Areto futbola

Aralar Mendik azken segundoetan lortu zuen merezitako garaipena

Guaixe 2024ko mar. 7a, 09:00

Hirugarren Mailako hemezortzigarren jardunaldiak 3 puntu zaporetsu utzi zituen Uharte Arakilen

Areto futboleko Hirugarren mailan Aralar Mendik Anaitasuna hartu zuen Larrebieta kiroldegian. Azkeneko bi partidak gutxigatik galdu eta gero, 3 punturen faltan zegoen talde uharte arakildarra, eta garaipena lortzera atera zen. 

Unax Trevejok 4. minuturako Aralar Mendi aurreratu zuen. Anaitasunak berehala berdindu zuen, eta atzera ere Unax Trevejo izan zen markagailuan 2 eta 1ekoa jarri zuena. Atzera ere berdindu zuen Anaitasunak, bina, eta atsedenaldia baino lehen iruindarrek hirugarrena lortu zuten, 2-3 aurreratuz. Bigarren zatian partidari buelta ematera atera ziren uharte arakildarrak, baina kosta egin zen, partida bukaeran erabaki baitzen. 40. minutuan Mounir El Akkarik hirunako berdinketa lortu zuen, eta segundo batzuk beranduago Jon Iribarrenek garaipenaren gola. 4-3, Aralar Mendiren alde. 

Antsoaingo Gazte Berriak taldea da Hirugarren mailako lider (43 puntu). Aralar Mendi zazpigarren da (23 puntu). Aralar Mendik sailkapenean zortzigarren eta arerio zuzena den Ardoi izango du aurkari martxoaren 9an, larunbata, 13:15ean Zizurren jokatuko den partidan. Sailkapeneko postua dago jokoan.