Txirrindularitza

Igor Arrieta, Jaengo protagonisten artean

Guaixe 2024ko ots. 13a, 09:30

Igor Arrieta, ihesaldian, alboan Oier Lazkano duela. UAE EMIRATES / SPRING CYCLING

Uharte arakildarra (UAE Emirates) Jaengo Klasikoko ihesaldian sartu zen. Oier Lazkano (Movistar Team) izan zen klasikoko irabazlea, sekulako erakustaldia emanez

Igor Arrietak UAE Emirates taldearekin egin duen debutak primeran jarraitzen du. Orain arte lehiatutako lasterketetan maila ederra eman du uharte arakildarrak, aurrean egon baita. Atzo, Baeza eta Ubeda artean jokatutako Jaen Paraiso Interior Klasikoan (153 km) erakustaldia eman zuen Arrietak, eguneko ihesaldian sartu baitzen, beste hamalau txirrindularirekin batera, helmugako 100 kilometroren faltan. Helmugako 70 kilometroren faltan, bost txirrindularik aurrera egin zuten: Igor Arrietak, Nicolas Prodhomme (Decathlon AG2R), Oier Lazkano (Movistar Team), Jefferson Cepeda (Rural Kutxa-Seguros RGA) eta Alex Molenaar (Illes Balears Arabay). Une horretan  5 minutu ateratzen zizkioten tropelari. Tropelean, urduritasuna hasi zen. 

Antolakuntzak lasterketako ibilbidea aldatu behar izan zuen, aurreko egunetan egindako euri jasengatik. Lur eremu edo sterratoan hainbat kilometro laburtu behar izan ziren, baina hala ere lur eremuan barneratu behar izan zuten txirrindulariek, 17 kilometroko eremuan, irudi bereziak utziz. Lasterketa gogorrean, boskotea ez zen elkarren artean ongi ulertu. Azkenean, sterratoan sartuta zeudela, Oier Lazkanok, atzera begiratu gabe, sekulako erasoa jo zuen; soilik Arrietak eta Prodhommek jarraitu zioten. 4 minutu beranduago, puntu horretan bertan, Van Aerti (Team Visma) gurpila zulatu, eta minutu bat galdu zuen. 

Jaengo olibondoen artean Lazkanok eta Prodhommek aurrera egin zuten. Arrietak ezin izan zien jarraitu. 20 kilometroren faltan, 2 minutuko errenta zuen bikoteak. Helmugarako 13 minuturen faltan Lazkanok azken erasoa jo zuen eta Prodhomme atzean uztea lortu zuen. Sekulako erakustaldia emanez, Oier Lazkano gasteiztarra bakarrik iritsi zen helmugara eta euskal txirrindularitzarako lehen garaipena lortu zuen (3:43:50). “Oso neekatuta, baina pozik” zegoela nabarmendu zuen helmugan. 28 segundora Tronchon (AG2R), Tratnik (Visma) eta Wellens (UAE Emirates) eta Prodhomme (AG2R) sartu ziren. Igor Arrieta 25. iritsi zen, 5:55era, klasikoan ikuskizuna eman eta lan ederra egin ondoren. 

Soilik 45 txirrindularik lortu zuten proba bukatzea, lasterketaren gogortasunaren isla. Iker Mintegik (Euskaltel Euskadi) ezin izan zuen proba bukatu.