Igandea ateri esnatu zen, lainotsu baino ateri. Uharte Arakil Beriain Kilometro Bertikala jokatu bitartean, bederen, ez zuen euririk egin. Beroa eta hezetasuna, bai ordea, korrikalariek maldan gora ederki sufritu behar izan zutena. Eta Beriain puntan, haizea eta lainoa. 190 korrikalari zeuden izena emanda, baina 166 izan ziren, azkenean, irteera hartu zutenak. Horietatik 165 sailkatu ziren.
Beriain puntaraino 5 km malkartsu zituzten aurretik, 1.023 m desnibel positiboarekin. Mikel Beunza, Walter Becerra, Maria Ordoñez eta Inma Pereiro zeuden faboritoen artean, eta kinielek ez zuten huts egin. Baina beti dago sorpresaren bat, eta kasu honetan ezusteko ederra izan zen, Izaskun Beunza olaztiarra onenen taldean sartu baitzen.
Txurregiko Mikel Beunza (44:20) eta Maria Ordoñez (52:33) izan ziren Beriain igotzen azkarrenak. Biek duela bi urte lortutako garaipena berretsi zuten, joan zen urtean Loic Robert eta Oihana Azkorbebeitia gailendu baitzitzaizkien. Baina aurten berriro aginte makila hartu zuten, eta proba, aldi berean, Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa zenez, Beunza eta Ordoñez dira Nafarroako Km Bertikalen 2023ko txapeldunak.
Aurreneko postuetan lehia itzela egon zen. Alkotzeko Mikel Beunza espezialista beteranoaren atzetik –azken lau edizioetan ez da podiumetik jaitsi eta bere bigarren garaipena lortu zuen igandean–, lasterketa malkartsuetan ere espezialista den Oier Zubeldia amezketarra bigarren sailkatu zen, 16 segundora (44:36). Walther Becerra sestaotarrak Zubeldiak baino segundo bat gehiago behar izan zuen (44:37). Podium estua, beraz. Sakandarren artean Aritz Munarriz izan zen lehena, sailkapen orokorrean bederatzigarren (47:18). Bere hamabigarren parte hartzea zuen etxarriarrak, eta sasoiari eutsita, Top 10ean sartu zen.
Korrikalariak beroaz kexatu ziren. Beriain puntan, aldiz, haizeaz eta lainoaz
Izaskun Beunzaren podiuma
Emakumezkoetan, Izaskun Beunza lehian ikustea ezustekoa izan zen, olaztiarra azken aldian asfaltoan eta pistan ibili baita buru-belarri. Joan zen urtean Olatzagutia-Urbasa herriko lasterketa lehen aldiz irabazi eta gero, badirudi irailaren 30ean jokatuko den Olatzagutia-Urbasa proba prestatzeko lehiatu zela Beriaingo Km Bertikalean. Eta nola, gainera. Maria Ordoñez txapeldunaren (52:33) eta Inma Pereiro beteranoaren (56:43) atzetik sailkatu baitzen olaztiarra, hirugarren (57:03), maila oso onean. Esker onez jaso zituen sariak.
Lehenengo uharte arakildarrak Jose Luis Beraza beteranoa, sailkapen absolutuan 32. (53:01), eta Maite Beregaña, emakumezkoetan zazpigarren (1:00:19) izan ziren, joan zen urtean bezala. Ez batak ez besteak, ez dute sasoia galtzen. Lehen herritarra izateaz gain, lasterketako hirugarren beteranoa ere izan zen Jose Luis Beraza.
Gureak Nafarroako Txapelketan
Euripean eta haize boladek plazako toldoa astintzen zuten bitartean egin zen sari emate bikoitza, Uharte Arakil Km Bertikala bera, eta Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa.
Nafarroako Bertikalen Txapelketan Mikel Beunza eta Maria Ordoñez izan ziren txapeldun handiak, baina sakandarrak ere podiumera igo ziren. Promesen mailan Aimar Araña etxarriarra hirugarren izan zen (59:45); beteranoen mailan Jose Luis Beraza bigarren (53:01); eta beterano 2 mailan Kepa Gordo bigarren (1:00:55). Azkenik, taldekako sailkapenean, Sakana Bizirik bigarren sailkatu zen, Hiru Herriren eta Txurregiren atzetik.
Korrikalariak gustura zeuden bukaerako auzate oparoan. Beroak, hezetasunak eta goiko haizeak berez gogorra den lasterketa gehiago gogortu zuten, baina gehienak egindakoarekin koforme zeuden. Guztiek antolakuntzarendako hitz ederrak izan zituzten, boluntarioek primeran lan egin baitzuten. Plazako pantailan streaming bidez korrikalarien Beriaingo azken metroak zuzenean jarraitu ahal izan ziren. Bertan zeuden ikusle gehienak, baina ez zegoen aurreko urteetan bezalako jendetzarik, “eguraldia ez zegoelako tontakerietarako. Goian haizeak jotzen zuen, ez zegoen giro” entzuten zen auzateko hizketaldietan.
Sakandarrak Uharte Arakil Beriain Km Bertikalean
Absolutua
Gizonak
1. Mikel Beunza (Alkotz) 44:20
9. Aritz Munarriz (Etx) 47:18
11. Eukeni Goikoetxea (Alts) 48:26
15. Ekhi Congil (Etx) 50:07
32. J. Luis Beraza (Uhar) 53:01
48. Jesus Goena (Etx) 55:57
60. Oihan Gorriti (Uhar) 57:29
75. Aimar Araña (Etx) 59:45
76. Carlos Mañeru (Etx) 59:51
79. Andoni Goikoetxea (Etx) 1:00:02
86. Kepa Gordo (Arb) 1:00:55
99. Igor Maiza (Lak) 1:02:27
101. Txema Urroz (Hirib) 1:02:38
104. Fran Araña (Arb) 1:03:30
117. Asier Leitza (Arb) 1:05:48
147. Mikel Etxarri (Lizag) 1:11:58
152. Jorge Vitoria (Irañ)1:14:41
Emakumeak
29. Maria Ordoñez (Iruñea) 52:33
55.Izaskun Beunza (Olaz) 57:03
81. Maite Beregaña (Uhar) 1:00:19
122. Maria Risko (Uhar) 1:06:30
156. Itziar Retegi (Uhar) 1:16:11