Uharte Arakilgo Aralar Mendi taldeak hirugarren mailako hamaikagarren jardunaldian Ablitas Femenino taldea izan zuen aurkari, Ablitasen. Partida oso lehiatua izan zen, hasieratik. 6. minutuan Jorge Mariñelarenak Ablitasen atea zulatu zuen, baina Ablitasek bana berdintzea eta 2 eta 1 aurreratzea lortu zuen berehala. Aralar Mendik ez zuen etsi, eta atsedenaldia baino lehen bina berdindu zuen Enaitz Arregik. Bigarren zatian lehiak bizi-bizi jarraitu zuen. Ablitasek 3 eta 1 aurreratzea lortu zuen, baina Aralar Mendik ekinean jarraitu eta Jon Iribarrenek hiruna berdintzea lortu zuen partida bukatzeko 3 minutu falta zirenean. Areto futbolean minutuek askorako ematen dute, eta partida bukaerako txilibitua jotzear zegoenean, Jon Iribarrenek laugarren gola sartu zuen, garaipenarena. 3 eta 4 irabazita, pozarren itzuli ziren uhartearrak Ablitasetik.
Hirugarren mailako liderra Gazte Berriak da (27 puntu), orain arte lider zen Universidad de Navarra bigarren duela, puntu berberekin. Ilbeltzaren 20an, larunbata, Aralar Mendik lidergoa berreskuratzeko irabazi beharrean dagoen Universidad de Navarra izango du aurkari, 19:00etan, OPUS-eko unibertsitateko kiroldegian.