Aralar mendiko Aiztondo eskalada gunean eskalatzen ari zen 59 urteko gizonezko batek min hartu zuen atzo arratsaldean. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, gizonezkoak sei metroko altueratik erori zen eta orkatilan hartu zuen min; ustez, txonboloa hautsita zuen. Larrialdi zerbitzuak gaztigatuta, Aiztondoraino Irurtzungo mediku taldea, Altsasuko suhiltzaileak eta suhiltzaileen Erreskate Teknikorako Taldeko kideak joan ziren. Suhiltzaileek lurretik erreskatatu zuten min hartutako gizonezkoa, eta esku ohean eraman zuten Bizi Euskarri Aurreratuko anbulantzia bateraino. Anbulantzia horrek Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuen zauritua.