Zirkulazioa oztopatu gabe trenak bertan geratzeko daude eginda bazterbideak. Hala, presa handiagoa duten trenek aurrera egin dezakete. Trenbide sarearen kudeaketaz arduratzen den Adif enpresa publikoak gaur egungo hainbat bazterbide egokitzeko plangintza du mahai gainean. Horren bidez egungo bazterbideak luzatu nahi ditu, luzera estandarreko merkantzia trenak aparkatu eta baztertu ahal izateko. Horren ondorioz, trenbide sarearen elkarreragingarritasuna indartuko du, batez ere salgaien trafikorako.
Merkantziak garraiatzen dituzten tren estandarrek 750 metroko luzera dute eta, beraz, bazterbideak luzera hori izan behar dute. Nafarroan trenbide bakarra dago eta neurri horretako bazterbideak edukitzeak salgaien eta bidaiarien zirkulazioa arintzea dakar. Uharte Arakilgo tren geltokiko bazterbideak 610 bat metro ditu eta hura 750 metrora arte luzatzeko administrazio prozesua abiatu berri du Adifek. Horretarako, 1.558 m2-ko azalera desjabetuko du; lur horietako gehienak Nafarroako Gobernuarenak dira. Zaragoza eta Irun arteko trenbidean, Nafarroan, lan berak eginen ditu Adifek Caparroson eta Artederretan.
Proiektu horrek, eta Adifek bazterbideak luzatzeko dituen gainontzekoak bezala, merkantzien trafikoan trenaren erabilera areagotu nahi du, trenbidean dabiltzan salgaiak esportatzen diren portuetara iritsi eta bertatik irteten baitira. "750 metroko bazterbideak funtsezkoak dira itsasoko eta trenbideko garraioaren arteko sinergiak aprobetxatzeko, mugikortasun iraunkorra eta lehiakorra bulkatzeko eta CO2 emisioak murrizten laguntzeko", azaldu dute Adifetik.