Astekaria

"Patata Operazioaren alde etxez etxe elikagaiak biltzen ditugu"

Maider Betelu Ganboa 2023ko aza. 6a, 13:00

Ekimenean parte hartzen duten jubilatuak: Jose Mari Olasagarre, Antonio Huarte, Jose Gorriti, Pedro Mari Gorriti eta Felix Goikoetxea.

Azaroaren 5ean Iruñeko Algara peñak Patata Operazioa egin zuen Urdiaindik Satrustegira bitartean, Hermanitas de los Pobres komentuaren aldeko jaki bilketa egiteko. Uharte Arakilgo jubilatuek herriko bilketa egiten diete, laguntzeko.

1. Uharte Arakilgo Donibane Jubilatuen Elkartea noiz hasi zen Patata Operaziorako Uharte Arakilgo bilketa egiten?
Hamar urte baino gehiago izango dira. Gogoan dugu meza elizkizunetik atera, eta Motxale etxean zerbait hartzen ari ginela, ados jarri eta erabakia hartu genuela. 

2. Zergatik? Iruñeko Algara peñakoei lana errazteko?
Bai. Noizbait gertatu izan zaigu patata zakua etxeko atean utzi, eta zakua bertan geratzea, Patata Operaziokoak aurretik pasa zirelako edo bestelako arrazoiengatik. Edo peñakoak bazkaltzen geundela pasatzea, eta jendea ez ohartzea. Edo dena delakoa. Pena ematen zigun. Horregatik, Uharte Arakilgo bilketa jubilatuek egitea erabaki genuen. 

3. Iruñeko Algara peñakoek ongi hartuko zuten zuen ekimena.
Jakina. Erabakia hartu genuenean eurekin jarri ginen harremanetan –Fernando izeneko batek du ardura– gure ekimenaren berri emateko. Izan ere, Urdiainen gertatu izan zen behin talde bat bertatik pasa zela, Patata Operaziokoak zirela esaten; ekarpenak jaso eta aire egin zuten. Eta ez ziren Patata Operaziokoak. Hortaz, badaezpada abisua eman genuen. 

4. Nola egiten duzue elikagai bilketa?
Igande goizean elkartzen gara. 9:30ak aldera gosaldu, furgonetan igo, eta etxez-etxe Uharteko txoko guztietatik pasatzen gara, herriko megafonian Patata Operazioa egiten ari garela esaten eta uhartearrei Hermanitas de los Pobres edo Behartsuen Haurrideak komentuaren eta haien zaharren egoitzaren aldeko elikagaiak edo borondatea eskatuz. Kontua da aurten meza elizkizuna 11:00etara aurreratu dutela (joan zen urtean 12:30ean zen) eta meza baino lehenago egin behar izan genuela bilketa.

5. Non biltzen dituzue elikagaiak?
Hasieran plazan uzten genuen jasotakoa, baina, azkenean, Motxale tabernaren ondoan dagoen Antonio Huarteren bajeran uzten dugu. Baldintza batekin: peñakoek bildutakoa egunean bertan edo beranduenez hurrengo egunean jasotzea. Momentuz, egunean bertan bildu dute. 

6. Hortaz, Iruñeko Algara peñakoak datozenean, bajera zabaldu eta listo!
Hori da. 13:00ak edo 13:30ak aldera etortzen dira, euren eguneko martxaren arabera, eta Uharte Arakilen bildutakoa kargatzen dute. Kuadrilla polita etortzen da, familia osoak.

7. Zer ematen du jendeak?
Patatak, kuiak, tipulak, alubiak, porruak, sagarrak, dirua... denetatik. Joan zen urtean patata gutxiago bildu genuen, ez zegoelako asko. Aurten ere harriak Uharte Arakilgo zenbait baratzeetako patatak barratu zituen. Baina jendeak eman zuen.

8. Lehen etxe guztietan lantzen zen baratzea.
Bai, baina geroz eta gutxiago gara baratzea dugunok, lau edadetu. Entzuten da gazte batzuek baratzea jartzera animatzen ari direla, ea egia den. 

9. Uharte Arakilgo Donibane Jubilatuen Elkarteko boluntario taldeak lan gehiago egiten ditu?
Garai batean Nafarroako Elikagai Bankurako elikagaiak jasotzen genituen, baina pandemiaren kontuarekin utzi genion. Bestalde, boluntariotza taldearekin jende nagusia laguntzen genuen, mojetara ere elikagaiak eramaten genituen, Agiri despopulatuko indusketako lanetan lagundu genuen... Eduardo Gonzalo zenarekin boluntariotzan lan handia egin genuen. Gizon fina zen, borondate handikoa; elkarteko juntan egon ginen berarekin. Makina bat lan egiten genituen. Bere falta sumatzen da. 

10. Uharte Arakilgo Donibane Jubilatuen Elkarteko martxa nolakoa da?
Taberna zabalik dago; Gurutze Retegi da arduraduna. Txangoak egiten dira, Blanca Arrizabalagak urteroko poesia errezitaldia antolatzen du eta bestelako ekitaldiak ere egiten dira. Baina jendea gutxiago ateratzen da. Mus partida gutxiago jokatzen dira. Pandemiaren eragina nabarmena da. 

11. Aurtengo Patata Operazioak 60 urte bete ditu. Urte asko dira.
Bai, Iruñeko Alegria edo Algara peñak lan polita egiten du, eta uhartear eta sakandar guztiak beti ekimenarekin bat egitera animatzen ditugu. Badirudi Hermanitas de los Pobres komentuan ere ez direla garai onak bizitzen ari. Lan handia egiten dute adineko jendeari euren egoitzan aterpea ematen. Behar handia dute, eta bildutakoa oso ongi etorriko zaie.