LABek zabaltzen jarraitzeko asmoa du

Guaixe 2024ko api. 24a, 11:30

LABen Maiatzaren Leheneko manifestazioa pandemia garaian. ARTXIBOA

Mezu hori zabaldu du bere 50. urteurrenerako aukeratutako leloan eta dokumentalean. Ikus-entzunezkoa Altsasun ikusteko aukera izan zen apirilaren 19an. Mende erdiko ospakizunak Iruñean eginen ditu sindikatu abertzaleak Maiatzaren Lehenean

Sindikatuko Sakanako arduradun Gaizka Uharte Baldak esana: "Irurtzungo jendeak, Inasakoak, bere garaian asanbladak mendian edo inguruko ez dakit zein elizatan egiten zituzten". Sindikatu bertikala aukera bakarra zen garaian sortu zen LAB sindikatua, 1974an. Aurten 50 urte bete dituela eta, Eskuz esku. LAB zabaltzen dokumentala egin eta ematen ari dira. Altsasuko Iortia kultur gunean ikusgai izan zen. Urteurren ospakizuna Maiatzaren Lehenean borobilduko dute, Iruñean. 

Dokumentala ordu bateko iraupena du, "gehiago ematen du nola sindikatua zabaldu den, nondik abiatu zen baino. Ez da buru belarri dagoen delegatu edo sindikalista batek ikusteko, edonork ikusi dezakeen zerbait da eta, gainera, nahiko arin doa. Beraz, jendea animatzea ikustera gonbidatzen dugu. Ez du LABeko kidea izan behar ikusteko". Sindikatuaren sortzaileez aparte, ikus-entzunezkoan “hain sonatuak izan ez diren gauzetan protagonistak izandakoak. Testigantza pila dira". 

Uhartek esan duenez, "50 urte ez dira beti betetzen, kosta egiten da eta sindikatu bati ere. Ez da erraza sindikatua antolatzea eta are gutxiago LABek izan duen hedapena izate izatea. Gaur egun ezagutzen ditugun sindikatu konfederaletan gazteena da". Denborarekin aldatu, errealitateari egokitu eta hainbat lan esparru berritan borrokatzeak ekarri du LABen gaur egungo hedapena Uhartek azaldu duenez. 

Feminismoa 
LABek, estreinakoz, bere feminismo plana duela 30 urte jarri zuen martxan. Han jaso zenez zuzendaritza esparruak berdintasunean oinarritu behar zirela. "Hori ez zen nahikoa, baina sindikatuan kristoren eraldaketa suposatu zuela horrek. Industrian kokatutako sindikatua zen, gehienak gizonezkoak ziren, enpresa handietakoak. Duela bi kongresua sindikatu feminista baten aldeko apustua egin genuen. Gure eskola propioa dugu eta sindikatuko gizonak gure ariketak egin eta prestakuntza jasotzen dugu bai liberatuek bai delegatuek". 

Azkeneko greba feminista gogora ekarri du, eta lantzen ari den akordio soziala. Feminizatutako sektoreetara nola iritsi. Uhartek azaldu duenez, etxeko zaintzan lan egiten duten emakumezkoek "gizarte segurantzako erregimen berezi batean daude, ez dute lan hitzarmenik, langileen estatutua aplikatzen zaie eta ez dute antolatzeko ezta ordezkaritza sindikala izateko eskubiderik". Jakinarazi duenez, "Bilbon lortu dugu etxeko zaintzan dabilen jendearen lehen sail sindikala. Hori lortuta, badirudi patronalen bat hurbildu dela eta lortu dugula, behintzat, hitz egiten hastea lehenengo lan hitzarmen batez". Nabarmendu du langile horiek ez dutela patronalik, norbanakoendako lan egiten dutela eta "jende hori, normalean, ez da patronal batean antolatzen. Oso zaila da jende honek beren eskubideak eta tresnak izatea. Eta hori antolatzea oso zaila da". 

