Areto futbola

Aralar Mendik ezin izan zuen erremontada gauzatu

Guaixe 2024ko mar. 13a, 11:25

Hirugarren mailako areto futbol txapelketako hemeretzigarren jardunaldian kontrako markagailua iraultzear egon zen talde uharte arakildarra

Hirugarren mailako ligan Aralar Mendik Ardoiren kontra jokatu zuen Zizurren. Enaitz Arregik 4. minutuan Aralar Mendi aurreratu zuen, baina berehala berdintzea lortu zuen Ardoik. Jon Iribarrenek uharte arakildarren aldeko 1 eta 2koa izarri zuen, baina, atzera ere, Ardoik berdindu zuen. 3 minututara Ardoi izan zen aurreratu zena, baina Jon Iribarrenek hiruna berdintzea lortu zuen. Azken minutuak erotzeko modukoak izan ziren, Ardoik bi gol sartu eta 5-3 aurreratu baitzen. Aralar Mendik, ordea, ez zuen partida galdutzat eman eta azken minutura arte borrokatu zuen. Unax Trevejok 5 eta 4koa ezarri zuen, baina ez zen gehiagorako tarterik egon eta Aralar Mendik ez zuen Zizurren punturik lortu. 

Gazte Berriak Antsoain da Hirugarren mailako liderra (43 puntu), eta Aralar Mendi zortzigarren da (23 puntu)  Martxoaren 16an, larunbata, Aralar Mendik sailkapenean hamargarren den Burlata Futbol Eskola hartuko du Larrebieta kiroldegian, 12:15ean.