"Martijaren aitona Lekeition mediko izan zen, eta horrek txinparta moduko bat piztu zidan"
Hasiera batean Miren Agur Meabe idazleak sorginei buruzko eleberri bat idazteko asmoa zuen, baina bere eskuetara Baginen Txalapartak Cira Crespo eta Elene Ziordiak idatzitako historiak bazterrean utzitako emakumeei buruzko liburua iritsi zen, "eta emakume horien artean Martija de Jauregi aurkitu nuen, XVI. mendean Sakana aldean emagina eta sendagilea izandakoa". Uharte Arakilen bizi zen Martija, hain zuzen. "Bereziki arreta eman zidana izan zen Martijaren aitona nire jaioterrian medikua izan zela, Lekeition, eta horrek txinparta moduko bat piztu zidan". Lagun historialariei galdetu ondoren, horrela izan zela jakin zuen: "Kontzejuak 1540. urtearen inguruan Gaspar Cartajeari, Martijaren aitonari, herriko medikua izateko kontratua egin zion". Martija txikitan Lekeition bizi izango zela "fantaseatzen" hasi zen, eta bere istorioan oinarritutako Itzulerak liburua idatzi zuen.
Apirilaren 26an, ostirala, 19:00etan, Uharte Arakilgo udaletxean, Meabek Itzulerak liburuaren aurkezpen solasaldia egingo du, Literatura Geraldiak egitasmoaren barruan. "Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkiet bertan liburua aurkezteko gonbita egin didatenei". Maiatzean Lekeition egingo du aurkezpena, "liburuaren alfa eta omega berriro ospatzea izango da". Istorioa Garraitzetan hasten da, Meaberen Lekeitioren toponimo literarioa, eta Sakanan garatzen da. Uharte Arakilgo aurkezpenean Izaskun Etxeberria idazlea izango da aurkezlea. Etxeberriak Itzulerak liburua ongi ezagutzen du, eta eleberrian oinarritutako material didaktikoa ere sortu du.
Martija de Jauregi
"Ez dago apenas bere bizitzaren inguruko daturik, baina fantaseatzen hasi nintzen"
Martija de Jauregiren aitona Lekeitioko medikua izanik, txikitan Lekeition bizi izango zela uste du Meabek: "Ez da apenas bere bizitzaren inguruko daturik, baina hortik fantaseatzen hasi nintzen". Fantasiazko istorio bat idatzi du, Martijaren inguruan "oso gutxi" jakin delako: "Uharte Arakilen bizi zela, zein izan zen bere lanbidea; belarrekin eta abarrekin lan egiten zuela, eta 1582an Nafarroatik erbesteratu zutela". Hasiera batean sorgintzat hartuta zigortu zutela uste zuen idazleak, "eta horretatik zerbait egon zen, baina epaiketaren laburpentxo batean agertzen da arazo nagusiagoa intrusismo profesionala izan zela".
Martijaren historia Aro Modernoan kokatzen da, "eta oso konplexua dela kontuan hartu behar dugu, Erdi Arotik irteten, aro berri honetan talka handia gertatu zen zientziaren eta jakintza tradizionalaren artean". Besteak beste, itsas esplorazioaren mendea, aurkikuntzena eta asmakari berriena, erlijio gerrena eta pentsamolde berriena izan zela gaineratu du. "Hori guztia nahastu zuten gizartean jakintza batzuk balidatzeko eta beste batzuk baztertzeko". Modu sotilean liburuan islatu nahi izan du, eta horrek ere aukera eman dio beste gai batzuk aurkezteko. "Gai asko agertzen dira, ez oso sakon, gazteei gogoeta eragiteko moduan".
Haizea eta denbora
Itzulerak liburuaren hasieran "nahiko nobeleskoa" dela esan du Meabek. Zortzi atal ditu, eta denen izenburuetan aipatzen da haizea edo denbora: "Hau inportantea da; liburuaren momentu batean esaten da mundua haizeek mugitzen dutela, baina badirela haize onak eta haize txarrak, ongiaren eta gaizkiaren sinboloak". Beste alde batetik, jarraitu du idazleak, denbora elementu garrantzitsua da istorioa "saltoka" kontatzen delako: "XXI. mendearen eta XVI. mendearen artean".
"Lehenengo atalean XVI. mendean Garraitzetan izeneko toki batean bizi den neska gazte bat aurkitzen dugu. Sute bat zabalduko da, eta zerbait gertatuko zaio neska horri". Hurrengo atal multzoan XXI. mendera salto egiten du istorioak, eta Kattalin medikua izan nahi duen 17 urteko neska bat da, Gontzal bere 15 urteko neba, eta Miriam anaiarreben ama agertzen dira. "Bizimodu aldaketa bat izango dute, Nafarroa barrualdetik Garraitzetara bizitzera iritsiko direlako, gurasoak banandu direlako eta amak amonaren izandako etxe zaharrean ostatu bat jarri nahi duelako". Hortik aurrera txandakatu egiten dira iragana eta oiraina. "Martijarekin bidaia geografiko, emozional eta espiritual bat biziko duen arte".
Martijari buruz informazio "hain gutxi" zegoenez, "zorionez hainbat gauza deskubritzen joan nintzen", baina kontsultarako materiala erabili behar izan ditu Meabek. "Adibidez, sendalaritza XVI. mendean belarren erabileran oinarrizen zen eta Garbiñe Larrearen liburutik errezetak eta sendagaiei buruzko informazioa atera nituen". Blogetan eta bestelako materialetan ere erditzearen inguruko ohitura eta errituak bilatu behar izan dituela esan du idazleak, eta Katakrakek argitaratutako sorginei buruzko saiakera bat ere erabili izan du. "Ez sakon, baina denetatik irakurri behar izan dut". 30 kapituluko liburua egitea aurreikusten zuen, eta 70 hartu ditu liburuak. "Historiak gehiago eskatzen zidan". Gozatu eta, aldi berean, "sufritu" duela esan du Meabek: "Zenbat eta gehiago idatzi, orduan eta maiteago nuen Martija".
Castillo Suarez lagunarekin batera Uharte Arakilen, Martijaren herrian, egoteko aukera izan zuen: "Eta Zamartze barrutik ezagutu nuen, eszenaren bat bertan kokatzen dudala, eta aldarazi zidan zenbait lerro". Uharteko alkateak ere Martija erraldoia erakutsi zion, eta muntatu gabe zegoen arren, "musu bat eman nion esanez 200 orrialde sorrarazi dizkidala zuk jakin gabe". Liburua fabulagile moduan "hazkunde prozesu" bat izan dela esan du Meabek.
Itzulerak gazte literatura da, baina Meabek azaldu bezala, "liburu honek badu nire beste liburu batzuek duten ezaugarria: adin tarte zabalerako dela". Historia sortzean gazteak gogoan izan ditu, baina helduek ere irakurtzen dute. "Gazte literaturaren baldintza da protagonista nagusiak gazteak izatea". Denboraren poderioz eta "eginaren eginaz" gazte jendeari bideratutako irakurketa sortzen ikasi du: "Atal, laburrak, jakinmin puntu batekin egitea hurrengo atalerako gogoari eutsi ahal izateko, erritmo arinean eta hizkera maila ere, aberatsa izan arren ni oso sinonimo zalea eta eremu semantiko zabalak erabiltzearen aldekoa naizen arren, halako florituretan ibili gabe".