Ivan Benitez kazetari eta argazkilaria Uharte Arakilgo udaletxean egon zen hilaren 11n. Nieva Ceniza argazki erakusketa mustu zuen, izen bereko liburuan oinarrituta dagoena. Benitezen 40 argazki daude ikusgai Uharte Arakilgo udaletxearen erakusketa gelan, urriaren 29ra arte, larunbat eta igandetan 10:00etatik 14:00etara. Argazki guztiek azalpen labur bat dute ondoan, irudiari testuingurua ematen diona.
Mustutze ekitaldian izan zirenek bisita gidatuaz gozatzeko aukera izan zuten. Benitezek argazki bakoitzaren atzean zer dagoen, bere lan ibilbidea bizitako pasarteak, azaldu zien udaletxeko erakusketa gelan bildu zirenei. Munduan barnako bidaia horretan Benitezek Mali, Siria, Kamerun, Ukrania, Libano, India, Etiopia, Mexiko eta beste hainbat lekutako gatazken eta errealitate gordinen berri eman zuen. Esaterako, koltana lortzeko mehatzeetan lanean ari diren haur afrikarrak, Hamaseko buruzagi baten etxean izandako elkarrizketa.... Benitezekin batera bere garaian argazkia egin zion gazte magrebtar bat ere izan zen. Hark bere bizipenak kontatu zituen. "Ahanzturaren aurkako bozgorailua izateaz aparte, jendartearen bizitzeko borondatea goraipatzeko lagin bat izan nahi du erakusketak", adierazi zuen.