Areto futbola

Aralar Mendiren bigarren garaipena

Guaixe 2023ko abe. 13a, 10:20
Uharte arakildarrek gogoz ospatu zuten denboraldiko bigarren garaipena. ARALAR MENDI

Hirugarren Mailako bederatzigarren jardunaldian garaipen garrantzitsua lortu du Uharte Arakilgo taldeak

Asteburuan Hirugarren Mailako Areto Futboleko bederatzigarren jardunaldia jokatu zen. Aralar Mendik Burlataren kontra jokatu zuen Elizgibela pabilioian. Burlata izan zen aurreratu zena, baina Aralar Mendik bikain erantzun zuen eta Jon Iribarrenek sartutako bi golei esker 1 eta 2 aurreratu zen. Hala ere, Burlatak bina berdindu zuen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian bizi-bizi jarraitu zuen partidak. 3 eta 2 aurreratu zen Burlata, baina Aralar Mendik ez zuen etsi, eta Unax Trebejok hiruna berdindu zuen. Bi taldeek berdinketa apurtu nahi izan zuten, baina partida bukaeran erabaki zen guztia, Jorge Mariñelarenak Aralar Mendiren laugarrena eta Jon Iribarrenek bosgarrena eta hat tricka sartu zituenean. 3 eta 5 irabazita, denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen Aralar Mendik, hiru puntu oso beharrezko. 

Universidad de Navarra da Hirugarren Mailako lider (24 puntu). Aralar Mendi zortzigarren da (10 puntu). Ilbeltzaren 7an Aralar Mendik sailkapenean bigarren den Kirol Sport taldea hartuko du, 16:00etan, Uharte Arakilgo pilotalekuan.