eta Artaxoako Petri apezpikua ikertu ditu. Ramirezek Europa mailakoak egin ditu eta ni gehiago zentratu naiz Nafarroako Erresumako historian eta elizbarrutiko historian. Nire artikulua euskaraz dagoenez, gaztelaniazko separata txiki bat atera dugu. Arte arloko lan gehiena De Sanjosek egin du. Vianako Printzea erakundeko teknikariak, Alicia Ancho Villanuevak eta Berta Balduz Azkaratek, lapurretaz geroztik (1979) erretaulan egin diren lanak erakutsi dituzte. Lapurretaren ondoren pieza gehienak berreskuratu ziren, baina ziurtatu nahi genuen pieza guztiak jatorrizkoak ziren edo ez. Bartzelonako kimika katedradunek ikaragarrizko lana egin dute. Pieza bakoitza X izpiekin sekuentziatu dute. Kimikoki ere aztertu dituzte eta Limogeseko esmalteak diren edo ez jakiteko parametroak ezarri dituzte. Beraz, ikerketa horrek laguntzen du munduko Limogesko beste esmalteak, zehaztuta baitago urrearen eta esmaltearen kimika konposizioa. 

Lan konplexua izan da. Etxarriarra naiz eta hau abesbatza baten lana da. Koruetan ahots desberdinak daude eta hemen guztiok lortu dugu nahiko doinu polita ateratzea. 

Zeinek eskatu zuen erretaula? 
Petri Rodakoak, Tolosako (Okzitania) gotzainak, Santiago de Compostelako katedrala egin zutenak Iruñeko katedrala egitera ekarri zituen. Iruñean, katedralean, maila ikaragarriko tailerra dago XII. mendean. San Migelgo kofradiak garai hartan 40.000 kofrade zituen, Nafarroako Erresumako denak dira kofradeak. Santutegia 1140an jada erabat bukatua dago. Hala ere, jendeak jarraitzen du santutegiari dohaintzak ematen: etxeak, errotak, lurrak... Santutegiak halako aberastasuna eta gurutzearen erlikiak dauzka. Erlikia horien antza, itxura, lantzeko pentsatu zuten erretaula bat egitea, alde gainekoa, Aralarko santutegiko kaperan dagoena. Eta garai hartan zeuden munduko artista punta-puntakoenak aukeratu zituzten, Limogesko eta Silosko monjeak. Iruñeko urregileak ere lanera sartu ziren. Erretaulako harri bitxiak Atlas menditik, Afrikatik ekarriak dira. Obra horretan bakarrik punta-puntako autoreek lan egin zuten. Horregatik, De Sanjosek konparatu du San Petersburgoko Hermitage museoan daudenekin, New Yorken eta Londonen daudenekin. Gure esmalteak dira, ez bakarrik multzo handiena, osoena, baizik eta kalitate gorenena duena. Horrek adierazten du Nafarroa XII. mendean zela Europako gune aberats eta potenteenetarikoa. Horrek dakar baita ere elizaren eta kulturaren aldetik, teologiaren aldetik, pastoraltzaren aldetik punta-puntako jendea. Horrek Artaxoako Petrirengana eraman gaitu. 

Berak sustatuko zuen erretaula. Santutegirako propio? 
Uharte Arakil edo Iruñea? Gatazka horrek hainbat mende ditu. Badakigu Nafarroako Erresumako gerra zibilean, frantziarrek Nabarreria auzoa suntsitu zutenean, katedral osoa hondatu zuten. Libratu zen bakar-bakarra Ama Birjinaren irudia izan zen (Santa Maria la Real). Gainerakoa, klaustroko esmalteak, Teobaldo erregearenak eta denak lapurtu egin zituzten. Santutegiko arkeologia indusketan Fran Valle de Tarazaga Montero arkeologoak hilobi multzo bat opatu zuen: 1274an akabatu zituzten zazpi pertsonena. Gure hipotesia da pertsona horiek hil zituztela esmalteak eta gurutzearen erlikia defendatu zituztelako. Bestela, erretaula Iruñean egon balitz 1274an, Teobaldoren hilobikoekin gertatu bezala, desagertuko zen. Hori da gure ustea, nahiko sendoa nire iritziz. Baina, esan bezala, liburu honek, eztabaida, ikerketa urrunago eramatea. 

