Erreskatea Aralar elurtuan

Guaixe 2024ko ots. 6a, 13:00

Julian Etxeberria; Joxe Mari Ustarroz, Inozenzio Aierbe eta Felix Etxabarri. Aurrena eta atzena urdindarrak, ubertearrak besteak. UTZITAKOA

Duela 68 urte Aralar guztiz zurituta zegoen. 1958ko otsailaren 2an, Aralarko santutegiko kaperau Inozenzio Aierbe Irañeta eta Joxe Zufiaurre basozaina buru zuen talde batek bi uztegiar elurretatik erreskatatu zituen.

Elurrik gabe, euri gutxirekin eta garairako tenperatura oso suabeekin joan zen 1956ko ilbeltza. Baina 28an txirimiria hasi zen. Tenperatura ona bazegoen ere, ekaitza etortzear zela sumatzen zen. Hala gogoratzen du Joxe Mari Ustarroz Razkinek garai hura. Mendiaren bestaldean, Uztegin, Migel Otamendi abeltzainak eta Pedro Gainza (20 urte) bere morroiak azienda biltzera mendira igotzea erabaki zuten. Haiek mendira igotzearekin batera, tenperaturek behera egin zuten eta elurrak harrapatu zituen. Desaoko aterpe ondoan zuten txabolan aterpe hartu zuten. Haien ustea zen elurtea pasa eta etxera jaisteko aukera izanen zutela. Baina elurra mara-mara egiten segitu zuen, eta ez ziren ausartzen Aralar zeharkatu eta Malloak aldera jotzera. Txabolan zeudela atea maiz zabaldu behar izan zuten Otamendik eta Gainzak, bestela elurrak trabatu eta ezin zabaldurik gelditzen zen. 

Uztegin etxekoak kezkatu egin ziren elurte betean bi gizonezkoak bueltatu ez zirelako. Haien berririk ez zutenez, etxekoek Aralarko santutegira hots egin zuten. Otsailaren 2ko goiza zen. Bi uztegiarren egoeraren berri eman zuten. Haien alde zerbait egin edo Guardetxeko basozainaren bidez beraien berri jasotzeko eskatu zuten. 1956an guardetxea eta santutegia telefono linea pribatu baten bidez komunikatuta zeuden. Horregatik, Inonzenzio Aierbe Irañeta kaperauak Jose Zufiarre basozainari hots egin zion, gertatutakoaren berri emateko. Zufiaurrek uztegiarrak ezagutzen zituen, eta bazekien non zuten txabola, Desaoko aterpearen ondoan. Aierbek jakinarazi zion berak zerbitzari ziren bi eliz mutilekin bi gizonak erreskatatu zitzakeela. Halakoetara ohituta zeuden, batez ere neguan, santutegitik ateratzean edo harako bidean galdutako makina bat erreskatatuta baitzituzten ordurako. 

Erabakia
Otsailaren bigarren hartan ekaitza bere aurpegi gordinena erakusten ari zen, tenperatura asko jaitsi zen. Zufiaurre mendian jaiotakoa zen eta 50 urte zituen. Aierberi esan zion bizi guztian ez zuela halako denboralerik ezagutu. Ez zen ateratzera ausartzen. Aierbek temati jarraitzen zuen. Basozainak eskatu zion Baraibarko alkateari hots egiteko eta gizon talde bat bidal zezala eskatzeko: "han elurretan nahikoa esperientzia duen eta eskiatzen dakiten abeltzain taldea dago". Hala egin zuen Aierbek eta Baraibarko alkateak bilaketan edo erreskatean laguntzeko bost gizonezko sendo bidaliko zituela jakinarazi zion. 

Aierbek Zufiaurreri Baraibarko alkatearen erabakiaren berri ematearekin batera jakinarazi zion: "gu atera eginen gara". 44 urte zituen kaperauarekin batera espedizioa Felix Etxabarri urdindarrak (22 urte) eta Ustarrozek (16 urte) osatzen zuten. Kaperaua halako erabakitasunez ikusita, Zufiaurrek bat egin zuen. Baina gaztigatu zuen: "ez dugu egunean bertan bueltatzeko betarik izanen, Desaoko aterpean lo egin beharko dugu", jakinarazi zuen basozainak. Lanbideagatik eraikin hartako giltza zuen. Bilaketa taldeko kideak afaltzeko jatekoak, galdutakoak pizteko Veterano koñakaz betetako petaka hartu zuten, eta sua pizteko gasolina pote bat. Santutegitik abiatu ziren eta guardetxean Zufiaurre batu zen segiziora. 

Bilaketa
Ustarrozek gogoan du egun osoan mara-mara egin zuela elurra eta tenperatura zeropetik 10 eta 12 artean mantendu zen. Ondorioz elur hautsa zegoen. Elurran bidea egiteko laukotea txandakatu egiten zen. Elurretan arraila egiten zuenak ez zituen eskiak ikusten, bigarrenak erdizka ikusten zituen eta hirugarrena lasai ibil zitekeen. Ustarrozek adierazi duenez, "dena elurtuta bazegoen ere, zuhaitzen formagatik Zufiaurre orientatzeko gai zen". 

