Igor Arrieta Lizarragarendako (2002-12-08, Uharte Arakil) denboraldi garrantzitsua da 2024koa. Aralar klubean txirrindulari gisa hezi, Lizarte afizionatuetan trebatu, eta Kern Pharma taldearekin profesional mailara salto egin ondoren, 2024 urtean beste pauso bat egin du aurrera eta UCI World Tour mailako talderik garrantzitsuenetako batean ari da, 2023ko talde onenaren saria lortu zuen UAE Emirates taldean. Beste modu batera esanda, bi Tour irabazi dituen Tadej Pogacarren taldearekin 2026ra arte sinatu du.
Noiz izan zenuen UAE Emirates taldearen interesaren berri?
Joan zen urtean. 2023 urte hasieratik hasi ziren galdezka, eta baita urtean zehar ere bai. Nire etorkizuna non ikusten nuen galdegiten hasi ziren. Eta beranduago egin zidaten proposamena.
Momenturen batean zalantzarik izan al zenuen? Edo berehala baiezkoa erantzun zenuen?
Kern Pharma taldean gustura nengoen eta aldatzea ez da erraza, baina halako talde batek deitzen badizu, ez da behar ere asko pentsatzea. Nire kasuan buelta batzuk eman nizkion, baina ez nuen erabakia hartzeko denbora asko behar izan. World Tour mailan nago, beste pauso bat eman dut aurrera, eta pozik nago.
UAE Emirates ez da edonolako taldea. 2023an UCI World Tour mailako talderik onena izan zen. Tarej Pogacarren taldea da, eta txirrindulari handiak daude: Yates, Soler, Oliveira, Hirschi, Ayuso... Baliabide handiak dituen taldea da. Hasieratik nabaritu zenuen UAE Emirates taldea beste maila batekoa zela?
Bai. Munduko txirrindulari onenak daude hemen, eta hori nabaritzen da. Eta baliabideak, jakina. Taldearekin bildu nintzen lehendabiziko eguna Arabiar Emirerri Batuetan izan zen, pentsa. Hori beste mundu bat bezalakoa izan zen. Kern Pharmarekin etxean bezala nengoen, egoitza Iruñean baitu, eta UAE-rekin lehenengo eguna halako bidaia izan zen. Gainontzeko kontzentrazioetan ere beste baliabide batzuk dituztela sumatzen duzu. Asko nabaritzen da.
Nolako harrera egin zizuten?
Oso harrera ona egin zidaten. Halako talde batean, halako txirrindulariekin, nola hartuko ninduten, ardura banuen, baina, egia esan, hasieratik ongi sentitu naiz taldean. Oso gustura nago bai taldekideekin, baita staffeko langile guztiekin.
UAE-rekin fitxatu duzunetik zer da jendeak gehien galdetzen dizuna?
Gehienbat nolakoa den halako talde batean egotea, eta zer nolako ezberdintasunak dauden. Kern Pharma taldetik munduko talderik handienetariko batera zoaz, eta jendeak jakinmin hori du. Baita ere nolakoa den halako taldekideekin egotea. Izan ere, dena aldatzen da, hizkuntza bera. Taldekideekin ingelesez hitz egiten dugu, baina staffean masajista eta mekanikari batzuk estatu espainiarrekoak dira, eta beraiekin hartu emana ezberdina da. Giro ona dugu taldean, eta hori oso ona da.
Pogacarrengatik galdetzen al dizute, ea nolakoa den?
Bai, hori ere bada egiten didaten beste galderetako bat (kar-kar). Berarekin bat egin edo kointziditu dudanean, mutil jatorra iruditu zait. 25 urte ditu, eta beste edozein mutil gazte bezalakoa da. Oso pertsona ona, nik uste.
Nolakoa izan da egokitzapena? Martxa hartzea kosta egin zaizu? Entrenamenduak, elikadura... aspektu horiek asko aldatu behar izan dituzu?