Iruñeko Erresumaren hainbat zantzu, pixka bat ilun zeudenak, pixka bat argitu ditugu

Zein funtzio betetzen zuen erretaula batek? 
Jendea XII. mendean santutegira joaten zenean, barruko kapera horretan sartzen zen, eta eguzkiak edo argizariek argitutako frontal horrek dirdira egiten zuen. Orain gardenak diren harri kristalak garai hartan atzean margoa, polikromia, zuten. Orduan zen: Jerusalem, zerua bezala, erabat urrezkoa eta kolorezkoa, guregana etortzen. Hori Bibliako ikuskaria da. Jendeak bolizko kutxatxoan zeuden erlikiei, gurutzearen erlikiari musu emanen zion, ez orain bezala San Migelen gurutzeari, eta, nolabait, bera parean ikusten zuena, nolabait, zerua zen; Jerusalem, abiatzen garen hiri saindua. Pastoraltza helburua zuen. Herriari irudi bidezko katekesia ematen zioten, ez hitz edo ideia bidezkoa, baizik eta ikusten zen katekesi bat. 

Egituragatik, esan daiteke komikiaren historiaren hasiera dela, ezta? 
Bai. Eliza betidanik saiatu da, Katakonbetan Erroman, II. mendean... Kristauen arabera Jesu Kristo ez da soilik jainkoa, ama batengandik jaiotako gizasemea ere bada. Beraz, gorpua sakratua da. Judutarren pentsaeraren kontra, gorputza margotu daiteke, irudiak egin daitezke. Gorpua Jaungoikoaren seinale baten modukoa baita. Horrek bermatzen du kristau artea posible egitea. Artaxoako Petriren garaian kataroek esaten zuten artea deabruarena zela, idolo bat zela. Eliza katolikoak esaten zuen artea zela tresna bat fedea nolabait garatzeko, nolabait mundu honetan ikusteko abiatzen ari garen Jerusalem. Petriren teologian, bere liburuetan... Bagenekien zeudela, baina Petriren hiru liburu aurkitu ditugu Salamancan. Ederra izan da. Itzultzen ari dira, edizio kritikoa egiten. Agi denez, ikerketa honek atal asko ditu. 

Kimikoki ere aztertu dituzte eta Limogeseko esmalteak diren edo ez jakiteko parametroak ezarri dituzte

Besteren bat?
Sizilian tesi bat egiten ari dira: erresuma gisa Siziliak eta Nafarroak dituzten loturak ikertzen ari dira. Artaxoako Petrik izugarrizko adiskideak zituen. Hango elizgizon nagusia Palermoko Laborante zen. Nafarroako printzeen eta Ingalaterrakoen eta Champagnekoen arteko ezkontzak lotzen zituzten Petrik eta Laborantek. Lehen landare txikia zena adar gehiago ateratzen ari zaizkion zuhaitz bat da. Orain horiei aurre egin beharra dago. 

Beraz, liburuak berak erretaularen balioa bera handitzen du. 
Asko, bai. Nik esaten nuen: hau 10.000 mila piezako puzle bat da; hasieran 1.000 pieza kokatuta genituen, beste 3.000 lurretik. Hainbat eta hainbat kokatzen ari garela uste dut. Baina gero lana dago. Baditugu laguntzaileak. Esate baterako, Xabier Irujo Amezaga Renoko Unibertsitateko (Nevada, AEB) Euskal Kulturaren katedran dago. Renoko eta Nafarroako bi unibertsitateekin bi urtetik behin sinposioak. Hurrengoa litzateke honi segida ematea. Asmoa da hitzarmen bat egitea eta bi urtetik behin Aralarko gai hau eta beste batzuk garatzen joatea. 

Hala ere, ez da liburua bakarrik, ezta? 
Vianako Printzea erakundekoek joan zen urtean esan ziguten liburua arteari eta ondareari buruzko jardunaldi batzuen barruan aurkeztuko zela. Liburua aurkeztearekin batera, Nafarroako Errege Artxibo eta Artxibo Orokorraren egoitzan Urrea, hondarra eta sua: Nafarroako esmalteak erakusketa mustu dute (lastailaren 22ra arte). Nafarroan dauden esmalte politak ikusgai daude, batzuk ere Limogeskoak. Oso erakusketa polita da, txikia, baina dauden piezak zoragarriak dira. Aparte, artxiboan, jardunaldi tekniko bat programatu dute irailaren 29an. Erdi Aroko esmalteetan nazioarteko adituek, De Sanjosek eta bestek, beraien ekarpenak eginen dituzte. Eta nik seminarioko ikasturte hasieran nik hitzalditxo bat eginen dut: Pariseko Petri, XII. mendeko iratzarpena. Bukatzeko, De Sanjoseren eskutik santutegira bisita gidatua eginen da irailaren 30eko 12:00etan.