Azaldu duenez, emakumezko zaintzaileei zer lan baldintza jarri galdezka joan izan zaizkie sindikatura. "Guk ez daukagu eskaintza hori horretan lan egin ez dugulako. Orain hasi gara. Bilbokoa esperientzia polita da. Ea posible litzatekeen beste herrialdeetan ere sektore horietako pertsonak antolatzea, lan hitzarmen propioa izateko. Eta jendeari ere esateko langile horiek ere beraien lan baldintzak dituztela. Gaur egun ez dute bizitza eta lan duinik". 

Gaztigatu duenez, "sindikatua ere halako borroketan sartu da, normalean, irabazteko gutxi duzun arren. Ez da enpresa bat hamahiru delegatu dituena, eta afiliatuek ere oso gutxi kobratzen dute. Tradizionalki inor ez da sartu pertsona horiek defendatzera eta antolatzera. Horretan saiatzen ari gara Bilbon lortu da, baina ez dakit beste lekuetan gai izango garen". 

Harremanak eta erronkak
Horretaz galdetuta, Uhartek esan duenez, "orain dagoen harremana da nahiko irekia. Momentu honetan ez dago akordio bat, esaterako, Euskal Herriko sindikatu nagusien artean, batez ere prozesu politikoari begira. Baina gaur daukagun ordezkaritzak hainbat aukera sektoreetan eta enpresetan hainbat sindikaturekin batera aritzeko". Azaldu duenez, "sektore bakoitzean edozein sindikaturekin adostasuna baldin badugu puntu batzuen inguruan, haiekin lan egiten dugu. Ez dugu halako betorik. Oso adibide garbia izan da Osasunbidean UGTk eta LABek lortutako akordioa". 

Gaineratu duenez, "tamalez, ez dago akordio bat da burujabetzari edo prozesu politikoari begirada, Euskal Herriko sindikalgintza aitzindaria izateko eta langileak horretara mugitzeko". 

Erronkez galdetutako, Sakanako LABeko buruak adierazi duenez, "gure bideari segituz, burujabetza prozesuari ekarpen handiagoa egin nahiko genioke. Bestetik, langileen alternatiba sendo bat artikulatzea. Nola ekarri langile guztiak borroka batetara. Horretarako, gakoa da gaur egun antolatu edo borrokatu ezin duten sektoreak gurera ekartzea eta langilearen parte seti daitezela. Gure erronka subjektu hori sortzea eta beste batzuekin batera burujabetzaren alde eta eskubide sozialen bidean aurrera egitea". 

Borroken memoria
Uharte sindikatuan 2008an sartu zen, "eskubideak irabazteko, hauteskunde sindikal garai batean ere jende antolatzeko". Finantza arloak eragindako krisia etorri zen "eta neure burua enpleguaren defentsan ikusi nuen, Sakanan desindustrializazio prozesu handi bat izan zelako". Gogoan dituen sindikatuaren borrokaren artean hiru aipatu ditu Uhartek. Batetik, Inasako borroka izan zen garrantzitsuenetako bat. "Langile batzuk aktibitatearekin jarraitu nahi zuten, inbertitzaileak zituzten. Sistema muntatua zegoen zuk zure proiektua aurrera atera ez zenezan. Han jendeak sinetsi egin zuen eta azkeneko ondoraino borrokatu genuen. Galdu egin zen, baina borroka txukuna izan zen". 

Bestetik, Vasconavarra enpresan "langile prekario guztiekin egin genuen borroka" ere gogoan izan du. “Egia da ez genuela nahi genuen lan hitzarmena lortu, baina, behintzat, lortu genuen ordura arte oso zaila eta jazarpen bizi zegoen enpresa batean jendea antolatzea". Eta, azkenik, Huertas de Peraltankoa. "Erriberan sekulako borroka egin eta, gainera, irabaztea. Ondorioz, beste esplotazio batzuetan lan baldintzak hobetu ziren, beldur zutelako LABek hauteskundeak egin eta egoera berdina izango zuten. Albo ondorio polita izan zuen".