Asteburuan Hirugarren Mailako Txapelketako zortzigarren jardunaldia jokatu zen. Aralar Mendik Zizurko Ardoi taldea hartu zuen Larrebietan, eta partida oso lehiatua eskaini zuten bi taldeek. Ardoi aurreratu zen laugarren minuturako, baina Aralar Mendik erasoan jarraitu eta Jon Iribarrenek bana berdindu zuen 12. minutuan. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen eta Aralar Mendik aurreratzea lortu zuen, Aimar Igoak sartutako golari esker. Pozak gutxi iraun zuen, minutura Ardoik bina berdindu zuelako. Bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren, baina ezin. Partida puntu banaketarekin despedituko zela zirudienean, txirrina jotzear zela Jon Iribarrenek garaipenaren gola sartu zuen eta hiru puntuak Uharte Arakilen geratu ziren, Aralar Mendikoen gozamenerako. 3 eta 2, denboraldiko bigarren garaipena lortu zuten berdeek.
Universidad de Navarra da Hirugarren Mailako liderra (21 puntu), Kirol Sport taldearekin puntutara berdinduta. Aralar Mendi hamaikagarren postuan dago (7 puntu). Hurrengo jardunaldia bi aste barru jokatuko da. Aralar Mendik abenduaren 9an, larunbata, sailkapenean hamargarren eta arerio zuzena duen Burlata futbol eskola izango du aurkari Burlatan, 16:00etan.