Igerilekuak berritzeko lanak eginen dira

Guaixe 2024ko mai. 27a, 11:28

Uharte Arakilgo igerilekua. UDALA

Denboraren poderioz sortutako eraikuntza elementuen gabeziak konponduko dira. Aldi berean, igerilekuen higiene, osasun eta segurtasun baldintzak ezartzen dituen Nafarroako legedira egokituko dute azpiegitura. 

Uharte Arakilgo Udalak igerilekuan egin beharreko lanak emateko deialdia egin du. Obrak 206.216,34 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Garagarrilaren 3ko 14:00ak arte aurkez ditzakete proposamenak enpresek. Lana eskuratzen duen enpresak lanak egiteko hiru hilabete. 

Udalak jakinarazi duenez, igerileku handia ez da moldatuko eta 310 metro karratuko azalera izaten segituko du. Baina haren ura biltzeko kanala eta hondartzak bai berrituko direla. Kanalak kalteak ditu, eta horrek sistemaren funtzionamendu egokiari eragiten dio. Bestalde, igerilekua inguratzen duen hondartzak ez du malda egokirik (%2) urak bainu eremuaren kanpoalderantz husteko, eta bainu eremua inguratzen duten babes-hesiek ez dute betetzen erortzeko arriskuaren aurrean segurtasunari buruz indarrean dagoen araudia. Gainera, igerilekurako bi sarbideetan irisgarriak diren bi dutxa jarriko dira. 

Bestetik, umeak plisti-plasta ibiltzeko bi igerileku daude gaur egun (81,77 eta 17,5 m2-koak). Biak kendu eta berri bat eginen da, 78,6 m2-ko azalera izanen duena eta legean jasotako neurriak eta ezaugarriak izanen dituena. Babes hesia eta hondartza berriak eginen dira ere. Sarbidean dutxa irisgarria izanen da.