15:00ak aldera bi pertsonenak izan zitezkeen arrastoak opatu zituzten. Toki berean hiru buelta eman eta galduta sentitu ondoren Igaratza-Desao aldera buelta egitea erabaki zutela zirudien. Haiek zabaldutako arrailean aurrera azkar egin zuten eskiatzaileek eta bi km-tara txabolarantz zihoazen Zufiaurrek eta Ustarrozek bi pertsona ikusi zituzten. Basozaina gehiago hurbildu eta "eeup" batekin agurtu zituen. Atzean zihoan uztegiar zaharrenak buelta eman eta erantzun zuen: "hemen ez duzue behorrik opatuko". eta Joxek erantzun: "ez gabiltza behor bila, zuen bila baizik". Ustarrozek esan duenez, "gizon hark kolore arraroa zuen. Irudipena dut gizon hura ez zela jabetzen zein zen egoera ezta non zegoen ere". 

Denok elkartu eta bi uztegiarrei koñaka eman zieten. "Tarte on baterako arindu ederra izan zuten", gogoratu du Ustarrozek. Elurretan segitzen zuen oraindik ere. Bueltarako bidean Zufiaurrek eta Aierbek elurretan arraila zabaldu zuten. Gizon nagusiena Etxabarriren eskien gainean jarri zen eta gazteena Ustarrozenetan. Hala egin zuen seikoteak bidea guardetxeraino. Pixka bat lehenxeago iritsi zen Baraibarko boskotea, 17:00etan. Haiek ere berretsi zuten basozainaren esana: sekula ez zuen halako denboralerik ezagutu. 


Julian Etxeberria Albiztur eta Jose Mari Ustarroz eskiak lotzen. Aldamenean Oxin txakurra. Argazkia: Ardanaz.

Aierbek, Etxabarrik eta Ustarrozek santutegirako bidea hartu zuten, baina bide erdian, Moskordiko aldapan, ahituta guardetxera bueltatzea erabaki zuten, nahiz eta bidea egokia hartzen ari ziren ziurtasun handirik ez izan. Iritsi ziren. Ordu erdira iritsi ziren Baraibarkoak, haiek ere bueltan. Han afaldu eta lo egin zuten guztiek. Gela berean lo egin zuten Gainza gazteak, Etxabarri eta Ustarroz. Afarian mutu egondako Gainzak bikoteari esan zien: "Hue poza zuek ikustean!" Jabetu zen haien bila zihoazela eta salbatuta zeudela. Jakinarazi zienez, bueltatzea erabaki zuten beste aukerarik ez zegoelako, baina bazekien ez zirela iritsiko. Goizean ate parean besaperainoko elur pilak hautsi zituztela azaldu zien, eta ziurrenik erreskaterik ez balitz izan orain beste elur pila bati aurre egiteko indarrik gabe leudekeela esan zien. 

Ustarrozek eta konpainiak gerora jakinen zuten santutegiko termometroak zero petik 25 gradu hartu zituela. Ganboiko askotan gordeak zeuden patatak izoztu eta galdu egin ziren, patata tona ugari izan ziren galdu zirenak. Itsas mailatik 150 metrora pinudiak izoztu egin ziren. Halako denboralearekin, bi gizonezko haiek hilik leudeke erreskatatuak izan ez balira.

Gainza 88 urte zituela hil zen 2023ko agorrilaren 22an. Beteluko erresidentzian bizi zen eta pasadizoa gogoratzean "hotza, hotza" errepikatzen zuen. Gertaera haren lekuko bizi bakarra Ustarroz da. 

Beste bat 
Erreskatea egin eta hiru egunetara, atzera ere, elurretara atera ziren Aierbe eta bi eliz mutil, 14 eta 16 urtekoak. Olabertara joan ziren. Baso ustiapena zegoen han baina neguaren etorrerarekin lanak eten zituzten eta ustiapena zaintzen bi gizonezko gelditu ziren txabola batean. Elurragatik erabat blokeatuta zeuden eta beldur handia pasa zuten. Izan ere, egurgileen txabolak udako egonaldietarako pentsatuak zeuden, ez negurako. Gizonezkoek azaldu zietenez, sutan zegoen egurraren mutur bat gori zegoen bitartean bestearen gainean 10 cm elur ere pilatu izan zela. Izan ere, txabolako zirrikituetatik sartzen zen elurra barrura. Kafea eta koñak botila eraman zieten. "Gutxienez bakarren bat haiekin gogoratu zela jakin zuten", aipatu du Ustarrozek. 

Erlazionatuak

"Aralarren ez zegoen aspertzerik"

Alfredo Alvaro Igoa 2021 api 07 Uharte Arakil   Urdiain