Beti aldatzen da zerbait. Entrenatzailea eta nutrizionista aldatzen dituzu, eta, hortaz, dena da pixka bat berria, baina momentuz eramangarria egiten ari zait. Entrenatzerakoan beste erritmo bat nabaritzen da; azkenean txirrindularitza maila honek beste erritmo bat eskatzen du. Hasieran hor zaude, ea mailari eusteko gai izango ote zaren pentsatzen, baina nik hori motibazio gisa hartzen dut.
"UAE Emirates beti irabaztera ateratzen da, eta mentalitate hori izan behar duzu"
Aurretik Kern Pharmarekin World Tour mailako proba batzuetan parte hartu izan duzu, baina orain guztiak dira maila horretakoak. Zein da aldaketa nabarmenena, abiadura?
Lasterketak, orain arte, joan zen urtekoekin alderatuta nahiko antzekoak izan dira, baina aldatzen dena da orain World Tour mailako talde batean zaudela, eta taldea lasterketa guztietara irabaztera ateratzen dela. Mentalitate hori izan behar duzu. Egun ona duzunean edo aukera ikusten duzunean aurrean egoteko edo lehiatzeko jarrera hori izan behar duzu, eta gainontzeko egunetan, horrenbeste lider ditugunez, ba lider horiek laguntzeko joera. Lasterketak nola ikusten eta planteatzen dituzun, hori aldatzen da.
UAE-n sekulako debuta egin duzu. Valentziako Klasikoan ihesaldian sartu zinen, Castellonen ere saiakera egin zenuen, eta Mallorcako Challengean arrastoa utzi zenuen, eguneko ihesaldian sartuta, soilik eroriko batek aurrean egotea egotzi zizulako. Valentziako Voltan eta Murtzian ere ongi aritu zinen, Jaengo Klasikoan aurrean egon zinen, eta Frantziako klasikoan ongi. Zuk ere sentipen hori al duzu?
Nik ere horrela sentitu dut. Ez da erraza halako talde batean aritzea. Ongi hasi naiz, eta honek denboraldiari ongi aurre egiteko konfiantza ematen dit. Baita nire buruarekiko konfiantza izaten laguntzen dit, gauzak ongi eginez gero hor egon naitekeela erakusteko. Debutarekin kontentu nago.
Taldean kontentu daude zure hasiera honekin?
Bai. Urte hasiera honetan konfiantza eman didate, eta nirekin pozik daudela sentitzen dut.
Denboraldiko egutegia zehaztua al duzu? Edo pausoz pauso zoaz? Sierra Nevadan egon zara kontzentratuta, zer aurreratu dezakezu?
Sierra Nevadan nago, Miguel Indurain eta Itzulia Basque Country, etxeko lasterketak prestatzen. Oso gogotsu nago. Proba horiez gain, momentuz dakidana da Asturiasko Itzulia eta Hungariako Tourra egingo ditudala.
Itzulian ez zara berria. Kern Pharmarekin aritu zinen, 2022 eta 2023 urteetan. Aurten planteamendua ezberdina izango da, zure taldea irabaztera aterako delako. Nolanahi ere, etxeko lasterketak beti dira bereziak eta aurten Itzulia bi egunez egongo da Sakanan.
Itzulia Sakanan bi egun egotea, etapa bat Altsasun bukatzea eta bestea Etxarri Aranatzen hastea, oso berezia izango da. Yates, Ayuso, Soler eta halako taldekideak izanik, beraiendako lana egitea tokatuko zait, hori izango da nire lana, eta gustura egingo dut, ilusioz.
Txirrindularitza zaleak pozik daude Itzulia Sakanatik pasako delako eta munduko txirrindulari onenak gertu ikusteko aukera bertan dugulako. Sakanan zaletasun handia dagoela kontuan hartuta, halakoek txirrindularitza sustatzen dutela uste duzu?
Baietz uste dut. Azkenean halako lasterketa bateko etapa bat Sakanan bukatzeak, eta beste bat ere bertatik abiatzeak, sakandarrak animatuko dituela uste dut. Itzulia mundu mailan lasterketarik onenetarikoa da, eta Sakanatik pasatzen denez, jendea animatuko da eta txirrindularitza sustatuko du.