Egitasmoak

Aralarko santutegirako makina bat egitasmo daude. Lakuntzetxe edo Deierri etxea zaharberritu ondoren, santutegirako sarreraren ezkerrean kisusgileak lanean aritu dira. Garziandiak jakinarazi duenez, "komunak eginak daude. Denda martxan dago. Beti atzerapenak daude, hainbat gremio koordinatzea zaila delako". Bi horiek eta harrera aurten irekitzeko helburua zuten. "Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak eman zigun 100.000 euroekin, dagoeneko konkurtsoak, arkitektura eta ingeniaritza lanak egin ditugu, dagoeneko martxan jartzeko. Ametsa? 2024an ostatua egitea eta 2025ean martxan egote, bai gazteen aterpea eta baita ostatua ere", ahots gora amets egin du Garziandiak.  

Bestalde, Europako Batasuneko atean jo zuten, San Migeleko Toki eta Bideen Europako Sarea Europako Kultura Ibilbide bezala aitortzeko eskatuz. "Eskaera apirilean aurkeztu genuen eta garagartzaroan ezetza eman ziguten. Zortzi proiektu aurkeztu ziren eta bakarrari eman zioten", azaldu du kaperauak. Aurreratu duenez, urte pare bat barru eskaera berriro eginen dute. "Bitartean gure lana da San Migel eta bideak lantzea eta sarea sendotu nahi dugu. Eta sendotu ondoren izendapena aurkeztuko genuke, ia-ia ezinezko izateko izendapena ukatzea". Garziandia koordinazio lanaz arduratuko da. 

Bitartean, San Migeleko Toki eta Bideen Europako Sareak Mont Saint Michelen urteroko batzarra egin zuen. "Hango abadiak mila urte ospatzen zituen. Aralarko aingeruaren irudiaren kopia bat eraman genuen". Sarearen hurrengo bi batzarrak non izanen diren zehaztu zuten: 2024ko apirilean Gargano mendian (Italia) eta 2025ean Aralarko santutegian. Kaperauak gaztigatu duenez, "2025a Urte Santua izanen da. San Migelgo bideak ofizialak izan daitezen Vaticanoarekin harremanetan gaude orain. Urte horretan, Erromara joan aurretik, mundu guztiko gazteek gure santutegien arteko bidea egin dezaten". 

Garziandiak nabarmendu nahi izan du egitasmo guztien atzean "talde lan asko" dagoela; "jende asko eta asko ari da isilka lanean. Eta, jakina, guk Lakuntzetxe aurrera eraman baldin badugu da jendeak 400.000 euro baino gehiago eman dituelako limosnetan, dohaintzan eta mezenasgoaren bitartez. Orduan, hau koru proiektu bat da, herriaren proiektu bat da. Betidanik San Migel ikusten dut herriaren santutegia, eta gu horren zerbitzariak gara. Betiere, irekiak. Edozeinek zer esan nahi digun, zer ekarpen egin nahi duen. Denak dira inportanteak guretako". 

Hitzorduak

Ostiralean, irailaren 29, San Migel eguna da, egun handia santutegian. Bederatziurrena joan zen asteazkenean, hilak 20, hasi zuten eta egunero 18:00etan meza egonen da santutegian. Salbuespena igandea izan zen, 12:30ean baitago. Baina asteburuan bi omenaldi hartu zituensantutegiak. Larunbatean, hilak 23, 12:30ean, Iruñeko katedraleko musika kaperak meza kantatu zuen. Baita kontzertua eskaini ere. Aukera baliatu zuten omenaldia egiteko Iruñeko katedraleko kabildoan dauden kanonigoei, kantariei eta Aurelio Sagasetari. Igandean, berriz, mezaren ondoren Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiari, kolaboratzaileei eta boluntarioei omenaldia egin zieten.