"Itzulia Sakanan bi egun egotea oso berezia izango da. Ilusio handiz hartzen da"
Itzulia berezia izango da aurten, lehen edizioko mendeurrena ospatzen delako. Horregatik, antolatzaileek Euskal Herriko probintzietatik pasatzeko apustua egin dute. Bitxia izango da, ezta?
Bai. Gu leku guztietatik ibiltzen gara, baina etxeko errepideetatik pasatzea, beti izaten da polita. Ilusio handiz hartzen da. Jende ezaguna egongo da animatzen, eta ederra izango da.
Tadej Pogacarrek 2020ko eta 2021eko Tourrak irabazi zituen. Hain zuzen ere, Tourra irabazi duen txirrindulari gazteena izan zen 2020an, 20 urte baitzituen. Azkeneko bi Tourretan bigarren izan da, Jonas Vingegaarden (Visma) atzetik. Aurten ere Tourra irabaztera aterako da?
Nik oraindik lasterketa batean ez dut berarekin bat egin, baina ziur nago bere helburua Tourra irabaztea izango dela. Azkenean, presioa beti hor dago. Gaur egun lasterketa guztietan irabaztera ateratzen da Pogacar, eta ziur ere Tourra nahiko duela.
Giroan, Tourrean edo Vueltan aritzeko aukera izango duzu? Edo aurten ez zara arituko?
Printzipioz aurten ez naiz handiren batean arituko. Joan zen urtea, erorikoarekin, urte arraro samarra izan zen, eta urte honetan helburua berriro ere lehiakorra izatea da, eta nire maila hobetzea. Taldeak dudan guztia ematea eskatu dit, errendimendua ona izatea. Eta hori nire konfiantzari ezin hobeki datorkio, halako talde batean halako egutegia eta aukera ematea.
Txirrindularitza zainetatik eta odoletik datorkizu. Jose Luis Arrieta txirrindulari ohiaren eta entrenatzailearen semea zara. Pozik dago eman duzun saltoarekin?
Uste dut pozik dagoela, bera ere erabaki honen parte delako. Nik hartzen ditut erabakiak, nire bizitza delako, baina aitak txirrindularitzan esperientzia handia du, eta gertu izanda, lagundu zidan. Mundu hau primeran ezagutzen du, eta esaten dizkidanak neure hobe beharrez esaten ditu. Halako aholkuak oso ongi datozkit. Ahal duenean lasterketak ikustera etortzen da.
Tropelean tarteka beste txirrindulari sakandarrekin egiten duzu topo. Gorka Izagirre (Cofidis), Iker Mintegi (Euskaltel Euskadi), Mulu Hailemichaela (Rural Kutxa-Seguros RGA)... nola ikusten dituzu?
Ongi. Aurten Iker Mintegik ere pausoa eman du profesionaletara, eta bere lehenengo urtea izateko oso ondo ari da urte hasierako lasterketa hauetan. Eta seguru denboraldian ere hala jarraituko duela. Entrenamenduetan tarteka bat egiten dugu sakandarrekin. Orain Sakanan talde polita dago entrenatzeko: Izagirre anaiak, Mulu, Mintegi... ondo moldatzen gara, eta entrenatzeko garaian batzuetan ongi dator konpainia izatea eta etxetik gertu zu bezalako profesionalak izatea.
Txirrindularitzaren aurpegi tristeena Josu Etxeberriari gertatu zaiona da. Auto batek harrapatu eta gero, osatzen ari da. Tamalez, txirrindularitzaren alde negatiboa da hori.
Bai, eta alde hori hor dago, ezin dugu ahaztu. Josu pasatzen ari dena ez diot inori opa nahi. Edozeini gertatu dakioke hori, auto batek harrapatu edo edozein istripu edo eroriko izatea. Gure lanaren parte da, zoritxarrez. Ea ongi errekuperatzen den.